Koronabirusa

Alarma egoera ezarri du Sanchezek, eta osasun larrialdia Urkulluk

Espainiako Ministroen Kontseiluak gaur hartuko ditu koronabirusa borrokatzeko neurriak. Eusko Jaurlaritzak atzo onartu zuen larrialdiei aurre egiteko plangintza, baina ez du zehaztasunik iragarri

Alarma egoera. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua, atzo, Madrilen, iragarpena egiten. JOSÉ MARIA CUADRADO / EFE.
enekoitz esnaola
2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Espainiako Estatuan alarma egoera, eta EAEn osasun larrialdia. Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak koronabirusaren eraginaren ondorioz hartutako erabakiak dira. Ezohiko egoera, ezohiko neurriak. Zehazki, Espainiakoak gaur ezarriko du alarma egoera, koronabirusagatik herritarren segurtasuna zaintzearren eta gaitzaren zabalkundea etetearren, Pedro Sanchez presidenteak atzo arratsaldeko agerraldi batean iragarri zuenez. Frankismoaz geroztik bigarrenenez hartuko du Madrilek halako neurri bat. 2010ean izan zen aurrenekoa, aire kontrolatzaileen greba zela medio. Bestelako egoera bat da egungoa, larriagoa, herritarren osasunari eragiten ari baitzaio. Euskal Herrian, atzo arratseko datuen arabera, 553 lagun zeuden koronabirusagatik positiboa emanda—Espainiako Estatuan lau mila pasa—, eta hamalau pertsona hil dira —estatuan, 120—. Alarma.

Sanchezek atzo iragarpen hori egin aurretik ezarri zuen osasun larrialdi egoera Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak EAErako. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 417 lagun daude birusak kutsatuta —Nafarroan 130 eta Lapurdin sei—, eta Euskal Herrian hildako guztiak EAEkoak dira. Sanchezek 15:25ean hasi zuen prentsa agerraldia, Madrilen; 10:30ean Urkulluk, Gasteizen, Gobernu Kontseiluak ezohiko bilera egin ostean. Dena dela, bi presidenteak aurrez telefonoz hitz eginak ziren. Sanchezek esan zuen Ministroen Kontseilua gaur bilduko dela, ezohiko batzar batean, eta han onartuko dituztela neurriak, gero jakinarazteko.

Norabide bereko bi neurri

Ikusteko dago alarma egoerak eragingo dion EAEko osasun larrialdiari. Eneko Compains EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasleak BERRIAri azaldu dio alarma egoera ezarrita ereEspainiakoak estatu autonomikoa izaten jarraitzen duela, ez unitarioa, «eta, beraz, pentsatzekoa da Jaurlaritzak bereeskumenari heldu eta garatu ahal izango duela osasun larrialdi egoerako plangintza». Gainera, afera bera denez, Compainsek dio Madrilen eta Jaurlaritzaren bi neurriak «norabide berean» doazela.

Alarma egoera aldarrikatzeko aukera Espainiako Konstituzioan dago jasota, 116.2 artikuluan. Neurrien artean egon da herritarren zirkulazioa mugatzea bai espazioan eta bai denboran, zenbait sektoretako lantegietan esku hartzeko gaitasuna, edota beharrezko salgaiak mugatzeko edo banatzeko ahalmena. Bi asteko epea dauka, baina luza daiteke, Kongresuak baimena ematen baldin badu. Estatuan 4/1981 Lege Organikoan garatu zituzten alarma, salbuespen eta setio egoerak—alarma da arinena—, eta, legeak dakarrenez, «normaltasunaren aldaketa larriak» daudenean ezar daiteke; kasurako, osasun krisi bat dagoenean —epidemiak eta kutsatze kasu larriak izatean, adibidez—.

Espainiako gobernuburuak atzo adierazi zuen «aste zailak» datozela, baina «herritarrak babestu eta larrialdi sozial eta ekonomiko honi ahal den eraginkortasun handienez erantzuteko» baliabideak jarriko dituztela, «sozialak eta militarrak». Haren esanetan, ezin da baztertu estatuan aurki 10.000 kutsatu izatea.

«Erabat justifikatuta»

Eusko Jaurlaritzak Larrialdiei Aurre Egiteko Bideak plana onartu zuen atzo, Osasun Sailak adierazpen bat onartu eta eta Segurtasunekoak plana aktibatzeko aukera ematen duen agindua eman ondoren. Gero, Urkulluk bere gain hartu zuen babes zibileko goi zuzendaritza. EAEko Larrialdiak Kudeatzeko Legearen 8. artikuluaren arabera, Jaurlaritzak herritarrak etxeetan edo toki seguruetan konfinatzeko aukera du, baita haiek arriskuguneetatik ateratzeko edo urruntzeko ere.

«Neurri berezi hauek ezinbestekoak dira, bizi dugun egoera larria baita», esan zuen Urkulluk, ondoko agerraldian —bide digitalen bitartez egin zuen hark ere—. «Aparteko ahalegina eskatzen ari gara pertsona bakoitzari, familia bakoitzari, enpresa bakoitzari. Ahalegin berezia osasungintzako langile guztiei». Ez du dudarik agertu: «ezohiko» neurriak hartu beharra dago. «Eskatzen ari garen ahalegina erabat justifikatuta dago». Uste du herritarrak «gizalegez erantzuten» ari direla.

Larritasunagatik, ondorioengatik eta «iraungo duen denbora luzeagatik», mugarri historikotzat jo du erkidegoan osasun larrialdi egoera ezarri behar izatea. «Hau erronka globala da, baita barne erronka ere».

Hark ere ohartarazi du oraindik ez dela «okerrena» heldu, eta eskatu du osasun agintarien aholkuak «une oro aplikatu» behar direla. «Orain, premiazkoena prebentzio neurriak betetzea da, koronabirusa geldiarazteko».

Osasun larrialdia ezarri arren, Jaurlaritzak oraindik ez du planeko neurri zehatzen berri eman. Bitartean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eragileak ari dira neurriak hartzen: ostatuak ixten, haurren parkeak zigilatzen, epaiketak atzeratzen...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.