Betis 0-0 Reala

Ateak zabalik jarraitzen du

Golik gabe berdindu dute Betisek eta Realak, eta Anoetan erabakiko da kanporaketa. Sangalli hasieratik aritu da

Jon Ander De la Hoz.
2019ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Epailea. Jaime Latre. Txartel horiak: Betiseko Mandiri; eta Realeko Zalduari, Zubeldiari eta Llorenteri. Bestelakoak. 26.273 ikusle Benito Villamarinen.

Donostian erabakiko da Reala ala Betis igaroko den Espainiako Kopako final-laurdenetara. Hutsean berdindu zuten atzo bi taldeek Sevillako (Espainia) Benito Villamarin zelaian, eta horrek erraztu egin ditu itzuliko neurketako kalkuluak; gol gehien egiten duenak egingo du aurrera datorren ostegunean.

Atzo saiatu bai, baina kamuts aritu ziren bi taldeak aurkariaren atearen aurrean, eta zakua hutsik zutela amaitu zuten partida. Aldaketa askorekin aurkeztu zen Reala Benito Villamarinen, eta Imanol Alguacilek entrenatutako taldea izan zen lehen aukera izan zuena. Iktusaren ondorioak gaindituta, 72 egunen ostean zelaira itzuli zen Luca Sangalli, eta hark egin zuen donostiarren lehen jaurtiketa. Espejismo hutsa izan zen; Realari kosta egin zitzaion Betisen atera gerturatzea lehendabiziko zatian, eta Sangalliren saiakeraren ostean etxekoak erasora egin zuten etenik gabe. Betis aise nagusitu zen atsedenaldira artean, eta Geronimo Rulliren jardun onak soilik ahalbidetu zuen Reala atsedenaldira golik jaso gabe iristea.

Betisen joko erasokorraren adibide izan zen 21. minutuan egin zuten jokaldia. Espainiarrek baloia sareetara bidali zuten, baina epaileak baliorik gabe utzi zuen jokaldia, Sanabria jokoz kanpo baitzegoen. Betisen minuturik onenak izan ziren, eta berriz ere atea zulatzetik gertu izan ziren. Joaquinek jaurtiketa ona egin zuen area kanpotik, eta langara bota zuen baloia. Sufritzen ari zen Reala.

Lehen zatia amaitu moduan hasi zen bigarrena. Arriskuko bijokaldi egin zituen Betisek jarraian, eta txuri-urdinen atezainak saihestu zuen Reala atzetik jartzea. Rulliren geldiketak gako izan ziren atzoko norgehiagokan; urte berriari sasoiko ekin dio atezain argentinarrak.

Minutuek aurrera egin ahala, areagotu egin zen donostiarrek jokoan zuten pisua. Pixkanaka Betisen areara gerturatzen hasi zen, eta orekatu egin zen bi taldeen arteko dema. BetisekReala estu hartzen segitu zuen hurrengo minutuetan ere, baina ez zen une oro txuri-urdinen atearen inguruan ari. Realak, berriz, Joelen ate aurrean zenbait aukera izan zituen, eta Juanmik, Oiartzabalek eta Bautistak gertu izan zuten gola azken minutuetan. Ez zuten lortu, ordea, eta hasi bezala amaitu zen partida. Kanporaketa gainditzeko atea zabalik du Realak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.