Aldaketak eskatu dituzte Osakidetzako zuzendaritza taldean, gaitasun faltagatik

Sagarduiren dimisioa ere eskatu dute protestetan. EH Bilduk mozioak aurkeztu ditu, osasun publikoa «bizirik» mantentzeko helburuarekin

Igandean milaka lagunek hartu zituzten Bilboko kaleak. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
«Egoera aldatzeko itxaropena beti daukagu, baina konfiantza gutxi daukagu Osakidetzako zuzendaritzarengan», adierazi du Jesus Oñate Osakidetzako LABeko delegatuak, osasun publikoaren aldeko mobilizazioaren biharamunean. Oñateren arabera, «oso positiboa» izan zen SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek iganderako deitu zuten manifestazioa, besteak beste, gizartearen «hurbiltasuna eta babesa» sentitu zituztelako. Hala ere, nabarmendu du ezen, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren dimisioa ez ezik, Osakidetzako zuzendaritzaren aldaketa behar dela: «Pentsatzen dugu ez direla gai, eta beste pertsona batzuek hartu behar dutela lekukoa».

Pribatizatzearen, murrizketak egitearen eta lehen mailako arreta desegitearen kontra egin zuten. Izan ere, Sagarduik zenbait neurri iragarri zituen ekain hasieran: besteak beste, ordutegiak murriztuko zituztela lehen mailako arretako zentroetan. Oñateren arabera, neurria ez da berdin ezarriko zentro guztietan: «Zentroka eta beharren arabera ezartzen dira».

Amaia Mayor SATSE Euskadiko bozeramailearen arabera, ordea, ordutegi murrizketak «orokorrean» ezarriko dira , Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun zentro guztietan. Horrela, gaur egun 20:00ak arte zabalik daudenak 17:00ak arte irekiko dituzte, eta 17:00ak arte daudenak, 15:00ak arte. Herri txikietan, gainera, murrizketak «handiagoak» izango dira, haren ustez.

Neurri horiek, baina, ez dira berriak, eta, Oñateren arabera, ez da udako kontu bat: «Orain publiko egiten ari dira ordezkapenak ez egiteagatik jada indarrean zeuden murrizketak». Horrekin, nabarmendu du «arriskua» dagoela aldaketa horiek urte osoan «mantentzeko eta finkatzeko».

Mayorrek adierazi duenez, protestaren bitartez Eusko Jaurlaritzari eta Osasun sailburuari «argi eta garbi» esan diete Osakidetzaren aldeko mobilizazioak egiten jarraituko dutela, gaur egun dauden arazoak konpondu arte eta osasungintzaren negoziazio kolektiboa «berreskuratu» arte. Horren harira, atzo eguerdian elkarretaratzea egin zuten Gasteizko Olagibelgo osasun zentroan, Arabako osasun sistema publikoaren «defentsan».

EH Bilduren eskakizuna

Ez da Eusko Jaurlaritzari egin dioten eskaera bakarra izan. EH Bilduko hainbat udalbatzak, esaterako, mozioak aurkeztu dituzte osasun sistema publikoa «bizirik» mantentzeko helburuarekin.

Horrela, eskatu dute urte osoan osasun sistema publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak bermatzeko, Osakidetzako kontratazio irizpideak aldatzea aztertzeko, eta lehen mailako arretako profesional kopurua handitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.