Leganes 0-1 Athletic

Pasaportea prestatzen hasi da

Europara sailkatzeko lehian balio handiko hiru puntu lortu ditu Athleticek Leganesen. En-Nesyrik bere atean sartu du partidako gol bakarra, burukada ikusgarri batean

Athleticeko jokalariak Leganesek bere atean sartutako gola ospatzen. Horri esker irabazi zuten. JUANJO MARIN / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun

Golak. 0-1: En-Nesyri ( b. a. 42. min). Epailea. Iglesias Villanueva. Txartel horiak: Leganeseko Tarini eta Athleticeko Cordobari eta kordobari. Bestelakoak. 4.155 kusle Butarquen.

Athleticek beste urrats bat egin du Europara sailkatzeko bidean. Atzo urrea balio duen garaipena lortu zuen Leganesen zelaian, 0-1, eta zazpigarren postuan sendotu da, 49 punturekin. Jokalariak has daitezke pasaportea mesanotxetik atera, eta gutxienez iraungita ez duten begiratzen. Zuri-gorriek zortea izan zuten atzo. Leganesek, zorigaiztoko jokaldi batean, bere atean sartu zuen gola. Gainera, gol hori futbolean psikologikotzat hartzen den une batean ailegatu zen: atsedenaldirako bi minutu eskas falta zirenean.

Jokoz pobrea izan zen atzoko neurketa bi taldeen aldetik. Lehiaren hasiera eguraldi txarrak baldintzatu zuen, euri zaparrada izugarria bota baitzuen, eta haizeak gogor jo zuen. Hala, jokalariei kostatu egin zitzaien jokaldiak harilkatzea. Egoera horretara hobeto moldatu zen, dena den, etxeko taldea, eta argiak izan ez arren, pare bat bat aukera izan zituen. Lehena, Carrilloren burukada batekin, eta bigarrena Kravetsek area kanpotik egindako jaurtiketa batean.

Athletici kosta egin zitzaion baloia ateratzea, erdiko bi atzelarien eta euskarrien artean alde handia zegoelako. Baina San Jose eta Mikel Rico gehiago estutzen hasi ziren, eta 20. minututik aurrera jokoa orekatu egin zen. Bi taldeak zuloak topatu ezinik aritu ziren. Ahalegindu bai, baina askoz gehiago ez.

Golen bat egonez gero, geldikako jokaldi batean behar zuen, eta hala gertatu zen. 42. minutuan Cordobak korner bat atera zuen, eta En Nesyrik, nahigabe, gola sartu zuen bere atean, burukada ikusgarri batekin.

Lehen zatian egin bezala, bigarrenean ere hobeto hasi zen Leganes. Mauricio Pellegrinok Unai Bustinza zelairatu zuen, eta horrek beste bizitasun bat eman zion etxekoen jokoari. Athleticek, dena den, Gaizka Garitano entrenatzaile denetik ohi duen moduan, lerroak ondo batu, eta eutsi egin zien etxekoen ahaleginei.

Aukerarik argiena, gainera, zuri-gorriek izan zuten. 79. minutuan izan zen. Partidan egindako kontraeraso bakanetako batean, baloia Williamsi iritsi zitzaion. Gainean zuen atzelariari izkin egin, baina Cuellar atezainaren gorputzera jaurti zuen.

Azken minutuan Leganesek gehiago estutu zuen. El-Zharrek pare bat aukera izan zituen partida berdintzeko. Baina zuri-gorrien zorionerako aurrelariak ez zuen asmatu, eta 0-1 amaitu zen norgehiagoka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.