Jostun anonimoaren omenez

'Joskin baten maleta. Entredós 3.0' erakusketa zabaldu dute Getariako Balentziaga museoan
Rosa Solano margolariak Pilar Ayarza jostun zenaren materialekin osatutako lanak, Cristobal Balentziaga museoko erakusketan.
Rosa Solano margolariak Pilar Ayarza jostun zenaren materialekin osatutako lanak, Cristobal Balentziaga museoko erakusketan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

Juan Luis Zabala -

2014ko abenduak 13
Kasualitatez iritsi zen Fiona Capdevila ehungintzako diseinatzaile eta artistaren eskuetara Pilar Ayarza jostunaren maleta; eta, maletarekin batera, Pilar Ayarzak hil ostean utzitako joskintzako material guztia. Cristobal Balentziaga diseinatzailearen Bartzelonako tailerrean lan egin zuen Ayarzak, artean gaztetxoa zelarik hasi —30 edo 40ko hamarkadan— eta 1968an tailerra itxi zen arte. Hil zenean, 2007an, oinordekorik ez zuenez, etxean utzi zuen joskintzako material guztia. Bere lan baterako behar zuen maniki baten bila joan zen Capdevila Ayarza bizi izan zen etxearen jabearengana, baina hark Ayarzak utzitako material guztia eman zion, «mundu oso bat», Capdevilak dioenez. Rosa Solano margolariarengana jo zuen orduan Capdevilak, bien artean Ayarzaren omenezko erakusketa bat osatzeko. Elkarlan horren fruitu da Joskin baten maleta. Entredós 3.0, duela lau urte Bartzelonan lehen aldiz ikusi ahal izan erakusketa, eta gaurtik aurrera —berrituta eta emendatuta— Getariako Balentziaga museoan ikusgai dagoena (Gipuzkoa), Berroeta jauregiko bigarren solairuan, 2015eko apirilaren 12ra bitarte.

Euskal herritarra zuen aita, baina Bartzelonako Gracia auzoan jaio, hazi, bizi eta hil zen Pilar Ayarza jostuna, eta auzo berean lan egin zuen, Cristobal Balentziagaren aginduetara. Oinez, hamar minutu baino ez zeuden haren etxetik Balentziagak auzo berean zuen tailerrera. Nortasun handiko emakume oso dotorea izan zen, hura ezagutu zutenek Capdevila eta Solanori emandako lekukotasunen arabera.

Ayarzak utzitako materiala oinarritzat hartuta, askotariko lanak bildu dituzte erakusketan Capdevilak eta Solanok. Ehunekin lan egin du batik bat Capdevilak, molde askotan. Solanok, berriz, berak sortutako margolanen parte bihurtu ditu joskintzako ohiko tresna eta elementu ugari: botoiak, patroiak, zinta metrikoak, artaziak…

Horrez gain, bi artisten artean ehunezko grafiti luze bat osatu dute, pasarela baten moduan zabaltzen dena. «Ez da glamour-aren pasarela bat», ohartarazi du Capdevilak. «Langile izaeraren, ahaleginaren eta ofizioaren omenezko pasarela bat da». Oraindik zehaztu gabe dagoen egun batean, performance bat egingo dute ehunezko pasarela baten ondoan, lanegun bat irudikatuz, balio horiek erakusteko.

Ayarzak etxean lanerako zuen tailer txikia nolakoa zen ikusteko aukera ere badago erakusketan. Baita Pilar Ayarza Parisen erakusten duen argazki bat ere, Balentziagak han izan zuen tailerreko atarian, 1962ko urtarrilean. Erakusketaren Lan partekatua atalean, berriz, brodatze lanetan aritzeko aukera emango dion materiala aurkituko du bisitariak. Atal hori ez dago Berroeta jauregiko bigarren solairuan, museoaren sarreran baizik.

Jostunen berri jaso nahian

Erakusketa horrekin batera, datorren urtean abian jarriko duen kanpaina ere aurkeztu du Balentziaga museoak: Balentziagaren tailerretan lan egindako jostunen lekukotasunak, dokumentuak eta era guztietako informazioa jaso nahi dute museoaren arduradunek, ahal bada haiengandik zuzenean, eta ezin baldin bada haien ahaide edo oinordekoez bidez. «Lan horrek museoaren eta bere ingurunearen arteko loturak estutzen lagunduko du», Miren Vives Balentziaga museoko zuzendariaren ustez. «Horrez gain, gaur egungo modaren munduari buruzko gogoeta interesgarriak bideratuko ditu». Oraingoz, lehen fasean, ahalik eta informazio gehiena jasotzea da asmoa, eta, gero, jasotakoaren arabera erabakiko dute jasotako horri zer-nolako zabalkundea eman.

Donostian, Madrilen, Bartzelonan eta Parisen izan zituen tailerrak Balentziagak. Donostiakoan ez ezik, gainerako guztietan ere langileetako asko euskal herritarrak ziren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna