XXI. mendeko museoei begira

Artiumek 'ARTres' erakusketa zabaldu du, eta generoaren gaia jarri du erdigunean

Elena Aitzkoa, Tumba Campestre (eskuetan) eta Monte Marina lanekin. Lurrean daude, munduaren ikusmoldea irudikatzen baitute. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2018ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Artea etenik gabeko aldaketan bizi da. Garapen horrek artea kontsumitzeko erak ere baldintzatzen ditu, eta Gasteizko Artium museoak ez du atzean gelditu nahi. Horregatik, XXI. mendeko museoen inguruko gogoeta bat bultzatu nahi du ARTres. Nolakoa izan behar den museo bat erakusketarekin. Gaurtik abuztuaren 26ra arte egongo da zabalik Hegoa aretoan.

Emakumeek eginak dira ikusgai dauden obra guztiak, bakarra izan ezik. Denera, 21 artelan daude erakusketan, eta hamazazpi dira haien egileak: Angeles Agrela, Elena Aitzkoa, Juncal Ballestin, Zigor Baraiazarra, Cabello/Carceller, June Crespo, Maria Luisa Fernandez, Miriam Isasi, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum, Concha Jerez, Liliana Porter, Mabi Revuelta, Maria Ribot, Ixone Sadaba, Monserrat Soto eta Eulalia Valldosera.

«Beti ukatu zaizkien gizarte esparruak konkistatzen ari dira emakumeak, talde gisa, eta artea ez da salbuespena», azpimarratu du Daniel Castillejo Artium museoko zuzendari eta erakusketako komisario eta ekoizleak. Nabarmendu duenez, generoaren auzia da gaurko eta biharko erronkarik handienetako bat artearen sistema osoarentzat.

Generoaren ikuspuntutik, aipagarria da Agrela margolariaren La Elegida lana (Hautatua): bi piezaz osatutako pintura bat da, eta emakumezko super heroiak ikusten dira bertan. Artistak emakumeen indarra, ahalduntzea eta presentzia aldarrikatu nahi ditu artelanarekin. Halere,bisitariak eskulturak, ikus-entzunezkoak, instalazioak, hibridoak eta argazkiak ere topatuko ditu erakusketak hartzen dituen 500 metro koadroetan.

Generoari erreparatzeaz gain, artelanek lantzen dituzten gaiak ere kontuan hartu dituzte erakusketarako. Izan ere, azaldu dute diziplina guztietan gai berberak jorratzen direla, garaiak aldatu arren. Ikusgai jarri dituzten ia artelan guztiak XXI. mendekoak dira, baina artearen historian maiz agertzen diren gaiak lantzen dira. 2000. urtetik hona egindakoak dira denak, hiru izan ezik: Fernandezen Entre el amor y el odio (Amodioaren eta maitasunaren artean, 1987), Jerezen Tiempo límite interior(Barneko denbora muga, 1989) eta Valldoseraren Habitación (Gela, 1996).

Artiumek eskuratu dituen obrarik «ikonikoenetako batzuk» dira erakusketan ikusgai daudenak, Castillejoren esanetan.

Etena eta segida

Krisialdiaren ondorioz, Arabako Foru Aldundiak eta Artiumek ezin izan dituzte obra berriak eskuratu zenbait urtez. Ondorioz, hutsune bat dago museoko bildumaren jarraitutasunean. Eta bilduma horretako lanik berrienak dira orain ikusgai daudenak, lehenago erositakoak aurretiaz erakutsita zeudelako; izan ere, ireki berri duten erakusketa Artea eta (artearen) sistema proiektu orokorraren hirugarren atala da.

Artearen historia jorratu zuten lehendabizikoan, bildumako artelan zaharrekin. Bigarren atalean —Artearen sistema izenekoa—, berriz, artelanak eskuratu eta zaintzeak dakartzan prozesu guztiak erakutsi zituzten. Orain, obrarik garaikideenak daude ikusgai.

Artelan berrienen muntaketa antolatzean, baina, arduradunak jabetu ziren XX. mendeko moldeek ez zutela balio lan horiek ikusgai jartzeko. Horregatik, artelanak erakusteko bide berriak probatzen saiatu dira.

Etorkizuneko erronkak ditu ardatz Artea eta (artearen) sistema egitasmoaren azken atalak , eta etorkizuneko museoei buruzko hausnarketa bat bideratu nahi du: «Nola onartu behar ditugu unean uneko erronkak etorkizuna eraikitzeko?», galdetu du Castillejok. Gaur, 19:00etan, mahai inguru bat egingo dute gai horren inguruan Concha Jerez, Maite Martinez de Arenaza, Ixone Sadabaren eta Charo Garaigortarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.