jon olano
Udal eta foru hauteskundeak. BOZ GORA

Eman botoa maite duzun horri

2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Hegalak borobildu zaizkie PPren garai bateko kaioei, bihotzaren forma hartzeraino. EAJri ere ikur bera loratu zaio Donostia hitzaren bigarren O-an, eta PSOEri beste hainbeste alderdiko logoaren alboan. Gertatu zitzaion Unidas Podemosi ere 2016ko kanpainan, orduan Unidos zela, O horrek forma kardiakoa hartuta. Love is in the political air. Erantsi horri doinu atsegin bat, sustapenerako bideo egokia osatzeko: bateria gutxiago eta orkestra sinfoniko gehiago, emozioak erabat lotuta baitaude epikarekin.

Maitasuna nagusi marketin politikoan, esanez bezala bozkatzeko maite duzun (bete hutsunea herriaren/hiriaren izenarekin) hori, eta ez herri eta bizimodu eredu bat. Ez baita politika, hautagairen batek dioenez: tokiko chauvinismoa da. Postala da, lilura, eguneroko arazoez ahaztu eta bizilekuaz harrotzera zaramatzana. Kontrara, zenbat ugaritzen du garraio publikoaren maiztasuna hiria asko maitatzeak? Zenbat merkatu etxebizitza baten metro karratuaren prezioa? Zein da auzoen arteko errenta desberdintasunaren eta Herritarren Hiriarekiko Atxikimendu Sentimenduaren Indizearen arteko korrelazioa? Zenbat maite du Andoni arrain saltzaileak Barakaldo, bi lanpostu eta dozena bat lanordu baino gehiago behar izateko? Donostiarekiko zaletasunak jaten ematen al die Ubik liburutegiko langileei? Ala bihotzak herritarrari esan nahi dio bihozbera izateko kafea euskaraz eskatu eta, frantsesez edo ingelesez bai, baina euskaraz erantzuteko gai ez den herrikidearekin?

Eman botoa bihotzarekin, erraiekin emateko tentazioa saihesteko bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.