urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Paperontzi bat ere ez

2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Siria-Turkia-Rojava, brexit-erako hamar egun, Eskozia, Irlanda, Bougainvilleko erreferendumerako hilabete... ez dugu gairik falta egunotan. Datozen asteetarako utziko ditut horiek guztiak, ordea. Euskal Herritik kanpo egonik atzerri deritzogun baina hain hurbil izateak eta sentitzeak etxekotzen digun Kataluniak itzalean utzi dizkigulako sekulako garrantzia duten, guri ere eragingo diguten eta askotan gure elkartasuna ere behar duten beste gai horiek.

Denborak baino ez du zehazten gertakari baten historikotasuna. Baina Bartzelonan eta Katalunian aste honetan piztu denak aro berri bat iragar lezake. Esaldia ezaguna da, eta ez zuen inongo buruzagi matxinok bota, John Fitzgerald Kennedy AEBko presidenteak baino: «Iraultza baketsua ezinezko egiten dutenek indarkeriazko iraultza ezinbesteko egingo dute».

Dozena erdi urtetan milioi bat lagunetik gora kalera atera eta paperontzi bat ere apurtu ez izanaren leloa urrunegi eraman dutela, independentisten artean bolo-bolo ibili den autokritika izan da. Oso garrantzitsua izan da, ezin uka, egitasmo independentistaren nortasun transbertsal eta baketsua nabarmentzeko, baina behin eta berriz errepikatzeak haren eragina ere indargabetu du. Espainiako Estatuak ez du bizi izan azken urte biotan 2017ko urrian izandako bertigoaren parekorik. Herritarrek hautetsontzietan eragindako porrot bakoitzaren ostean, alderdiek eta erakundeek men egin izan diote Madrildik iritsitako mehatxuei, 2018ko urtarrilean Kataluniako Parlamentuari Carles Puigdemont presidente gisa ez bozkatzeko agindu ziotenetik. Mariano Rajoy kanporatzeko plazer txikia hartu zuten independentistek, baina argi gelditu zen handik gutxira ezkerretik irabazi eta espainiar nazionalismoz gobernatzen zuen buruzagi bat zegoela Moncloan. Eta diputatu independentistek geroz eta otzanago jokatu, gogorrago jotzen zuen Madrilek. Gabriel Rufianek Podemos bera aurreratu estatu-ikuspegian, espainiar hedabideek diputatu zentzudunena dela nabarmendu arte.

Berdin zuen, Pedro Sanchezek bazekien azken hariak eten eta zubiak leherrarazi behar zituen epaia zetorrela, eta haren ostean ezinezko zitzaiola espainiar nazionalismoaren aurka gobernatzea, haren buru jarri behar zuela, eskuin tradizional zein berriari diskurtsoa bereganatu eta indargabetuta.

Katalanek erakutsi zuten itsaso independentista izan zitezkeela, baina ia itsasaldirik gabeko Mediterraneotzat zeukan Madrilek. Tsunamia behar zuen prozesuak, benetako astindua, egun bakarrean kalera irtetera mugatuko ez zen ekimena. Espainiak ez zuen kale egingo errepresioan, hori ziurra zen. Aspaldi ikasi zuten halaber ez zutela ezelango matxinadarik ekarriko edo burutuko prozesuak indargabetu dituen alderdiek eta prozesua indargabetu duten buruzagiek, ez eta etengabe elkarrekin mokoka aritzea baino ez dakarten zatiketa alderdikoiek.

Tsunamia lurrikarek eragiten dute, ez ekaitzek edo denboraleek edo urakanek. Baina lurrikara honek iragarrita zeukan data. Katalanek alderdietatik kanpo eratu zituzten ANC, lehen manifestazioak, herri-bozketak eta urriaren 1eko antolakuntza guztia, Espainiako Estatuak bere indar eta inteligentzia zerbitzu guztiekin boto-kutxa bakar bat ere ez aurkitzeko lain. Espainiako auzitegietako lurrikararen uhinak astelehenean Prateko aireportura zihoazen ziztu bizian. Hong Kongeko esperientziatik lezio ugari ikasi dituzte: milaka herritarrek, ondo antolatuta eta etengabeko ekinean, estatuaren patxada nabarmen higa dezaketela. Ez dute agian Hong Kongekoek Mendebaldetik jaso duten babes mediatiko eta politikorik izango, baina parean ere ez daukate Txina ahalguztiduna, nazioarteko agendan NATOn dagoen erdipurdiko estatu bat baino. Ez da gutxietsi behar, baina ez da garaiezina ere.

Aireportukoak oharkabean hartu zuen Madril ziur aski, baina espero zezakeenaren barne zeuden horrelako ekintzak, desobedientzia ariketak eta greba orokorra. Ez, ordea, egun eta asteetan iraungo duen matxinada. Ez zuen espero Madrilek... ezta Bartzelonak ere, horrekin klase politiko independentistaz ari bagara. Barregarria edo negargarria ere bada «horiek ez dira gureak» esaten entzutea, barrikadak jarri dituztela eta. Buruzagi politiko horiek ere aintzat hartu beharko lukete orain esaten dituztenak geroan ere gogoraraziko direla. Eurek sekula lortu ez duten bezala, Espainia dardaran jar dezakeen matxinada bat parean dutela, alegia. Eta ezer lortzekotan, are luzeago, gogorrago eta tinkoago eutsi beharko diotela. Egunen batean huts eginda, normaltasun itxurako egunak ere tartekatzen egunero ezin bada, baina mobilizazioa etengabea dela jakitun. Eta gobernurik gabe ezegonkortasun etengabean dagoen estatu amorratu baina halaber ahitua dutela aurrean, 1898tik daukan erronkarik handiena itzaltzeko edozer egiteko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.