martxelo otamendi
ANALISIA

Petroren hirugarrena, eta azkena

2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Hauteskundeak irabaziko dituenaren segurtasunarekin mintzatzen zaie herritarrei, presidente jarrera hartuta, igandeko bozketaren aurretik. Komunikazio makina sendoaren eta ondo koipetuaren azken pieza, pieza garrantzitsua liderra delako esparru politiko horretan, baina ez zatekeen horren urrutira iritsiko atzean daukan taldeagatik ez balitz. Hauteskunde makina da bere taldea.

Bere inguruan ezker atomizatua biltzeko gaitasuna erakutsi du Gustavo Pretok, jakinda nor bere aldetik joanda ez zuketela ezer lortuko. Lehenengo itzulian erraz irabazita, %40rekin, erabat aldatu du bigarren itzuliaren kanpaina. Jendaurreko ekitaldirik batere ez ia, kanpaina bukaerako mitinik gabe... oso agerpen selektiboak egin ditu azken asteotan. Selektiboak eta sektorialak.

Hirietan, Bogotan %47 eskuratu zuen lehen itzulian, emaitza onak dauzkala jakitun, hiriburutik kanpoko departamentuetan igaro ditu azken bi asteak, Bogotan agertu gabe. Kafezaleekin egun batean, etxalde bat hurrengoan, zapatagileekin, nekazariekin... Sektore horietako ekoizle bat aukeratu, elkarrizketa labur bat eduki eta sektore horri lagunduko dion adierazpena zabaltzen dute komunikabideetan eta sare sozialetan. Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioz ongarri ukrainarren prezioa ikaragarri igo zaiela baserritarrei, Petrok esan zien egoerak irauten duen bitartean estatuak erosiko dituela merkatuan ongarri horiek, eta gero prezio merkean salduko dizkiela nekazariei. Taxilariak bezain eskuinekoak diren poliziei eta militarrei soldata igoko diela ziurtatu die, soldata txikiaren ondorioz mafiek eros ez ditzaten.

Oso mezu praktikoak eman ditu Petrok, ideologizatuak nahita alde batera utzita; gauza errealez hitz egin du, teoria politikoak beste baterako utzita. Bi kritika nagusi, bi puntu ahul, erabiltzen dituzte Petroren aurkariek, Rodolfo Hernandezek eta bere aldeko komunikabide sendoek, Petro higatzeko. Aspaldikoa lehena, M-19 gerrilla taldeko kide izan izana. Bigarrena berriagoa da, Kuba, Venezuela eta Nikaraguako gobernuek politika egiteko daukaten eredua Kolonbian ezarri nahi izatea leporatzen diote desprestigiatzeko Petrovich goitizenarekin deitzen diotenek. Petrov edo Petroski ere dei ziezaioketen komunismoarekin lotura egiteko.

M-19 taldea 1990ean desegin zen, urruti geratzen da talde horren jarduna herritar askoren oroimenean. Geroztik, senataria eta Bogotako alkatea izan da Petro, arazo handirik gabe. Deserosoagoa agertzen da leporatzen diotenean Kolonbian Venezuela berri bat eratu nahi izatea. Azken urteotan, 2 milioi venezuelar joan dira bizitzera Venezuelatik Kolonbiara, Venezuelako egoera politikoaren eta ekonomikoaren ondorioz. Irudi hori erabiltzen dute Petroren aurkakoek, etengabe. Kolonbiara bizitzera joan diren venezuelar gehienak oso egoera txiroan bizi dira, eta xenofobiaren biktimak dira Kolonbian, Perun, Txilen, Ekuadorren...

Ezkerrak politika beste era batera egin behar duela uste duten buruzagi hegoamerikar berrien taldean koka genezake Petro, Txileko Gabriel Boric lehendakariarekin eta Uruguaiko lehendakari ohi Jose Mugicarekin batera. Venezuelaz hitz egiten dutenean, errespetuz hitz egiten dute, baina hotz, distantzia handia jarrita. Duela urte batzuz geroztik itxita dauzkate enbaxadak Kolonbiak eta Venezuelak. Oso puntu gutxitan datoz bat Petro eta Hernandez hautagaiak. Biak, bi herrialdeen arteko harremanak berriro indartzearen aldekoak dira. Petrok, elkartasunagatik; Hernandezek, absurdotzat jotzen duelako Kolonbiako ekoizleek Venezuelan saltzeko aukera ez edukitzea.

Igandekoa izango da Petroren hirugarren eta azken aukera lehendakaritza eskuratu eta beste Kolonbia justuago bat eraikitzen hasteko. Lau urte bakarrik edukiko ditu horretarako, legean egindako aldaketekin presidentearen legegintzaldiak lau urteko muga baitu. Ezin du segidan errepikatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.