Nondik dator eta zer da Phillipsen kurba?

Ivan Santamaria -

2017ko irailak 3
Inflazioaren eta langabeziaren arteko harremana zientzia ekonomikoaren arretagune ezinbestekoa izan da azken 60 urteotan; hain zuzen ere, 1958. urtean Alban William Housego Phillips ekonomistak Economica izeneko aldizkari britaniarrean bien arteko korrelazioa aztertzen zuen artikulua plazaratu zuenetik. Idazkiak Erresuma Batuko langabeziaren eta soldaten datuak hartu zituen 1861-1957 eperako. Segida horrek ondorio interesgarri bat islatu zuen: harreman negatiboa zegoen bi aldagaien artean. Hots, langabezia txikia zen urteetan, soldatek gora egiteko joera izaten zuten, eta alderantziz. Langabe gehiago zegoen urteetan, ordainen hazkundea motelagoa zen. Inflazioaren ordez soldatak hartu zituen, baina ez dago praktikan alde handirik, bien eboluzioa lotuta egon ohi delako.

Aurkikuntza garrantzitsua zen. Ordura arte, ekonomistei oharkabean igaro zitzaien zer harreman zegoen bi elementu makroekonomiko funtsezkoen artean. Argitalpenak jakin-min handia piztu zuen ikerlarien artean, eta, laster, esperimentua berriz egiteko saiakerak jarri ziren martxan zenbait herrialdetan.

Bi urte geroago, Paul Samuelson eta Robert Solow ekonomistek beste artikulu bat idatzi zuten American Economic Review aldizkarirako. AEBetako datuak aztertuta, antzeko harreman negatiboa utzi zuten agerian. Eskaerarekin lotu zuten emaitza. Langabezia txikia ekonomiaren eskaera handiaren eskutik zetorren, eta eskaera indartsu horrek goraka bultzatzen ditu ezinbestean soldatak eta prezio guztiak.

Samuelsonek eta Solowk Phillipsen kurba deitu zioten harreman horri, eta gaurdaino indarrean egon da definizio hori. Bi ekonomista horien ustez, dena den, harremanak berak baino gehiago benetan ikertu beharrekoa zen inflazioaren aurkako politiketan izan zezakeen erabilpen praktikoa. Hau da, agintari ekonomikoek inflazioaren eta langabeziaren artean aukeratu beharko lukete euren politikak diseinatzerakoan.

Lotura, laburrera begira

Ekonomian eztabaida piztu zen Phillipsen kurbari buruz. Harremana egiaztatuta, nolako ondorioak zituen? Egonkorra zen lotura denboraren joanean? Erantzun kritikoak 1960ko hamarkadaren hondarrean iritsi ziren, Milton Friedman eta Edmund Phelps ekonomisten bidez. Bien ondorioak antzekoak ziren: ezin zen kurba erabili politikak diseinatzeko, harreman negatiboa ez zelako betiko, eta luzera begira desagertzen zelako.

Friedmanen eta Phelpsen arabera, inflazioa edozein izanik ere, luzera begira langabeziak bere tasa «naturalera» joko du. Hau da, inflazioa pizteko asmoz diru eskaintza igotzeak ez du betiko langabezia jaitsiko. Natural izenondoa erabili zuten bi ekonomistek, ekonomia batek duen joera islatzeko, baina horrek ez du esan nahi tasa hori berezkoa denik, eta are gutxiago gizarte batentzat onargarria edo desiragarria izan behar duenik.

Are gehiago, langabezia tasa natural hori bilatzea eragiketa labainkorra da oraindik ere. Askotan aipatu arren, grial antzeko bat bihurtu da ekonomistentzat. Badagoela sinetsita ere, inork ez daki zehazki zenbatekoa den.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna