Koldo Nuñez Betelu.
ARGI ALDIAN

Gure espeziea, Lur osoa eraldatzen

2017ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Azken urteotan, gizakion eragina noraino iristen ari den ikusten ari dira zientzialariak. Denbora luzez defendatu izan da, egiten duguna eginda, gure planetak baduela ahalmena berriz hasierako egoera naturalera itzultzeko. Hortaz, kezkatzeko beharrik ez. Baina ezina zirudiena ari gara aurkitzen. Izan ere, gure planetaren azala hainbat plakatan dago banatuta eta plaka horiek azpian duten mantuaren gainean mugitzen dira etengabe. Horrek azaltzen ditu lurrikarak, kontinenteen eta ozeanoen zergatia, lurrazalaren erliebearen jatorria, sumendien zergatia eta beste asko. Plaken tektonikaren teoria garatu zenean, plakak elementu pasibo gisa agertzen ziren gehien bat, alegia, mantuaren aktibitatearen arabera mugitu egiten dira eta horrek lehen aipatutakoak sortzen ditu. Beraz, gizakion jarduerak ez luke eraginik izango plaken gainean. Baina, ez da horrela. Egun, CO2a isurtzen ari garen neurri azkarrean, planetak ez du behar bezala xurgatzen eta gero eta gehiago ari da pilatzen; atmosferan, batez ere, baina baita ozeanoetan ere. Ondorioz, itsasoetako uren azidifikazioa ari da gertatzen eta itsasoen kimika aldatzen. Horrek eragin zuzena du ozeanoetako bizitzan eta, kaltegarria ari da gertatzen, esaterako, arrezifeetan eta zeharka, aldatzen hasia litzateke zenbait plaken dinamika. Horrek bolkanismoa eta sismologia, antza, areagotu ditzake.

Azken neurketen arabera, bestalde, karbono isuria atmosferaren goienetara ari da iristen. Adibidez, gizakiak eragindako sute handietan isuritako karbonoa goi atmosferara ari dira iristen eta bertan metatzen. Metaketa, espero zitekeen baino handiagoa ari da gertatzen dagoeneko eta klima aldaketaren faktore garrantzitsua izan daitekeela ari dira ikusten. Baina gizakion eragina ez da soilik lurrazal, kontinente, ozeano eta atmosferara mugatzen, areago iristen dela jakin berri da. Dakigun bezala, Lurraren inguruko eremu magnetikoak babesten du planeta Eguzkitik datozen erradiazioetatik. Harreman estu horretatik hainbat fenomeno gertatzen dira, esaterako aurorak. Jakin berri da, Gerra Hotzaren garaian, hau da, 1958 eta 1962 artean, goiko atmosferan egindako leherketa nuklearrek eragin zuzen handia izan zutela eremu magnetikoan eta Lurraren inguruan erradiazio gerriko artifizialak sortu zituztela, denbora batez. Ondorioz, aurorak eta beste fenomeno batzuk eman ziren. Baina leherketa horiek ez dira Lurraren inguruko espazioa aldatzeko gai diren bakarrak. Izan ere, gero eta satelite gehiago daude eta horien irrati-transmisioak ere kutsatu eta eraldatu egiten dute espazioa. Gainera, frekuentzia txikiko irrati-komunikazioek eta zenbait partikulek elkarri eragin diezaiekete eta lurraren ingurua eraldatu.

Bestalde, aspaldi pentsatu izan da arroken higatze kimikoak ere lagun dezakeela planetaren erregulazio termikoan. Izan ere, CO2a uretan disolbatzean, urak azidifikatu egiten dira eta horiek silikatoak disolbatzen dituzte. Azkenean, CO2a itsasoetan berriz metatu egiten da kareharri bezala. Zenbat eta tenperatura altuagoa, errazago disolbatzen da CO2a uretan eta urak errazago disolbatzen ditu silikatoak. Orain arte pentsatzen zen 7º C igotzean, disolbatzeko ahalmena bikoiztu egiten zela, baina azken ikerketek frogatu dute, tenperatura askoz gehiago igo behar dela horrelako mailetara iristeko. Ondorioz, mekanismo horrek ez omen du horrenbeste laguntzen klima erregulatzen. Ikerketa guzti hauek ari dira erakusten noraino gurea bezalako espezie baten jarduera irits daitekeen aldatzera planetaren barnea, azal eta inguruko espazioa. Milaka urteetan zehar paisaia aldatu izan ohi dugu baina azken hamarkadetan askoz urrunago ari da iristen gure eragina. Behin oreka naturala galduta eta planetaren autoerregulatzeko ahalmena gaindituta, zaila da aurretik ondorioak zehaztea baina eredu guztiek gizakiontzako kalteak aurreikusten dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.