Euskara. Lege aldaketa Nafarroan

HUTSEAN UTZI ARTE

Nafarroako Parlamentuak duela 28 urte onartu zuen herrialde hori hiru eremutan zatitu zuen euskararen legea; orain, bidean da D eredua eremu ez-euskalduneko ikastetxe publikoetara zabaldu ahal izateko aldaketa; testu berriak, hala ere, 1986ko legeak ezarritako zonifikazioari eutsiko dio.

Edurne Elizondo -

2014ko abenduak 28
Euskararen egoera normalizatzeko prozesuaz hitz egitea zaila da lege batek herrialde bat hiru eremutan zatitzen duenean; herritarren hizkuntza eskubideak bizi diren tokiaren araberakoak direnean; leku batzuetan bizitzeak zenbait abantaila izatea ekartzen duenean, Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek berak, joan den urrian, parlamentuan onartu zuenez.

Horiek dira euskararen legeak Nafarroan izan dituen ondorioak, 1986. urteko abenduan onartu zutenetik. Zonifikazioa izan du ezaugarri nagusi lege horrek, eta zonifikazioak, hain justu, erabat baldintzatu du euskarak Nafarroan izan duen garapena. Lege hori aldatzeko proposamena Nafarroako Parlamentuan da oraintxe. Hezkuntzaren esparruari eraginen lioke bakarrik, ordea; zalantzan jarri gabe legeak berak Nafarroan euskarari jarritako mugak.

Zonifikazioari eutsiko dio legeak; baina eremu ez-euskalduneko sare publikoan euskaraz ikasi ahal izateko aukerari atea zabalduko dio, aurrera egiten badu. Aukera hori ontzat jo dute euskalgintzako eragileek, poza erabatekoa ezin dela izan nabarmendu badute ere. 28 urte joan dira Nafarroako Parlamentuak euskararen legea onartu zuenetik, eta argi dute, nola garatu eta bete den kontuan hartuta, edozein zirrikitu baliatu behar dela. Helburu nagusia ahaztu gabe, hala ere. «Ofizialtasuna eta normalizazioa, Nafarroa osoan».

Horixe erran du IKAko arduradun Sagrario Alemanek. «Ez dugu dena utzi behar ofizialtasuna erdietsi arte; baina argi izan behar dugu nora iristeko egiten ditugun urrats txiki horiek».

Euskararen legeak ia 30 urte bete dituen honetan, hasierako iritziak eta usteak berretsi egin dituzte euskalgintzako kideek. «Lege txarra» dela erran du Alemanek, baita Euskalerria Irratiko arduradun Mikel Bujandak ere. «Iruzurtzat» jo du, berriz, Topaguneko Nafarroako koordinatzaile Oskar Zapatak. «Ez naiz lege honen defendatzaile», erantsi du Estebe Petrizanek. Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako lehenbiziko zuzendari nagusia izan zen Petrizan, 1988. urtetik 1991. urtera bitarte.

Nafarroako Parlamentuak 1986. urteko abenduaren 2an eztabaidatu zuen euskararen legea, osoko bilkuran, eta 17an argitaratu zuten Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Bozketan 29 boto lortu zituen alde —PSNrenak, Alderdi Moderatuarenak, Koalizio Popularrarenak eta talde mistoarenak—; hiru kontra (EA); eta 11 abstentzio (UPN).

Zonifikazioa bilakatu zen eztabaidagai nagusietako bat euskararen legea onartzeko prozesuan. Euskara Nafarroa osoan ofiziala izateko ebazpena onartu zuen Nafarroako Parlamentuak 1980. urtean, Foru Hobekuntza izanen zenaren oinarriak sinatu zituenean. Ebazpen horrek aldeko 33 boto jaso zituen, garai hartako alderdi sozialistarenak barne. Parlamentuak ordezkaritza izendatu zuen proposamen hori Madrilen defendatzeko; handik bueltan, ordea, euskara «eremu euskaldunean» baino ez zen ofiziala. Halaxe jaso zuen 1982. urteko Nafarroako Foru Hobekuntzak.

Irizpide hori hartu zuen oinarri 1986. urteko euskararen legeak. Parlamentuak 1980an onartutakotik urrundu zen testua, eta hiru eremutan banatu zuen Nafarroa. Eremu euskaldunerako bakarrik gorde zuen hizkuntzaren ofizialtasuna gobernu sozialistako Hezkuntza kontseilari Roman Felones bultzatzaile nagusi izan zuen legeak.

«Pragmatikoago izan»

«Bide iluna egin du legeak». Horixe nabarmendu du Alemanek. Gogora ekarri du onartu zuteneko garaia; legez ezarritako zonifikazioak herritar anitzengan sortu zuen amorrua. «Hasierako garai hartan ozena izan zen legearen aurkako eta ofizialtasunaren aldeko aldarria; presio horren ondorioz, gobernuak legean ezarritako hainbat gauza betetzen hasi behar izan zuen, behintzat».

Herritarrek beren hizkuntza eskubideak defendatu eta aldarrikatu dituzte. Baina, neurri batean, legea onartu egin dutela uste du IKAko arduradunak: «Irentsi egin dugula iruditzen zait. Legearen zirrikituak baliatzen saiatu gara, baina askorako ere ez du eman. Eta horrek halako ezintasuna ere sortu digu».

Euskalerria Irratiko Mikel Bujandak nabarmendu du euskalgintzak «pragmatikoago» izan behar duela. «Zonifikazioa, oinarri gisa, onartezina da. Hala ere, iruditzen zait ofizialtasunaren aldarriarekin itsutu egin garela, aurrera begiratu dugula, ezker eta eskuin zegoenari kasu egin gabe; ofizialtasunaren kontzeptu malguagoa beharko genukeela uste dut, halaber, egun hainbat herritarrengan hitz horrek sor dezakeen beldurra edo mesfidantza bazter uzteko».

Legeak ezartzen duen bidetik kanpo ere lan egiteko aukerak badirela uste du Bujandak, eta aprobetxatu egin behar direla. «Euskararen legea bera izanda ere, egoera aldatu da, garaian garaiko gobernuaren borondatearen arabera. Eremu ez-euskalduneko ikastolak, adibidez, erabat bazter izan ziren denbora luzez; CDN gobernuan sartu zenean, berriz, itunpeko ikastetxeen artean jarri zituzten».

Interpretazio murriztaileak

Garaiaren arabera egoera ezberdina izan dela onartu du Alemanek ere, baina, haren hitzetan, PSNren eta UPNren gobernuak, denak izan dira murriztaileak euskararen legea interpretatzeko orduan. Nabarmendu du, dena den, 2000. urtetik okerrera egin duela egoerak. «Euskararen alde deus ez egitea erasotzat har daiteke; 2000. urtetik aurrera, hala ere, are argiago bilakatu da jarrera erasokor hori».

Irizpide falta ere mahai gainean jarri du Alemanek. «Eremuak zehaztu zituzten, mugak non jarri erabakitzeko irizpideak zeintzuk ziren azaldu gabe; nabarmentzekoa da, halaber, legeak berak jasotzen duela testua berrikusteko aukera, garaian garaiko egoerara egokitzeko, baina ez dute inoiz egin halakorik».

Nafarroako Topaguneko koordinatzaile Oskar Zapatak hedabideen auzia jarri du gobernuaren «jarrera erasokor» horren adibide: «Euskararen legeak dio gobernuak euskara sustatu behar duela hedabideetan; baina ez du egiten; ez dute hedabide propiorik sortu, eta daudenak ere ez dituzte laguntzen».

Nafarroako euskarazko hedabideetako ordezkariek agerraldia egin zuten 2005. urtean, 1999tik diru laguntzek %16 behera egin izana salatzeko. «1999. urtean, adibidez, 211.000 euroko diru saila zegoen. Ordutik gora egin du hedabideen kopuruak, baina laguntzena, ordea, ez zen igo». 2007. urtean, adibidez, 210.000 euro izan zen euskarazko hedabideentzako onartutako diru saila. «2008an are gehiago murriztu zuten aurrekontua; 156.000 eurora jaitsi zuten. 2012. urtean, azkenik, diru saila aurrekontuetatik kendu egin zuten», erantsi du Zapatak.

Topaguneko kideak Euskarabidea sortu zeneko garaia ekarri du gogora. 2007koa da erakunde hori martxan jartzeko dekretua. «2009-2010ean hitzarmen zirriborroa ere egin genuen Euskarabidearekin; haren arabera, hedabideentzako milioi bat euroko gutxieneko laguntza zehaztu genuen». Aukera hori, ordea, hutsean gelditu zen. Zapatak argi du, hala ere, hainbat urtetarako hitzarmena dela euskarazko hedabideek behar duten konponbidea. «Euskara berreskuratzeko prozesua ona da guztiontzat, eta hedabideek rol garrantzitsua bete dezakete zeregin horretan. Hizkuntza politikaren helburua, ordea, gu desagerraraztea da Nafarroan; ekonomiaren aldetik ito egin nahi gaituzte», salatu du.

Hedabideak ez dira bakarrak. Euskaltegiek ere euro bakar bat ere ez dute jaso 2012ko urritik. Kontuan hartuta euskararen legeak mugak ezartzen dituela eta jasotakoa ere anitzetan ez dela betetzen, herritarrek beren bizkar hartu dute Nafarroan euskararen aldeko lana. Baina mugimendu horri ere oztopoak jarri dizkio administrazioak. Euskalgintzako talde guztiek bat egin dute, azken urteotan: gobernuak euskararen aurkako hizkuntza politika egiten duela salatu dute.

«Ez da dena porrota»

Hizkuntza politika horren ondorio Euskalerria Irratiaren auzia aipatu du Estebe Petrizanek. Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia izan zen; lehenbizikoa, hain justu. «Hainbat programa onartzea lortu nuen; egunero aritzen nintzen kontseilariarekin; elkarrekiko leial izan ginen; salbuespen batekin: Euskalerria Irratiaren kasua». Mingarritzat jo du hedabide horrek lizentziarik ez izatea, oraindik ere.

Bujandarekin bat egin du Petrizanek: «Ez dut euskararen legea defendatuko, baina eskaintzen zituen aukerak aprobetxatu behar zirela uste nuen; pragmatiko izan behar dugu».

Kargua proposatzeko deiak ezustean harrapatu zuela aitortu du Petrizanek. Onartu zuen, azkenean, mahai gainean jarri zituen «oinarrizko programei» baiezkoa eman zietelako. Hedabideentzako laguntzak, udaletako euskara zerbitzuak, eta osasun arloko funtzionarioak eta administrazio gune nagusiko funtzionarioak euskalduntzeko euskaltegia izan ziren, programa horien artean. «Esanen nuke berreskuratu beharko genituzkeela programa horiek; bai eta gehiago ere, noski».

Petrizanek ez du uste dena porrota izan denik. Baina nabarmendu du euskararen garapena ez dela normala izan. «1995. urtetik aurrera, oso garai txarrak izan ditugu; euskara etsaitzat hartu da». Ontzat jo du orain D eredua eremu ez-euskaldunera eramateko aukera izatea. «Legeak, hala ere, ez zuen debekatzen». Aukerak baliatu behar direla erantsi du, eta eztabaida behar dela. «Lasaitasuna behar dugu, gutxienekoak zehazteko. Euskarak etorkizuna badu; bizirik da, baina mehe: elikatu egin behar dugu, heldulekuak eman».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna