Aldi baterako erregulazioen mota berriak, indarrean

2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Martxoarekin batera amaitu da pandemia dela-eta Espainiako Gobernuak indarrean jarritako ABEEi buruzko legedi berezia. Berez, otsailaren 28an ziren desagertzekoak, baina hilabeteko luzapena eman zuen Madrilek, enpresek denbora izan zezaten egokitzeko. Aurrerantzean hiru ABEE mota izango dira.

Batetik, gazteleraz ETOP laburduraz izendatzen direnak daude, hau da, arrazoi ekonomikoengatik, teknikoengatik, eta antolaketa eta produkzio arazoengatik eskatutakoak. Erregulazio horiek ez dute administrazioen onespenik izango, baina langileen ordezkariekin negoziatu beharko dituzte. Negoziazioek ez dute derrigorrean akordio batekin bukatu beharko. Aldi baterako espediente horien bidez, enpresek erregulazioan dituzten langileen Gizarte Segurantzako kotizazioen %20 aurreztuko dituzte, baina formakuntza eman beharko diete.

Bigarrenik, aldi baterako premiazko arrazoiengatik eskatutakak izango dira. Enpresak administrazioen baimena beharko du, eta justifikatu beharko du zeintzuk diren premiazko arrazoi horiek. Bost eguneko epea izango dute administrazioek erantzuteko, baina hala egiten ez badute, automatikoki onartua izango da. Langileen ordezkariei ere jakinarazi beharko zaie, baina ez da nahitaez negoziatu behar. Kotizazioen %90 estatuak hartuko ditu bere gain.

ABEE bat zein bestea eskatzen duen enpresak ezingo ditu langileak kaleratu sei hilabeteko epean. Erregulazioa indarrean dagoen bitartean, enpresek langileak egoera horretatik sartu edo atera ahal izango dituzte, beren beharren arabera. Erregulazioetan kontratuak eten ahal izango dira, baina lanaldia %10 eta %70 artean murrizten dutenak hobesten ditu legeak. Erregulazioarekin, enpresak ezingo ditu aparteko orduak eskaini, ezingo ditu lanak azpikontratatu, ezta beste kontraturik egin ere.

Hirugarren mota bat ere izango da, Red mekanismo deitutakoa. Sektore oso batek arazoak dituenean erabiliko da, eta Madrilek erabakiko du zer sektorek duen horretarako eskubidea. Iragarria du bidaia agentziei dagokien Red mekanismo bat indarrean jarri duela. Hasieran, urtebeterako indarrean jarriko da, sektoreak denbora izan dezan berregituratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.