Bake justurako beharrezkoak diren kontakizunak

Maria F. Truncado, Agustin Gil, Jose Javier Huarte Oroz
2020ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Mikel Azpeitia presbitero bizkaitarrak, bere adierazpen askatasunaz baliatuz, Iñaki Artetaren Bajo el silencio dokumentalean, euskal gatazkaren azken atalari buruzko iritzia emateko erabili duen audioa entzuteko eta zatiak irakurtzeko aukera izan dugu. Adierazpen horiek komunikabide guztietan izan dute oihartzuna; Urkullu lehendakariak kritikatu egin ditu, «ulertezinak» direla uste baitu, eta Bilboko gotzainek, «onartezinak» direlakoan, Mikel Azpeitia Lemoako parrokiako pastoral-ministeriotik kendu dute.

Egia esan, Mikel Azpeitiak, ausardiaz eta zintzotasunez, adierazi besterik ez du egin euskal gizartearen sektore zabal batek —kristaua ere bai, zeinaren parte garen—, bere zalantza eta kontraesanekin, Euskal Herriaren oraintsuko historiari buruz uste izan duena eta uste duena: altxamendu-gertaera berri bat izan zela bere oinarrizko eskubideen onarpenik ezaren aurrean, eta horrek, aurreko ataletan bezala, bere alderdi bortitza izan duela, sufrimendu eta heriotzen ondorioekin; baina baita duintasunarena ere.

Kristau kolektiboak garen aldetik, elkarrekiko eskubideen errespetuan oinarritutako adiskidetze-giroaren beharra aitortzen dugu, eta giro horretatik desados egon daiteke erabilitako aukera eta moduekin, baina gatazka baten memoria jaso nahi duen dokumental batean, egiari huts egiten ez dion bitartean, ezin zaio utzi aurkako iritziak jasotzeari, iritzi modura baliozkoak, eta beharrezkoak kontakizun plural, ez bakar, baterako, historia errealera hurbiltzen saiatzen diren heinean. Gure elkartasuna adierazten diogu errepresaliatutako apaizari, harentzat ez baitu balio izan ez «biktimei barkamena» eskatzeak, ez bere ministerio-urteetan zehar «Elizbarrutiak bakearen alde egindako hainbat ekimen» eta haiek egiten jarraitzeko nahia adierazteak ere, zigor bidegabea saihesteko.

Adierazpen horien oihartzuna, era guztietako baliabide publiko, ekonomiko, pedagogiko eta instituzionalekin, gure herrialdearen historiaren azken 65 urteei buruz interes logistiko eta ideologikoz beteriko kontakizun bakar bat inposatzeko ahaleginean kokatu behar dugu, interes bakarrarekin egina: belaunaldi berriek kontakizun horrekin akritikoki bat egin eta, behar bezala ezagutu gabe, aldez aurretik izen ona galarazi zaion beste edozein bertsio bazter dezaten.

Guk konbentzimendu osoz baztertzen dugu historiaren manipulazio hori, irakurketa partziala inposatu nahi baitu, bakarra eta eztabaidaezina izan nahi baitu, kontrakoa judizializatzen den eta hari jazartzen zaizkion bitartean. Eta ahalegin horretatik eta manipulazio horretatik ez daude libre, tamalez, ez Bizkaiko Elizbarrutiko buruak, ez EAEko lehendakaria, ez EITB (Q.M.E.C. saioa).

«Etikaz» eta «bizitzaren balio gorenaz» ari garela, batzuei ahaztu egiten zaie Agirre lehendakariaren gobernuaren garaian Euskadin «traidoreak» heriotzara kondenatu eta fusilatu zituztela, euskal gudari eta milizianoak faxismoaren aurka armetan altxatu zirela, eta euskal erakunde bakar batek ere ez duela «berrikuspen kritikorik» egin, eta ez dituela «erantzukizunak» bere gain hartu sortutako sufrimenduagatik, aitzitik, etengabe omentzen dira; Ertzaintzak askotan torturatu duela eta tratu txarrak eman dizkiela beren eskubideen alde borrokatu diren herritarrei, eta guk dakigularik, inor ez dela damutu, ez eta barkamenik eskatu ere egitate horiengatik; aitzitik, egileak babestuak izan direla; gerra zikinak eta estatu-krimenek, izen-abizenekin, oraindik ere oso osasun ona dutela.

Bilboko gotzainei gogorarazten diegu ez dela nahikoa «terrorismo eta indarkeria-mota oro ñabardurarik gabe kondenatu» dutela adieraztea, egia baita askotan pairatu dugula haien isiltasun konplizea, guk, urterik urte, salatu izan dugun indarkeria, tortura eta Poliziaren biolentziaren aurrean, eta deitoratzen dugula euskal preso politikoen senideen minaren aurrean izan duten isiltasun ozena, edo eta mendekuz beteriko kartzela-politika kriminala, isolamendua, sakabanaketa, osasun babesgabetasuna, tratu txarrak eta abar direla-eta.

Beste behin ere, Kristau Elkarte Herritarrek, Euskal Herriko Apaizen Koordinakundeak eta Herria 2000 Elizak baieztatzen dugu: «Gure herriak, Euskal Herriak, konpondu gabeko gatazka politiko baten ondorioak pairatzen jarraitzen du, indarkeriarik gabeko adiskidetzetik eta elkarbizitzatik urrun».

Oraindik axola zaigu Jesusen mezu askatzailea eta gaur egungo emakume eta gizon askoren utopia guretzat eragile izatea «bultzatzaile izan gaitezen liberalismoak irabaz ez dezan, gerrak jarrai ez dezan, gorrotoaren eta mendekuaren kultura nagusi izan ez dadin, oinarrizko eskubide faltak behartutako immigraziorik egon ez dadin, Herriei beren askatasuna eta independentzia galaraz ez dakien, eta Euskal Herrian dugun gatazkaren amaierari eta espetxetik ateratzeri, benetako Amnistiaren bidean, aurre egin dakion».

Iraganari buruzko kontakizun ezberdin eta beharrezkoak ez faltsutzeko eta ez gutxiesteko konpromisotik abiatuta, Euskal Herriaren aro berri honetan gure konpromiso solidarioa ekartzen ahalegintzen jarraituko dugu, askatasunaren, subiranotasunaren eta erabakitzeko eskubidearen mesedetan, demokratikoki ekonomia iraunkorreko eredu bat eraikitzearen alde egiteko, herri bat bere etorkizunaren jabe izan dadin lurreko Herri guztiekiko elkartasun askatzailean, bakea justiziatik eraikiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.