Koreako gatazka. Trump-Kim goi bilera

Zientzia fikziozko topaketa

Kimek eta Trumpek «harreman diplomatiko berriak» eraikitzeko hitzarmen bat sinatu dute. Ipar Korea «erabat desnuklearizatzea» hitzeman du Kimek; Trumpek, Hego Koreako ariketa militarrak uztea
Kim Jong-un Ipar Koreako buruzagi gorena eta Donald Trump AEBetako presidentea elkarri bostekoa ematen, atzo, Sentosan, Singapurren.
Kim Jong-un Ipar Koreako buruzagi gorena eta Donald Trump AEBetako presidentea elkarri bostekoa ematen, atzo, Sentosan, Singapurren. KEVIN LIM / EFE

Kristina Berasain Tristan -

2018ko ekainak 13
Hamabi segundoz estutu zituzten eskuak, tinko, bata besteari begira zeudela, bi herrialdeetako ikurrak tartekatuz apaindutako atariaren erdi-erdian. Sentosa uhartean zen hitzordua, Singapurren. Capella hotelean. Eszenografia zainduko ekitaldia egun historiko baterako. Film bateko eszena ere izan zitekeen. Donald Trump eta Kim Jong-un. Bigarren Mundu Gerratik arerio izan diren bi herrialdeetako agintari gorenak, elkarrekin. Irudi bakana. Zientzia fikziozkoa ia. Ipar Koreako agintariaren itzultzaileak horixe aitortu zion Trumpi: «Jendeak pentsatuko du hau zientzia fikziozko film bat dela».

Bi agintariak ia ordubetez egon ziren batzartuta, itzultzaileekin, eta ondoren bi herrialdeetako ordezkaritza zabalekin. Bazkaldu ostean, lau puntuko akordioa sinatu zuten. Azkenik, agerraldia, ekitaldirako baimena zuten bost mila kazetarien aurrean.

Trumpen hitzetan, lau orduko goiz «bizia» izan zen. Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak aurreko larunbatean esan zuen minutu bat nahikoa zuela jakiteko topaketa ondo joango ote zen; hamabi segundoko bostekoarekin aski izan zuen, antza. Trumpek iragarri zuen aurrerantzean «bilera asko» egingo dituela Kimekin, eta, Etxe Zurira gonbidatuko al duen galdetu ziotenean «bai, noski» erantzun zuen: «Harreman oso berezia lortzen ari gara».

Bi herrialdeen arteko lehen bilera zen 70 urtetan, eta, ikusminetik eta sinbolismotik harago, adierazpen bateratu bat sinatu izanak bereziago egin du goi bilera; are gehiago aintzat hartuta duela zenbait hilabete gerra mehatxuak egiten zizkiotela elkarri ari zirela orain elkarri eskua eman dioten bertsuak.

Lau puntuko hitzarmena

Berez, sinatutako dokumentuak lau puntu ditu, eta, asmoetan zehatza bada ere, zehaztapenetan lausoa da, ez baititu epeak finkatzen. Bide orri bat baino, promesen zerrenda bat da: Trumpen ustetan, «akordio zabala»; Kim Jong-unen hitzetan, «zehatza»: «Mundua aldaketa handi baten lekuko izango da».

Trump eta Kim aro berri batez mintzatu ziren. Bilera hasi aurretik, «munduarentzat oso arriskutsua den arazo batez» arduratuko zirela esan zuten, eta, amaitutakoan, «bi herrialdeen bake eta oparotasun nahiei jarraiki» harreman diplomatiko «berriak» ezartzeko konpromisoa hartu zutela.

Kim zehatzagoa izan zen gero. Ipar Korearen «erabateko desnuklearizazioa» sustatuko duela hitzeman zuen. Trumpek, horren truke, agindu zion ez diola eraso egingo 38. paraleloaren iparraldeari. Hego Korean ariketa militarrak egiteari utziko diola ere zehaztu zuen presidenteak, «gerra jokoak» bertan behera utziko dituela, argudiatuta «garestiak, probokatzaileak eta desegokiak» direla. Oraingoz, baina, ez ditu penintsulan dituen militarrak erretiratuko; Washingtonek 28.500 soldadu ditu Hego Korean.

Trumpek adierazi zuen arma nuklearrak desagerrarazteko prozesua «ahalik eta azkarren» joango dela. Kimek misilen motorrak probatzeko baliatzen dituen azpiegiturak suntsitzeko hitza ere eman diola ziurtatu zuen, baina egia da desnuklearizazio prozesua ez dela erraza izango.

Ipar Koreak 2005ean aitortu zuen arma nuklearrak zituela. Adituen arabera, baliteke hamabost eta hogei bonba nuklear artean izatea, baina, zerbitzu sekretuen arabera, 60 ere izan litezke. Piongiangek joan den irailean egin zuen azken proba nuklearra, seigarrena, orain arteko ahaltsuena; 100 eta 250 kilotoiko potentzia zuen hidrogeno bonba jaurti zuen. Ipar Koreak aurrekontuaren %25 bideratzen du gastu militarrera: urtean 8.500 milioi euro. AEBak dira, ordea, munduan buru nuklear gehien dituen bigarren herrialdea: 6.800 —Errusia da aurrenekoa: 7.000 buru ditu—.

Desnuklearizazioa noiz hasiko den ere ez dute zehaztu, eta, adituen ustean, hamar urte beharko dira gutxienez. Trumpek, baina, oraingoz ez dizkio ezarritako zigorrak kenduko, horrek herrialdea ia erabat isolatuta egotea eragiten badu ere: «Bertatik bertara egiaztatuko dugu desnuklearizazio prozesua hainbat herrialdetako ikuskari askorekin».

Berez, hitzarmen hau ez da berria. Kim Jong-unek eta Moon Jae-in Hego Koreako presidenteak iragan apirilaren 27an egindako goi bilera historikoan hitzartutako konpromisoa da desnuklearizazioa. Panmunjomgo Adierazpenak behin betiko bake akordio bat egiteko promesa jaso zuen. Penintsulan «bake iraunkorra eta egonkorra» eraikitzeko ere arituko dira elkarlanean. Ez da ahaztu behar Hego Koreak menia sinatu gabe daukala oraindik ere.

Itunak Koreako gerrari (1950-1953) ere egin dio erreferentzia. Trumpek zehaztu zuen «azken orduan» adostutako puntua zela. Bada, gerra presoen eta gudan desagertutakoen gorpuzkiak berreskuratzeko asmoa jaso dute, eta horiek aberriratzeko aukera ere izango dute AEBek.

70 urteko gatazka

Gerra Hotzaren garaira joan behar da 70 urtez luzatu den gatazka hau ulertzeko. Munduko bi potentzia nagusien arteko gerra amaitu eta hiru urtera banatu zuten penintsula, 1948an: SESBek okupatu zuten eremuan sortu zuten Ipar Korea, eta AEBek okupatutakoan Hego Korea. Piongiangek AEBek 1950ean hasitako inbasioari egin zion aurre, eta mehatxu existentzialtzat dauzka ordutik.

Bi agintarien arteko topaketa, beraz, ez da samurra izan. Kimek berak nabarmendu du ez dela erraza izan elkarrizketari heltzeko bidea. «Iraganak, praktika zaharrek eta aurreiritziek itsutu egin gaituzte, baina guztia gainditzeko gai izan gara gaur hona iristeko».

Duela urtebete, bi agintariak gerra dialektiko bete-betean zeuden, eta, historian zehar egin diren 25 negoziazio saiakeren ostean, aurrenekoa aldia da «aurrerapauso handiak» eman dituztela. Kim Jong-unek eskerrak eman dizkio Donald Trumpi, eta «hemendik aurrera harreman zoragarria» izango dutela gaineratu du. Trumpek, badaezpada, giza eskubideen urraketa sistematikoez «labur» hitz egin dutela esan du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna