Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Zabaltegi Perlak

Sormenaren sotoa

Bertolucciren Io e te. Z / BERRIA.
Beñat Eizagirre Indo.
2012ko irailaren 30a
00:00
Entzun
'Io e te'

Zuzendaria: Bernardo Bertolucci.

Herrialdea: Italia.

Iraupena: 97 minutu.

Bederatzi urteren ostean, Bernardo Bertolucci zinemagile ospetsuak lan berri bat aurkeztu du Donostian. Cannesen lehiaketatik kanpo estreinatu ostean, Zabaltegi Perlak sailean ikusi ahal izan da. Nola ez, iritzi kontrajarriak eragin ditu ikusleen artean; askori film ederra eta zoragarria iruditu zaio, baina, beste askoren aburuz, aspergarria eta hutsala dela esatea egokiagoa litzateke. Adostasunik eza nagusitzen da betiko lez; beraz, bakoitzak erabaki dezala. David Truebaren Madrid, 1987 paregabean gertatzen zen bezala, bi protagonista espazio itxi batean giltzaperatuko ditu maisu italiarrak, sormenari ateak irekiz. Gidoi on batekin edozer egin daitekeela frogatu du. Truebaren elkarrizketak sakonak eta landuak izan ohi dira, baina Io e te ez da hain intelektuala edo metafisikoa, egunerokotasuneko arazo eta kezketan jartzen baitu arreta. Elkarrizketa interesgarriak gordetzen ditu, eta aspertzeko aukerarik ere ez du ematen. Lorenzo nerabearen eta Olivia arrebaordearen arteko istorioak bete-betean harrapatzen du zinema mota honekin liluratzen den oro, eta sentsazio atsegin horrek amaierara arte irauten du. Bi gazteek 7 egun pasako dituzte sotoan ezkutatuta; Lorenzo oso argia da, baina ihesean dabil beti. Munduari bizkar emanda bizi da, eta bakardadea bilatzen du. Karisma handia duela ukaezina da. Mutil berezia da, eta sekulako antzezpena eskaintzen digu Jacopo Olmo aktoreak. Oliviari iragana pisutsuegia gertatzen zaio, eta heroina kontsumitzen du. Aitak Lorenzoren amarekin egoteko abandonatu izana ez du oraindik gainditu. Biek sotoa babesleku gisa baliatuko dute, errealitateari aurre egiteko indarrak batu bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.