2019ko udal eta erkidego bozak. Espainia

Espainiako politikaren dantza

Alderdiak udal eta erkidegoetako bozei begira daude jada, baina estrategia aldatu beharko dute zentsura mozioak aurrera egin eta PSOEk boz orokorretara deituz gero.

Pablo Iglesias Podemosen idazkari nagusia eta Albert Rivera Ciudadanoseko presidentea, artxiboko irudi batean. BALLESTEROS / EFE.
ander perez zala
2018ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako alderdiak datorren maiatzeko udal eta erkidego hauteskundeei begira jarriak dira, eta estrategien azken xehetasunak zehazten ari dira. Hori da, oraingoz, alderdien plana, egutegi ofizialari erreparatuz gero. Bada Espainiako giro politikoan sentsazio bat, edozein unetan hauteskundeetarako deia egingo dela arrazoi batengatik edo besteagatik, eta horrek eragin du alderdi guztiak kanpaina egoera etengabe batean izatea, bai diskurtso aldetik, baita ekinaldi politikoen aldetik ere. PPren azken ustelkeria kasuek eta Gurtel auzian jarri dioten zigorrak are gehiago handitu du sentsazio hori, eta PSOEk Espainiako Kongresuan aurkeztutako zentsura mozioak arrakasta izan eta 2020an egitekoak diren hauteskunde orokorrak aurreratuz gero, testuingurua guztiz aldatuko zaie alderdi politikoei. Baina, oraingoz, egutegi ofizialak markatzen duen data udal eta erkidegoetako hauteskundeena da.

Podemosek eta Ciudadanosek helburu guztiz desberdinak dituzte datorren urteko ekitaldi elektoralari begira: Podemosen unerik indartsuena atzean geratu da, eta Ciudadanos, aldiz, une horretan dago murgilduta. Horregatik, lehenaren estrategia defentsan oinarrituko da gehienbat 2019ko maiatzaren 26ko bozetan, bereziki duela lau urte lorturiko garaipenei eusteko; bigarrenarena, aldiz, erasoaldian oinarrituko da, duela lau urte lortutako emaitza kaskarrak hobetzeko.

PPk eta PSOEk, alderdi tradizionalek, helburu bera dute datozen bozetan: ahalik eta galera gutxien izatea. 2015eko hauteskundeek Espainiako mapa politikoa astindu zuten, eta nabarmen ahuldu boterean izan den bipartidismoa; PPren eta PSOEren botoen batuketa %52ra iritsi zen, inoizko markarik txikienera, eta krisi politiko baten lehen zantzuak mahai gainean jarri zituzten. Podemosen eta Ciudadanosen agerpenak ahalbidetu zuen aldaketa hori, alderdi eta sistema zaharkituen aurkako diskurtsoak bultzatuta. Lau urteko epean, herritarrek izan dute astia bi alderdien izaerak eta ideiak ezagutzeko —Podemosek urte bat zuen 2015eko bozetan—, eta, alde horretatik, datozen urteko hauteskundeak argigarriak izango dira.

Bi alderdien artean, erronka zailena Podemosek du: lortutakoari eustea, eta, urteotako lana oinarri hartuta, hiri eta erkidego gehiago eskuratzea. Helburu horri begira, estrategia diseinatua dute: udaletan, «aldaketaren gobernuak» deituriko exekutiboei eustea, eta, erkidegoetan, PSOErekin dituen aliantzak areagotzea. Hori guztia, mobilizazio soziala oinarri izanda. PSOErekiko aliantzak dira giltzarri, aldi berean ahalbidetuko baitio gobernu eta alkatetza gehiago lortzea eta Pedro Sanchez idazkari nagusi duen alderdiak Ciudadanosekin aliantzarik ez egitea.

Madrilgo, Bartzelonako, Valentziako eta Zaragozako alkatetzak sinbolo bilakatu dira Podemosentzat, eta bere gobernabidearen erakusle, «beste politika bat» egiteko gai direla frogatu dutelakoan. Horiei eustea, eta euren gobernatzeko era eta ordezkaritza ahalik eta udal gehienetara hedatzea, hori da helburu nagusia. Boto emaileen oinarria handitzeko eta sendotzeko ere balioko lioke, baita bozak irabazteko eta gobernatzeko gai direla erakusteko ere. Horrela ikusten du Podemosek egungo panorama politikoa.

Erkidegoei begira, estrategia bera bultzatu nahi du Iglesiasen alderdiak, betiere orain arteko aliatuekiko harremanari eutsiz. Izquierda Unida, Equo eta Galiziako mareekin adosturiko aliantzak, esaterako, lehenetsi egin nahi dituzte alderdiko kideek, Podemos indar protagonista izanik. Testuinguru horretan, borroka elektoral interesgarriena Madrilgo Erkidegokoa izango da: PPko Cristina Cifuentesen dimisioaren ostean, bizi-bizirik dago lehen indar izateko eta gobernua osatzeko borroka.

Ciudadanos, PPren ordezko

Hain justu, Ciudadanosek begiz joa du erkidego horren konkista: «Cifuentesen dimisioak ahalbidetuko du garai berri bat ikustea erkidegoan, 2019ko maiatzean hasiko dena», laburbildu zuen alderdiaren erkidegoko bozeramaileak. Hasieratik, Albert Rivera Ciudadanoseko presidentearen apustua berbera izan da: PP boteretik bota, eta PSOEk gobernatzea oztopatu, hurrengo maiatzeko bozei begira bere burua «birsortzaile» gisa aurkezteko, eta PPren eta PSOEren boto emaileak erakartzeko.

Ciudadanosek ere gobernatzeko gaitasuna erakutsi nahi die herritarrei; horregatik, Ciudadanos gobernuetan sartzeko prest izango da datozen bozen ostean, 2015ean ez bezala. Eta PPren higatzea aukera ezin hobea du. Bi alderdi tradizionalek, aldiz, urteotako boto galera etetea dute helburu datorren urteko bozetan. PSOEk asko sufritu du aurreko urteetan, eta ikusteko dago joerak hala jarraituko ote duen; PP da, oraingoz, galera handiena jasan dezakeena, Mariano Rajoy Espainiako presidentearen agintaldiaren eta alderdiaren ustelkeriak bultzatuta. PP erortzen bada, ziurrenik Ciudadanos igoko da; beraz, aukera hori baliatu nahi du PSOEk boz gehien duen indarra izaten saiatzeko. Horiek dira alderdien planak, zentsura mozioaren emaitza itxoin bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.