urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Ghassemlou

2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Hiru hamarkada bete ziren atzo XX. mendeko buruzagi kurdurik karismatikoenetako baten hilketatik. 1989ko ekainaren 13an hil zuten Abdelrahman Ghassemlou Irango zerbitzu sekretuek; ez Kurdistanen, edo Iranen edo Ekialde Hurbilean, Europaren bihotzean baino: Parisen bizi zen PDKI Irango Alderdi Kurdu Demokratikoko burua, eta Vienan jarri zuten hitzordua.

Arriskuaz ohartarazi bazioten ere, bake-elkarrizketetarako aukera ikusi zuen Ghassemlouk. Ez zen lehen aldia: iraultza bahitu eta Khomeinik kurduen aurkako fatwa bultzatu zuenean ere, milaka lagun hiltzen ari ziren arren —edo milaka lagun hiltzen ari zirelako—, elkarrizketa bultzatu izan zuen beti Ghassemlouk. Eta 1989ko udan hila zen aiatola. Abdullah Ghaderi Azar alderdikidearekin eta Fadhil Rassoul Irakeko Kurdistango unibertsitateko irakasle eta bitartekariarekin batera joan zen bilerara. Hirurak hil zituzten tiroz. Hilketan parte hartu zuten agenteetako batzuk atzeman eta galdekatu egin zituen Austriak, baina Teheranen bueltan ziren aste gutxiren buruan. Bi urte beranduago, Ghassemlou ordezkatu zuen Sadegh Sharafkandi ere hil zuten Berlinen. Alemaniak bai, zuzenean leporatu dio Teherani hilketa.

Ismail Besikçi soziologo turkiar famatuak esana da XX. mendean kurduek jasandako bi hondamendi nagusiak (eta sarraski ugari sufritu zituzten mende osoan zehar), Irakeko Anfal kanpaina, Halabjako bonbardaketa kimikoa sinbolo nagusi duela, eta Ghassemlouren hilketa izan zirela.

Abdullah Ocalan sortutako PKKren inguruko mugimendu kurdutik kanpoko buruzagi karismatikoena izan da ziur aski Ghassemlou. Gainontzeko kurduengandik luzaroen bereizita egon diren taldea dira Irango kurduak: Hegoaldekoak (Iraken menpe), Rojava edo mendebaldekoak (Siriako zati) eta iparraldekoak (Turkiaren agintepean), otomandar inperioko zati izan ziren duela mende bat arte. Persiar safaviden eta otomandarren arteko bereizketa Çaldirango batailatik eta Zuhab-eko hitzarmenera bitartean gorpuztu zen, XVI. eta XVII. mendeetan: 1639an ezarri zen gaur egunera arte iristen den muga, kurduen eta armeniarren lurraldeen erditik.

Ama asiriar kristaua zuen Ghassemlouk, aita berriz, Urmia inguruko lurjabe feudal kurdua, II. Mundu Gerraren amaieran sortu zen lehen estatu kurduaren bultzatzailea izan zen. Ghazi Mohammed lehen estatuburu hura berehala urkatu zuten Persiako xa-ren indarrek, Mohabadeko bultzatzaile gehienek mendietan zehar sobietar Armeniara jo zuten artean. Ghassemlouk Txekoslovakian egin zituen ikasketak, eta Sobietar Batasunean eta Frantzian jarraitu. Azken hamarkadetan, Irango kurdu gehienen erreferente nagusi izan da.

Ez bakarra, egia da: Komala alderdi komunista sortu zuten Ghassemlouk bultzatutako sozialismoari aski iritzi ez zioten hainbat militante kurduk. Azken urteotan, Irakeko Kurdistango erbestean dituzten baseetan harremanek nabarmen egin dute hobera bi fakzioen artean. Teheranek iazko irailean bonbardatu zituen Koya herriko base horiek misilekin, eta hamaika lagun hil. BERRIAn duela urte batzuk argitaratu genuen Koyan egindako erreportajea, eta bi alderdietako buruzagiekin elkarrizketak. Baita mugimendu tradizionalen ostean sortu berri zen eta ehunka militante bildu zituen alderdi berria ere: PJAK Abdullah Ocalanek Ipar Kurdistanen eratutako PKKren ideologia partekatzen duen mugimendua da —PKKren Irango adarra, batzuek laburbildu ohi dutenez—, eta alderdi tradizionaletako kideek erakunde «inportatua» dela esan arren, ezin uka babes eta sinpatia handia ere bildu dituela hainbat eremutan. Bai estatuaren aurka egindako ekintzengatik, bai Teheranen errepresioagatik, munduan heriotza-zigorra gehien aplikatzen duen estatuen artean baitago.

Egunotan omenaldiak eta elkarretaratzeak egin dituzte Irango kurduek, Bruselan protesta jendetsua ere bai. Nazioarteko potentziek euren agendak dituzte, estatuen giza eskubideen txostenek diotenaz ezaxola. Baina estatu horietako biztanleek, estatu horiek zapaldutako gizataldeek eskubideak dituzte, eta memoria ere badute. Eta ahal dutenean, askatasunaren alde egingo dute Irango kurduek, balutxeek eta beste herri guztiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.