Askapenak Babesgunea eraiki du, ilegalizazio arriskuaz ohartarazteko

Iruñeko Kalekalden ireki dute gunea.Dozenaka lagunek babesa adierazi diete bost auzipetuei

Askapenaren agerraldia, atzo. Dozenaka lagun bildu ziren Iruñeko Caldereria karrikara, auzipetuei babesa adierazteko. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2016ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Elkartasuna eman ohi dutenak, elkartasun eske. Babes soziala, politikoa eta herritarra ehundu nahi ditu Askapenak, «eskubide zibil eta politikoen urratze etengabeari aurre egiteko». Izan ere, erakunde internazionalistako bost kide —Gabi Basañez, Unai Vazquez, Walter Wendelin, Dabid Soto eta Aritz Ganboa— joan den urrian epaitu zituzten Madrilen, eta epaiaren zain daude orain. Seina urteko kartzelaldiaz gain, 7.200 euroko isuna eta hamalau urteko inhabilitazioa eskatzen dute auzipetu bakoitzarentzat. Eta epaileak fiskaltzaren eskaerak onartuko balitu, gainera, Askapena legez kanporatua izan liteke. Prozesu osoa «salbuespenezko legeen gainean eraikia» izan dela salatzeko asmoz, atzo Babesgunea izeneko ekinbidea aurkeztu zuen erakunde internazionalistak Iruñean.

Askapenako kideen esanetan, topagune irekia izanen da Babesgunea. «Hitzaldiak, batzarrak, kultur ekitaldiak, mahai inguruak eta bilerak hartuko dituen lantegia izanen da». Iruñeko Kalekalde elkartean zabaldu dute egitasmoa, eta han egonen dira bost auzipetuak aurrerantzean, «eperik gabe», prozesuaren nondik norakoak azaltzeko. Bihar eginen dute egitasmoaren lehen batzar irekia, 19:00etan, Kalekalden.

Askapenak aldarrikatzen duen elkartasun herritarraren lagin bat ikusgai izan zen atzoko agerraldian, dozenaka lagun bildu baitziren erakunde internazionalistari sostengua adierazteko. Politika, kultura eta erakunde sozialetako ordezkari ugari bildu ziren agerraldira; tartean, euskalgintzako kideak, irakasleak, sindikalistak, ezker abertzaleko militante historikoak edota gazte mugimenduko ordezkariak. Han ziren Nafarroako Legebiltzarreko nahiz Iruñeko Udaleko eledun zenbait ere: Bakartxo Ruiz, Diana Urrea eta Esther Korres EH Bilduko parlamentariak; Patri Perales Iruñeko alkateordea; eta Tere Saez eta Mikel Buil Ahal Dugu-ko parlamentariak, besteak beste.

Libre ekimeneko Maider Caminosek eta Askapenako Walter Wendelinek eman zuten auziaren berri. Haien esanetan, auzipetuen «eskubide zibil eta politikoak urratuak izan dira behin eta berriro»; besteak beste, atxiloketaren osteko inkomunikazioa, badaezpadako espetxeratzea, sakabanaketa eta ondasun guztien blokeoa nabarmendu zituzten. «Orain, baldintzapeko askatasunean bizi diren arren, berriz espetxeratuak izateko arriskuan dira. Epaiaren zain egon eta epaia ezagutu aurretik, euskal herritar bat atxilotzen duten lehen aldia ez litzateke izanen», gogorarazi zuen Caminosek.

Bost urteko prozesua

Hain zuzen, «salbuespenezko legediaren gainean hausnarketa egiteko, eztabaidatzeko eta diagnostikoa egiteko» tresna gisa aurkeztu zuten Babesgunea atzo. «Azken urteetan Askapenak, Libre ekimenak, Eleak mugimenduak, Iruñeko herri harresiak eta abarrek landutako elkartasun eta aktibatze politikoaz baliatuko gara», azaldu zuen Wendelinek.

Pablo Ruz epaileak agindu zuen 2010eko irailaren 28ko operazioa. Bi urtera ateratako autoan, Askapena «ETAren agindupeko egitura» zela esan zuen epaileak, eta harentzat «kanpoko babesak» lortzea, «elkartasun batzordeak» sortzea, Europako eta munduko gizarte foroetan aritzea eta brigadak antolatzea leporatu zien bost auzipetuei.

Ordutik, egoera salatzeko eta elkartasun sareak ehuntzeko ekinbide anitz landu ditu Askapenak. Urtarrilaren 21ean, adibidez, agerraldia egin zuten auzipetuek Nafarroako Legebiltzarrean, prozesuaren irregulartasunak salatzeko. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak elkartasuna adierazi zieten egun horretan. PSNk, berriz, eskubide urraketak ukatu egin zituen, eta Espainiako sistema juridikoa defenditu. UPNk eta PPk ez zuten batzordean parte hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.