Berriz Urruti izateko bidean

Galdu arren, Mikel Urrutikoetxeak uste baino irudi hobea eman zuen lau eta erdiko lehen partidan. Mononukleosiaren zama gainetik kendu du, baina ez udako etenaldi luzearena.

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Galduriko partida guztiak ez dira berdinak. Porrot guztiak dira garratzak, baina denek ez dute garraztasun bera. «Argi dago ez nagoela iaz nuen sasoian, baina ondo ikusi nuen neure burua. Freskotasuna falta izan zitzaidan, baina Bengoetxeak ere asko jokatu zuen; azken txanpan dena atera zitzaion». Mikel Urrutikoetxeak (Zaratamo, Bizkaia, 1989) iragan igandean hamalau tanto baino ez zituen egin Lekunberrin, baina bere atsekabea ez zen handia izan. «Ez dut urrun ikusten nire sasoirik onena, baina orain ahalik eta partida gehien jokatzea da nire helburua, konfiantza hartu eta gaixotasuna ahaztuz joateko».

«Gaixotasuna». Irten da hitza, zaratamarraren azken sei hilabeteak baldintzatu dituen hori. Birus bat: mononukleosia. Medikuek esan zioten apiriletik izan duela gorputzean, eta buruz burukoa haren zamapean jokatu zuela. Ekainaren 23an utzi zion jokatzeari: ezinezkoa zuen jarraitzea, Urruti lehiakor hori ez zen ageri kantxan. Medikuek gelditzeko agindu zioten, erabat geldirik. «Ezin nuen izerdirik bota. Berehala nekatzen nintzen. Hamar orduko loa egin, eta nekatuta esnatu. Siesta egunero, sofa...».

Medikuen diagnosia jaso zuenean, lasaitu egin zen; nekeak arrazoia zuen, eta informazio bila hasi zen. Interneten-eta. Gaixotasun bera izandako kirolarien izen zerrenda luzea da: Roger Federer, Robin Soederling, Beñat Intxausti... Kasu ia guztietan erabat sendatu dira, baina txarrek hartzen dute oihartzuna. «Beldurra izatea normala zen, baina analisiek hobera egin ahala lasaituz joan nintzen. Birus hau ez da txantxa».

Itzulera data bi aldiz atzeratu behar izan zuen. Analisiak hobera zihoazen, baina ez espero bezain bizkor. Azkenean, irailaren 15ean itzuli zen, hiru hilabete geroago. Lehen partidan oso gaizki ikusi zuen bere burua, eta bigarrenean, pixka bat hobeto. «Ez nuen indarrik hanketan, nekea... Udaberriko sintomak ziren». Berriz ere gelditzea aztertu arren, aurrera egitea erabaki zuten, eta gaur arte. «Medikuek zalantza zuten; sasoi txarra gaixotasunaren edo etenaldiaren ondorioz zen argitzeko zegoen. Halere, aurrera egin genuen, eta erabaki zuzena izan zen».

Gihar masa galdu du

Gaitza, baina, ez da egun batetik bestera desagertzen, eta kontrolpean izan nahi du. Urrutikoetxeak berriz ere analisiak egingo ditu erabat desagertu dela ziurtatzeko. «Atzerapausoak arriskutsuak dira gaitz honetan; ez nuke nahi azken partidetan eginiko ahaleginek kalterik egiterik», ohartarazi du. Urrutikoetxea hobeto dago, baina ez nahi beste; arazoa geldirik egondako tartea izan zen. «Hiru hilabete geldirik asko da; beste erritmo batean nago. Gihar masa galdu dut. Beste lesio batzuekin gimnasioa edo korrika egin dezakezu; honekin, ezer ez, eta gorputzak nabaritzen du».

Eta horretan dabil Urrutikoetxea. Oraindik falta zaio bere sasoirik onenera iristeko, eta berak etenaldiari egozten dio. «Ahaleginei buelta ematea gehiago kostatzen zait, eta giharretako minak ditut partida edo entrenamendu bakoitzaren ondoren. Sasoi betean zaudenean giharretako minak oso arraroak izaten dira. Horiek etenaldiaren fruitu dira». Ez da betiko erritmoan entrenatzen. Saioak arinagoak dira, eta motzagoak. Aurreko partida igandean jokatu zuen, eta hurrengoa, etzi. «Tentuz ibili behar dut. Jipoi handia hartuz gero, gorputzak agian ez du lan hori behar bezala asimilatzen, eta denbora gutxi dugu».

Egutegiak ez du atsedenerako tarterik, eta Urrutikoetxeari nahi baino goizago etorri zitzaion gainera lau eta erdikoa. Berak, baina, ez du aitzakiarik nahi. «Uste dut Elezkanoren eta Retegiren aurkako ligaxka partidak irabaz ditzakedala. Zaila izango da, aurkari onak baitira eta sasoiko baitaude, baina, ezinezkoa dela usteko banu, ez nuke jokatuko».

Etzi, Elezkano izango du aurkari, Balmasedan. Zaratamoko derbia da, eta bi herritarrek elkarren aurka bakarka indarrak neurtuko dituzten lehen aldia —Urruti bost urte zaharragoa da—. Herriko plazan, klubean eta profesionaletan binaka jokatu dute elkarren aurka, baina bakarka ez. «Polita izango da biontzat, eta herriarentzat. Irabazteak mesede handia egingo lidake niri, konfiantza hartzeko. Irabaztearen hutsunea nabaritzen hasia naiz». Izan ere, itzuli zenetik, bost partida jokatu ditu, eta bostak galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.