Sekreturik gabeko Suitza

Berna 2018an hasiko da bankuetako bezeroen informazioa trukatzen OCDEko 38 kideekin. Hala ere, Falcianiren antzeko kasuetan ez du lagunduko, datuak «lapurtuak» direlako.
Tidjane Thiam Credit Suisseko zuzendaria, prentsaurreko batean, iazko maiatzean, Zurichen.
Tidjane Thiam Credit Suisseko zuzendaria, prentsaurreko batean, iazko maiatzean, Zurichen. ENNIO LEANZA / EFE

J. Fernandez -

2017ko urtarrilak 11
Sinonimo izateari utziko diote banku sekretuak eta Suitzak aurrerantzean. Eta ez da izango —erreferendumaren herrialdean— herritarrek hala bozkatu dutelako, baizik eta atzerriko presioek horretara bultzatu dutelako. Bereziki Ameriketako Estatu Batuetako Justiziak Suitzako bankuei jarritako isunek bultzatu dute sektorea gardentasunerantz. Berez, 2018an hasiko da herrialdea bankuetako atzerriko bezeroen informazioa automatikoki partekatzen OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko 38 estatu kideekin; baina, aurten hasiko da pausoak ematen banku sekretua atzean uzteko.

Helvetiako herrialdeak 266 banku dauzka, eta atzerrian dauden munduko fortunen %25 kudeatzen ditu; negozio horren liderra da, ASB Suitzako Bankarien Elkartearen arabera. Bankuen sektoreak herrialdeko barne produktu gordinaren (BPG) %9,3ko pisua dauka —Andorran baino gutxiago, %21 baita han—, eta 167.000 lanpostu zuzen sortzen ditu. Guztira, 6,1 bilioi euro dauzka bere bankuetako kontuetan, eta erdiak atzerritik iritsitakoak dira, batez ere AEBetatik.

Washingtonek jarri du Berna paradisu fiskalen taldetik ateratzeko bidean, nahiz eta hark ez daukan sinatuta informazio truke automatikorako nazioarteko AEoI ituna. NDFren arabera, 52 paradisu fiskal daude munduan; 82, TJN Zerga Justiziarako Sarearen arabera. Bi-biek hartzen dituzte paradisutzat bai Suitza eta bai Andorra. Bada, AEBek apurka-apurka hautsi egin du Suitzako banku sekretua, azkenean, bertan behera geratu den arte.

Atzerriko presioa

2008ko finantza krisiak zerikusi handia izan du Suitzak sekretua kentzeko hartutako erabakian. 1934tik izan ditu ezkutuan gordeta bankuetako bezeroen datuak, baina Lehman Brothersen kiebraren osteko krisiak hustu egin zituen ogasunetako kutxak, eta herrialde garatu asko diru bila hasi ziren han-hemen: zerga iruzurgileak paradisu fiskaletan jazartzeari ekin zieten. AEBetako Justizia Departamentuak 2008an auzibidea hasi zuen UBS banku suitzarraren kontra; eta herrialdean jarduteko lizentzia ezabatzeko mehatxua egin zion, zerga iruzurgile estatubatuarren datuak ematen ez bazizkion.

Suitzak, azkenean, Washingtoni 4.450 bezero estatubatuarren datuak helarazi zizkion, 2009an. Hortxe hasi zen banku sekretuaren amaiera: UBSk 745 milioi euroko isuna pagatu zuen. 2014an, berriz, 100 bankuk«erabateko lankidetza» agindu zieten AEBei, eta Credit Suisse bankuak 573 milioi euroko isuna ordaindu zuen. AEBetako merkatuari uko egitea onartu ezinezko arriskua izan da Alpeetako herrialdearentzat, batez ere jakinda atzerriko fortuna gehienak bertatik datozkiola.

Urtez urte, etengabeak izan dira Suitzako bankuak diru zuritzearekin, lapurtutako datuekin eta zerga iruzurgileekin lotu dituzten eskandaluak eta ikerketa judizialak, eta ez bakarrik AEBetan abiatukoak. G20koek eta OCDEk iruzur fiskalaren kontra onartutako neurriek ere zaildu egin diote Suitzari orain arteko negozioari eustea.

Salbuespen polemikoa

2018tik aurrera informazio trukea automatikoa izango da beste herrialdeetako ogasunekin, baina badago salbuespen bat: Suitza ez da lankidetzan arituko datuak bankuari lapurtutakoak direnean. Falciani kasua izan daiteke horren adibide: Herve Falcani HSBC bankuko ingeniari informatikoa zen, 2006an, eta bankuko milaka bezeroren fitxategiak bereganatu zituen. Agerian laga zituen dozenaka herrialdetan egindako iruzur fiskalaren dirutzak eta frogak. Bernak hura atxilotzeko auzibidea hasi zuen. Eta, aurrerantzean ere, horrela egingo du antzeko kasuekin.

Hain justu, 2015eko udan gogortu zuten bankuko datuak lapurtzen dituztenak zigortzeko legea, kartzelaldia hiru urtetik bostera luzatuta. Zigorra, berez, «informazioa salduta onura ekonomikoa lortzen duenarentzat» da; baina polemika handia ekarri zuen herrialdean, besteak beste, ikerketa kazetariak ere zigortzea aurreikusten duelako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna