Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kultura Garaikide bilakatuko denari so

Publizitatea

Kultura

Garaikide bilakatuko denari so

Hamahiru lan estreinatuko dituzte Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdian; bihar hasiko da
Txeloa izango da protagonista etzi Baluarten, Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren kontzertuan. Irudian, jaialdiaren aurkezpena, atzo, Iruñean.
Argazkia: IDOIA ZABALETA / ARP

2017-09-13 / Naiara Elola

«Begirada zabaldu» egin dutela adierazi du Yolanda Camposek, NAK Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdiko zuzendari artistikoak. Hirugarren jaialdia izango da bihartik heldu den irailaren 23ra bitartekoa. Programazio askotarikoa prestatu dute: lau hitzaldi, hiru tailer eta sei kontzertu izango dira denera. Jarduera horietan, ehun musikarik baino gehiagok hartuko dute parte. Musikagileek jaialdian izango duten pisua nabarmendu du Camposek. Izan ere, oraindik estreinatu gabe dauden hamahiru obra lehen aldiz erakutsiko dituzte datozen egunetan. «Etorkizunari aurrea hartu diogu, musika garaikide bilakatuko denaz gozatzeko aukera izango baitugu», azaldu du zuzendari artistikoak.

Joseba Torre, Koldo Pastor eta Jesus Etxeberriaren zazpi obra berri joko ditu Nafarroako Orkestra Sinfonikoak etzi, Iruñeko Baluarteko areto nagusian emango duen Txeloaren lurraldea. Biolontxeloarentzako muga kontzertante berriak kontzertuan. Jose Trigueros ariko da zuzendari lanetan. Camposen irudiko, nazioartean proiekzio handienetakoa duen zuzendaria da Trigueros. Gainera, musikagile berrien alde egindako «apustua» goraipatu du. Txeloak garrantzi berezia izango du kontzertu osoan. Hala, bakarlari moduan ariko da David Johnstone Nafarroako Orkestra Sinfonikoko txelo jotzailea.

Bestalde, Baluarten, jaialdia amaitzeko, irailaren 23an izango den Uracqua ikuskizuna nabarmendu du Camposek. Garaikideak Musika Garaikidearen Zentroak eta Acronika Produkzioak taldeak elkarlanean sortutako ikuskizuna da. «Uraren sinbologiaren eta mitologiaren inguruko hausnarketa da. Gizakiaren eta naturaren arteko harremanaz pentsarazi nahi du», azaldu du jaialdiko zuzendari artistikoak.

Musikaz gain, bestelako arte diziplinak batuko dira agertoki gainean. «Musika garaikidea abiapuntu hartuta, proiektu eszeniko bat eratu nahi izan dugu, baliabide multidiziplinarren bitartez», adierazi du David Bernuesek, Acronica Produkzioak taldeko kideak. Ikuskizun «urratzaile» horretan, Yolanda Campos, Patxi Damian Rodriguez, David Cantalejo eta Ignacio Fernandez Galindoren obrak estreinatuko dituzte. Lan horien guztien funtsa ura kontzeptua izango da.

Publizitatea

Sortu kontua
Naiara Elola Naiara Elola

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak