Zinema eskola bat hartuko du Tabakalerak, Filmategia eta Zinemaldia lagun

Gipuzkoako Foru Aldundiak aurki argitaratuko du zuzendaria hautatzeko deialdia. Hiru ikasarlotan trebatzeko, 40 bat ikasle hartuko ditu urtero

Denis Itxaso Kultura diputatua ?ezkerretik bigarrena?, atzo, Tabakaleran. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2017ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Proiektu «berritzaile» bat jarriko du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Tabakalera zentroan: zinema eskola bat zabalduko dutela iragarri du Denis Itxaso Kultura diputatuak. Hiru ezagutza eremutan eskainiko du prestakuntza, eta jada martxan diren beste eskola batzuen osagarri izatea nahi dute arduradunek. Herrialdean zinemaren ekosistema «aberastea» du xede, hortaz, eskolak, Itxasoren esanetan. Hain zuzen, eraikin berean egoitza duten Euskadiko Filmategia eta Donostiako Zinemaldia izango ditu aliatu nagusi. Zehazteko dituzte oraindik ikasketa plana, eskolaldiaren iraupena, ikasle eta irakasleen hautaketa sistema, eta beste, baina oinarri nagusiak atzo eman zituen jakitera Itxasok, Tabakaleran bertan eginiko agerraldian.

Hezkuntza ez-arautua eskainiko du eskolak. Zuzendaria hautatzeko deialdia aste honetan bertan edo datorren astean argitaratzeko asmoa agertu zuen Itxasok. Harekin landuko dituzte ikasketa plana eta beste. Dena den, eskolaren proiektu pedagogikoak hiru ildo edo eremu nagusi izango dituela aurreratu zuen diputatuak. Batetik, zinema sorkuntza eta zuzendaritzari lotutako prestakuntza eskainiko du. Bestetik, zinema ekitaldi eta jaialdien kudeaketa eta planifikazioari buruzko eskolak eskainiko ditu, eta programazioaren eta kritikaren arloetan sakondu. Eta, azkenik, filmak artxibatzearen, katalogatzearen eta zaharberritzearen arloko trebakuntza eskainiko du.

Alde horretatik, eskolak ez dituela zinemaren inguruan lanean ari diren Gipuzkoako beste eskola batzuen esparruak ukituko ziurtatu zuen Itxasok. Andoaingo Zine eta Bideo Eskola, eta Donostiako Larrotxene kultur etxeko ikastaroak jarri zituen adibide modura, eta eskola berriak lurraldeko eskaintza pedagogikoaren osagarri izan nahi duela gaineratu zuen. Hala, Tabakalerakoak prestakuntza «profesionalagoa eta konplexuagoa» emango dituela esan zuen, eta beste zentroetako ikasleek beren trebakuntza osatzera jo ahal izango dutela bertara. «Eskolak balio erantsia ekarriko du, ez duplizitaterik. Herri honek dituen ahalmen eta baliabideekin lotura duen prestakuntza espazio berri bat izango da. Urteotan pilatutako eskarmentuari etekina atera behar zaio», adierazi zuen. Zinemaldiaren inguruan urteotan sektorean sortutako harreman sareak, edo Tabakaleran bertan egoitza duten erakundeen arteko harremanak nabarmendu zituen ildo horretan.

Lanak, hastear

Tabakalerako eraikinaren 0 solairuan izango du egoitza eskolak. 539 metro koadroko eremua hartuko du orotara, eta hiru gelatan banatuko da. Handienak 25 ikaslerentzako lekua izango du, eta beste biek hamabosna ikasle hartzeko modukoa. Edonola, espazioak erabiltzaileen beharretara moldatzeko aukera emango du diseinuak. Bi tailer egiteko beste bi gela txikiago ere izango ditu: argazkilaritza lantzekoa bata, eta filmak proiektatzeko eta editatzeko baliabideak izango duena, bestea. TGA estudioak gauzatu du proiektua, eta jada martxan dago lanak adjudikatzeko prozesua. Orotara, 285.750 euroko kostua izango dute (BEZa zenbatu gabe); martxoan hasi nahi dituzte, eta abuztuan bukatu.

Hala ere, bere kokalekuagatik, eskolak Tabakalerako beste zerbitzu eta baliabide batzuk baliatu ahal izango dituela azaldu zuen diputatuak, hala nola zinema aretoak eta Ubik liburutegia. Zinemaldiak nahiz Filmategiak sektorearekin dituzten harreman sareak ere baliagarriak izango zaizkio eskolari, Itxasoren esanetan.

Noiz zabalduko duten esateko goiz dela adierazi zuen, baina posible dela urrian zenbait ikastaro egitea. Lehen ikasleak, berriz, datorren urtean hartuko lituzke eskolak; 40 bat izango dira, urtero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.