urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Estatu baten jaiotza

2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
«Bozketaren %99 osatu da dagoeneko»; jaso dugu kazetariok erreferendumaren batzordearen oharra. Aste bi iraun behar zuen galdeketak, eta hala izango da teknikoki, azken hiru hauteslekuak datorren larunbateko arratsaldeko seiak arte egongo direlako zabalik Bougainvilleko hiru hiri nagusietan: Bukan, Arawan eta Buinen. Baina garrantzitsuena eginda omen dago, Bertie Ahern Irlandako Errepublikako lehen ministro ohia buru duen talde antolatzaileak jakinarazi duenez.

Gerrak edo ekonomiak urrundutako diasporak bozkatu du dagoeneko Australian, Salomon Uharteetan zein Papua Ginea Berriko bozkalekuetan. 829 hauteslekuetatik bederatzi baino ez daude zabalik, eta asteburu honetan Haku, Peit, Taonita eta Nuguria atoloietan eta Terran egingo da bozketa —ordu aldaketagatik, hau irakurtzen duzunerako burututa egongo da, ziur aski—. Datorren astean hiru hiri nagusietan bozkatu ahalko dute oraindik, esan bezala, baina itzela da egunotan erreferendumerako antolatutako 250 taldeek lortu dutena. Bakearen eta demokraziaren jai erraldoia, ohiko hauteskundeetan esan ohi diren klixeetatik oso urrun, II. Mundu Gerraren ostean Ozeanian egon den gerrarik ankerretako baten azken konponbide legez.

2001ean Bougainvilleko bake akordioan autonomia adostu zuten Papua Ginea Berriko Gobernuak eta independentistek, eta 2020a baino lehen independentzia erreferenduma egitea ere bai. Txikitutako herrialde batek sinatutako akordioa zen, 250.000 biztanle zituen uhartean ia hogei mila hil ziren 1988 eta 1998 arteko gerran, eta biolentziaren kultura oso errotuta zegoen. Bougainvilleko Eskualde Autonomoa handik gutxira sortu zen, baketzeak are luzeago jo zuen, eta haren azken urratsak egin arte ez da egin galdeketa: aurten bertan izan dira azken armagabetze eta adiskidetze ekintzak. Zauriak osatzeko azken urratsa bougainvillear guztiek parte hartzeko moduko erreferenduma prestatzea izan da, nazioarteko estandar handienekin, eta halaber, hondamendi handi bat jasan duen nazio bateko gizarte zibilaren aktibazioarekin.

Mauricio Claudio erreferendumaren bulegoko burua pozarren ageri da egunotako agerraldietan, lanean ibili diren taldeengatik eta jendearen inplikazioagatik; eguraldi txarrak leku batzuetan bozketa egun pare batez atzeratzea, horiek orain artean egondako ustekabe ia bakarrak. Aste osoan zehar, zabalik egon dira diasporako bozkalekuak, uharteko barnealdeko herrietakoak, itsasoan urrundutako atoloietakoak, eta beste hainbat leku zailetan bozkatzea ere ahalbidetu dute. Gerran kaltetutakoek, adinez edo gaixorik bozkalekuraino joaterik ez zutenek ere etxean edo ospitalean bozkatzeko eskaera egiteko aukera zuten, eta boto-kutxa hartuta bertaratu izan dira erreferendumaren arduradunak.

Upe tradizioa bizirik den herrietan ere, upean diren mutilenganaino joan dira: gizontasunean sartzeko iniziazioan oihanean egon behar dute luzaroan, ehiza, medikuntza eta kultura errituak ikasten, ilea upeak estalita —ilea estaltzen dien artilezko txano handi bat—; emakumerik —eta emakumeek— ezin ikusita. Bizi-bizirik da tradizio hori hainbat komunitatetan, eta mutil horienganaino ere iritsi dira, bozka dezaten.

Datorren larunbatean arratsaldeko seietan itxiko dituzte azken hauteslekuak. Dagoeneko hiriotara eraman dituzte —edo garraioan dira— gainontzeko herrietako boto-kutxak. Hauteslekuak itxita, boto-kutxak zabaltzeko eta botoak zenbatzeko unea izango da, datorren asteburutik aurrera. Emaitza ofizialak emateko epea beste aste bikoa izan arren, ahalik eta bizkorrena egiteko asmoa dauka erreferendumaren batzordeak. Dena orain arte bezain ondo joatea espero dezagun.

Lehen jai eguna joan den larunbatean izan zen, milaka herritar emozioz euren herrialdearen etorkizunaz bozkatzera joan zirenean, Bougainvilleko ikur den urdin kolorez jantzita horietako asko; hurrengoa datorren larunbatean izango da, gatazka odoltsu bati horren era eredugarrian amaiera emateagatik. Emaitzak jakinarazten dituztenean eta, itxura guztien arabera, independentzia nabarmen gailentzen denean, itzela izango da, irakurle guztiek irudika dezaketen legez.

Independentzia ez da berehalakoa izango. Baitezpadakoa ere ez, eskualdeak eta estatuak emaitza horien arabera negoziatuko baitute, eta Papua Ginea Berriko Parlamentuak izango baitu azken hitza. Estatu osoko lurraldeen iritziaren gainetik, Bougainvilleko herritarren iritzia errespetatuz bozkatzen badute —eta hala egitea espero dezagun— sekulako lezioa emango diote munduari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.