Izagirre, EH Bilduren alkategai Donostian: «Asko ikasi dugu»

«Parte hartzea, gardentasuna eta gertutasuna» oinarri hartuta, hasitako bidean jarraitzeko prest agertu da Donostiako alkatea, hautagaitza aurkeztean:«Gelditzeko etorri ginen»

EH Bilduko jarraitzaileez gain, alderdietako ordezkariak ere egon ziren atzo Izagirreren hautagaitza aurkezteko ekitaldian, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2014ko urriaren 19a
00:00
Entzun
«Gelditzeko etorri ginen. Eta gaur esaten dugu bidea egiten jarraituko dugula hurrengo urteetan ere. Egon zaitezte ziur». Indarrez eta ilusioz hartu du Juan Karlos Izagirrek beste lau urtez Donostiako alkate izaten jarraitzeko erronka. Bera izango da EH Bilduren alkategaia 2015eko maiatzeko hauteskundeetan ere. Zailtasunak eta trabak izan dituztela onartu du, baina «indartuta» atera direla horietatik. «Asko ikasi dugu». Hasitako proiektuari segida eman nahi dio, «parte hartzea, gardentasuna eta gertutasuna» eredu hartuta. Helmuga, «Donostia parte hartzailea, euskalduna, justua, errespetuzkoa eta solidarioa».

Jacques Cousteau plazan aurkeztu zuen alkategaia koalizio subiranistak, Aquariumaren gainean, atzo eguerdian. Egun eguzkitsuarekin, jendez inguratuta, Kontxako hondartzaren ikuspegia atzean zutela. Han ziren, Donostiako udal gobernuko kideekin eta EH Bilduko dozenaka jarraitzailerekin, alderdietako ordezkariak ere: Sortuko Hasier Arraiz, EAko Pello Urizar eta Aralarreko Ainhoa Beola. Baita Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano eta haren kargua hartzeko hautagai Xabier Olano ere.

Agintaldiaren balantze baikorra egin zuen Izagirrek bere diskurtsoan: «Egoera zoragarria da. Itxaropenez betetakoa». Parte hartzean eta talde lanean eredu berri bat abiarazi dutela nabarmendu zuen alkateak, eta bide hori egin nahi dutela aurrerantzean ere:«Gelditzeko etorri ginen». Balioa eman zien koalizio subiranistak «berezko» dituen osagaiei, baita urteotan «ikasitakoei» ere. «Gertutasuna eta gardentasuna» eta «politika herritarrekin egitea» printzipio dituztela azaldu zuen: «Badakigu herri antolatua herri bizi bat dela, eta herritarren parte hartzea tresna ezinbestekoa dela gauzak ondo egiteko». Ikasitakoen artean, «zailtasun eta trabak aukera gisa» hartzea, «gauza berriak» egiteko, eta «instituzioetako lana eta kaleko borroka osagarri» direla ulertzea. «Kategoriko gobernua dauka hiri honek».

Zailtasunen artean nagusia, alkatearen esanetan, krisi eta murrizketa garaia eta zorra kudeatu beharra. Hala ere, Izagirrek dioenez, asmatu dute «ekonomiasuspertzen»: «Politika sozialak bultzatzen ari gara. Langileen eskubideak bermatzen ari gara». Kultura indartzen ere asmatu dutela nabarmendu zuen. «Donostia euskaldunagoa da orain? Nik uste dut baietz».

«Bakegintzan erreferente»

Beste aurrerapen bat ere nabarmendu zuen Izagirrek: Donostia «normaltasuna eta bakea lortzeko erreferente» bihurtu izana. Konponbide prozesuari lotutako ekitaldiak aipatu zituen, udalak antolatuak, eta kanpotik etorritakoak. Agintaldia hasi berritan egin zen Aieteko Nazioarteko Konferentzia. Geroztik, ikur bihurtu da jauregia bakegintzari lotutako gaietan. «Beti eskatu ditugu eskubide guztiak pertsona eta herri guztientzat. Memoria historikoa inoiz baino gehiago landu dugu». Preso dituztenekin ere gogoratu zen Izagirre: «Hainbat eta hainbat donostiar eta euskaldun daude kartzelan egungo egoera posible egiteagatik, eta horren aldeko apustua egiteagatik». Erronkari ekiteko indarra eta ilusioa «sobera» dituela esan zuen: «Konpromiso bat hartu dut: ahalik eta ondoena egingo dut. Baina baldintza bat ere jarri du: bidea elkarrekin egitea».

Gil (PSE): «Bilboren arima»

Izagirreren hautagaitzarekin, ia argituta geratu da nortzuen artean jokatuko den Donostiako alkate izateko lehia. EAJk Eneko Goia jarri du hautagai, eta PSE-EEko Ernesto Gasco prest agertu da erronkari aurre egiteko —alderdiaren barne prozesuan berretsi behar da hautagaitza—.

Gainerako hiriburuetan ere argitzen ari da panorama —PPk ditu galdera ikur gehien, oraingoz—. Bilbon, esaterako, Alfonso Gilek aurkeztu du bere burua PSE-EEren alkategai izateko. Barne prozesuan berretsi behar dituzte hautagaiak sozialistek, baina alderdiko kideekin batera agertu zen atzo Gil, asmoen berri emateko. «Bilboren arima» berreskuratu nahi duela adierazi zuen: «Etorkizuna proiektatzeko izan nahi dut alkate».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.