urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Europan ingelesez

2021eko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Brexit-aren aitzakian, batek baino gehiagok nabarmendu du hizkuntzaren gaia. Frantses mentalitatean dago batez ere galdera: Erresuma Batua Europako Batasunean ez baldin badago, zergatik ari gara ingelesez? Clement Beaune Frantziako EBko gaietako ministroa izan da azkena. «Zailagoa da jendeak ulertzea, Brexit-a eta gero ere, ingeles mordoilo bati atxikita jarraitzen dugula» esan du. Ingeles mordoiloa, broken English, etxean, kalean eta egunerokoan zure lurraldeko hizkuntzan bizi eta aparteko uneetarako erabiltzen den ingeles hori da: oso mordoilo ona Eskandinavian edo Herbehereetan, okerragoa handik kontinentean hegoaldera edo hizkuntza handiak dituzten lekuetan.

Erresuma Baturik gabe, europarrok elkarrekin ingelesez egiteari utzi behar omen diogu. Justu kontrakoa egin behar dugula uste dut, oraintxe bihurtu dela egiaz ingelesa denon lurralde neutral, frantsesik edo espainierarik inposatzeko beharrik gabe. Baina bestela dio Beaunek. «Ez da herrialde bakar baten borroka, Europako hizkuntza aniztasunaren aldeko borroka da» dio, eta ingelesa omen horretarako oztopo. Barreari edo haserreari eusten ariko zarete ziurrenik, baina bada hoberik: «Ohitu gaitezen berriz gure hizkuntzak mintzatzera» bota du ministro jaunak.

«Gure hizkuntzak» ez badira behar bezala mintzatzen Euskal Herrian, Okzitanian, Bretainian, Korsikan, Katalunian, Alsazian, ingelesez egiten dugulako ote da? Haurrei sardinieraz egiten ez dieten gurasoek ingelesez egiten ei diete, ez italieraz. Frisiera edo sorabiera galdu duten eskualdeetan ingelesa omen nagusi, ez alemana. Melillan amazigera eta Xixonen asturiera ez ofizialtzearen motiboa ingelesaren hegemoniagatik ei da.

Ia hamabost urte dira Maurice Druon idazle eta frantsesaren akademiako kideak Bruselan egindako hitzalditik, frantsesaren lobbyarekin; EBko hizkuntza nagusia, legezko prozedura eta dokumentuei begira, frantsesa izatea nahi zuen, ingelesa beharrean. «Italiera kantuaren hizkuntza da, alemana ona da filosofiarako, eta ingelesa poesiarako da. Frantsesa da onena zehaztasunerako». XXI. mendean hizkuntzen determinismo horretan sinestea, «berez» hizkuntza bat hobea edo okerragoa dela argudiatzea, duela 100 urte darwinismo etnikoa bultzatzea bezalako astakeriatzat hartu beharko litzateke.

Kasu, badira ingelesaren alde argudio berdintsuak darabiltenak, hizkuntza global bihurtu izana ezaugarri filologikoekin azaldu nahi dutenak. Ezin uka dakioke oso plastikoa eta moldagarria dela; espainierak eta frantsesak ez bezala, ingelesak ez dauka akademiarik, purismorik gabeko hizkuntza zikinagoa da, jatorri germanikoa baina hizkuntza erromanikoek —frantses normandiarrak batez ere— nabarmen urrundu dute alemanetik edo nederlanderatik; gerora ere luze-zabal bereganatu ditu lekuan lekuko adierak Australiatik Indiara eta Nigeriatik Jamaikara (eta bidean herriak eta hizkuntzak txikitu, Irlandatik Kaliforniaraino). Baina hori bera ere ez da ingelesa gailentzearen motiboa. XIX. mendeko britainiar inperialismoak AEBen nagusitasunari egin zion lekua XX.ean, mundua globalizatu zen unean, eta komunikazio hizkuntza garrantzitsuena bihurtu da.

Jatorrizko hiztun gehiago ditu txinerak, eta agian espainierak ere bai —orain ez bada, aurki—, baina horrek ez du axola Txinatik eta Latinoamerikatik kanpo. Are gutxiago Europako testuinguruan, polonierak edo ukrainerak ia espainierak beste hiztun dituzte gure kontinentean.

Ilustrazioaren hizkuntza daukala aldarrikatu eta Inperio galduaren miran bizi da Frantzia-azken hori, Turkian eta Espainian ere sentitzen dute—.Frankofoniaren teorien arabera, EBko testuinguruan ingelesaren lekua alemanak hartu beharko luke, ez frantsesak. Edo errusierak, kontinentea aintzat hartuta. Eta txinera jaun eta jabe Asian. Baina korearrak Indonesian ingelesez egiten du, poloniar batek Portugalen edo danimarkarrak Grezian bezalaxe.

Anglosaxoniar nagusitasunari esker da ingelesa munduko hizkuntza globala, nahiz eta, berez, AEBek ez duten hizkuntza ofizialik. Hor nonbait irakurri dut Maltan eta Irlandan ingelesa koofiziala denez, EBn ere hala izatea justifikatzen duela. Egiaz, paradoxa legal interesgarria litzateke, estatu batean ere ofiziala ez den mintzaira izatea denak biltzen dituen erakundearen hizkuntza. Baina paradoxa zoragarria iruditzen zait: zure edo nire hizkuntza inposatu beharrean, inorena ez den hizkuntza neutrala izatea bakoitzaren bilgune.

Nik euskaraz, zuk bretoieraz, hark eslovenieraz, haiek alemanez, eta frantsesez beste hark. Tarteka, mintzatuko gara aldamenekoaren hizkuntzan bizpahiru laguneko elkarrizketetan, frantsesa, espainola eta beste auzo-hizkuntza batzuk ikasiko ditugu, bultzatu eleaniztasuna, noski. Baina normalena etxean gurea egitea da, eta denon artean, inoren lehen hizkuntza ez den broken English-a, hala moduzko ingelesa, natibo ingeles hiztunik gabe askoz hobeto ulertzen dugun hizkuntza global hori. Pentsa euskaraz bizi ahal izatea, eta mintzakideak ez dakienean, zuk zurea bezala hark ere bere hizkuntza aldatu eta biontzat deseroso baina biontzat neutrala den lurralde batean topo egitea, borondatez edo oharkabean asimilaziora zaramatzan lengua común horren beharrik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.