Luis Eduardo Aute

Bizitza eta heriotza, kantu

Frankismoko azken exekuzioen aurkako ereserkiaren egilea zen Aute, eta heriotzari baina batez ere bizitzari kantatu zion bere bizitza osoan. Memorian gelditu diren kantu ugariren egilea izan zen.

JUAN PABLO ZAMORA / EFE.
mikel lizarralde
2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Fusilatzeen aurreko egunetan idatzi nuen Al alba, urgentzia handiz. Azkarren sortu ditudan kantuetako bat izango da, baina jendeak hura kantatzea nahi nuen. Egia esan, ez nuen askorik pentsatu behar izan; minetik sortu zen». 1975eko irailaren 27an, Angel Otaegi eta Juan Paredes Txiki ETAko militanteak hil zituzten, eta Jose Luis Sanchez Bravo, Ramon Garcia Sanz eta Humberto Baena FRAPeko kideak, Bartzelonan. Egun batzuk lehenago, gerra kontseilu batek heriotzara kondenatu zituen, eta ezinegon giro horretan sortu zuen Luis Eduardo Autek (Manila, 1943) Al alba, ziur aski haren kanturik ezagunena izango zena. Kantautore eta pintore espainiarra atzo eguerdian hil zen, bere hiri Madrilgo ospitale batean. 76 urte zituen, eta lau urte zeramatzan erretiratua; 2016an bihotzeko baten ondorioz bi hilabetez koman egon zenetik, hain zuzen.

Espainian azken mende erdian sortutako kantautore ezagun eta miretsienetako bat izan da Aute, agian bere bideari segitu izan diolako beti, garaian garaiko moda eta musiketatik aparte. Frankismoaren azkeneko urteetan egin zituen lehen urratsak kantagintzan —nahiz eta aurretik gitarra jo zuen hainbat taldetan: Los Tigres, Los Sonor—, eta hasieratik erakutsi zuen maitasunari kantatu nahi ziola beste ezeren gainetik. Horregatik, protesta kantua modan jarri zenean ere, Autek izkin egin zion ildo edo mugimendu jakin batean kokatzeari, nahiz eta bere kantuetako askotan orduko ezinegon eta kezkak islatzen ziren erdi ezkutatuta. Al alba bera izan daiteke horren erakusgarri nabarmena, maitasun kantu gisa ere irakur baitaiteke: «Zentsura azkar pasatu zezan nahi nuen. Horregatik egituratu nuen maitasun kantu bat bezala, betirako agur baten eta heriotzaren alegatu gisa. Baina badira kantuan exekuzioekin oso lotuta dauden bi elementu». Zentsura igarota, Rosa Leonek grabatu zuen aurrenekoz kantua, eta 1978ra arte ez zuen diskora eraman Autek.

Oso gaztetatik izan zuen arteen zaletasuna. Manilan jaio zen, baina, 11 urte zituela, familia Madrilera aldatu zen, eta Espainiako hiriburuan eman zituen lehen pausoak hala musikan nola pinturan. Lehenengo urte haietan, hain zuzen ere, pinturak eta zinemak erakarri zuten beste ezeren gainetik, eta 18 urte zituenerako eginak zituen erakusketa bat eta zinemarako gidoi bat. Parisera egin zuen ondoren, eta bere herrian aurki ezin zezakeen kultur mundu bat ezagutu zuen han: Jacques Brel eta Georges Brassensen musika, Espainian debekatutako filmak (Lolita), idazle surrealistak (Paul Eluard, Andre Breton)... Urte haietan margolaritzara dedikatu nahi zuen, eta zenbait urtez horretaz bizi ahal izan zuen.

Kantugilea

Hamarkadaren erdialdean, ordea, eta Massiel kantariak sustatuta, kantuak idazteari ekin zion. Hala, lehen ekinaldi harekin bost kantu sortu zituen, eta haietako batek (Rosas en el mar) arrakasta handia lortu zuen, Massielek abestuta. Horrek bultzatuta, Autek Aleluya nº1 kantua grabatu zuen —Massielek ere bere bertsioa egin zuen—, eta, izandako oihartzunari esker, RCA zigiluak Auterengan indarrak jartzeko bidea ikusi zuen. Musikariak hainbat kantu solte eta lehen disko luzea (Dialogos de Rodrigo y Ximena, 1968) argitaratu zituen segidan. Baina Aute ez zegoen gustura musika industriaren munduarekin, eta, 24 canciones breves lan satirikoa (1968) kaleratu ostean, musika utzi eta poesian nahiz zineman zentratu zen.

Jose Manuel Caballero Bonald idazle eta produktoreak akuilatuta, Aute 1973an itzuli zen, Rito diskoarekin, Maitasunaren eta Heriotzaren Trilogia deitu zuenaren lehen alearekin. Pianoarekin eta hari moldaketetan lagunduta, Autek bere obsesioak (maitasuna, sexua, bizitza bera) eraman zituen musikara, eta bere bi kantu ederrenetakoak ere eman zituen lan horretan: De alguna manera eta Las cuatro y diez. Kantu ezagunak ziren ordurako, Rosa Leonek grabatuak baitzituen aurretik. Diskoko azken kantuak, Autotango del cantautor satirikoak, berriz, sarkasmoz begiratzen zion kantautorearen figurari.

Espuma (1974) eta Sarcofago (1976) diskoetan Rito-n irekitako bideetan sakondu zuen Autek, eta, gainera, batez ere Espuma-n, leku nabarmena utzi zion erotismoari bere kantuetan sar zedin, sarkasmoa, espresionismoa eta satira alde batera utzi gabe. Nolanahi ere, diskoetxekoek Sarcofago-ri irtenbide komertzial handirik ikusten ez ziotela eta —heriotza du ardatz—, Autek Babel dibertimendua grabatu eta argitaratu zuen urte berean. Lan satiriko eta ironiko horretan, Autek bere begirada zorrotza jartzen zuen gizarteko hainbat sektore eta elementutan: futbola, zezenketak, kontsumismoa...

1978a urte garrantzitsua izan zen Auterentzat. Aurrenekoz Al alba grabatzea erabaki zuen, baina, horrez gain, Teddy Bautista ekoizlearen esku utzi zuen Albanta diskoaren produkzioa. Eta horrek aldaketa ekarri zion kantariaren musikari, rock kutsua hartu baitzuten lan hartako kantuetako askok. Ez da nolanahiko datua diskoko gitarrista nagusiaren izena: Armando de Castro. Coz-en jotzen zuen orduan, eta Baron Rojo heavy metal taldea sortuko zuen gerora. Albanta-n daude, nolanahi ere, Auteren kantu ezagun eta aipagarrienetako batzuk: Al alba, Albanta bera, Tiempo al tiempo, A por el mar...

Urte haietan egin zuen lehenengo bidaia Kubara, eta uhartean beretzat inportanteak izan ziren bi musikarirekin egin zuen topo, Silvio Rodriguez eta Pablo Milanesekin, eta beste trilogia bat abiatu zuen (Maitasun eta bizitza kantuak), De par en par (1979), Alma (1980) eta Fuga (1982) diskoek osatuko zutena. Entre amigos (1983) lagunekin (Silvio Rodriguez, Joan Manuel Serrat, Pablo Milanes) grabatutako zuzeneko diskoak, berriz, musikari oso ezagun bihurtu zuen. Hor hasi zen bere garairik arrakastatsuena, eta 20 canciones de amor y un poema desesperado (1986) lanarekin gailurra ukitu zuen oihartzunari dagokionez. Disko bikoitz hartan kantu zahar ugari berriro grabatu zituen, soinu modernoagoa lortzeko asmoarekin, baina gaur egungo ikuspegitik, bere lanik koiunturalena izan liteke, diskoa ezinbestean dagoelako lotuta hamarkada hartako soinuarekin.

Handik aurrera segitu zuen diskoak grabatzen, zorte handiagoarekin edo txikiagoarekin, eta segitu zuen erreferente handi bat izaten Espainiako kantautoreen artean, nahiz eta beste batzuen oihartzuna harena baino handiagoa izan. Auteren itzalaren lekuko, XXI. mendearen hasieran hainbat musikarik omenaldia egin zioten ¡Mira que eres canalla, Aute! diskoan.

Inoiz ez zion uko egin bere ezkerreko konpromisoari, nahiz eta beti mantendu zuen bigarren lerro batean. Azken agerraldietako batean, 2016an Madrilen egindako elkartasun kontzertu batean, oholtzara igo eta jendeak eskatzen zion kantua interpretatu zuen gitarra hutsarekin: Al alba. Kantuaren jatorria zein zen azaldu zuen, eta Europara iristeko borrokatzen diren migratzaileei eskaini zien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.