Katalunia. Independentziari buruzko galdeketa. Isabel Vallet. CUPeko parlamentaria

«A-9an ez bada, ez dute gure babesa topatuko»

Oposizioko alderdi subiranistek gogor egin diote Kataluniako Gobernuari azaroaren 9rako bidean ez etsitzeko. Hala ere, CUPek argi dauka: galdeketa egin arte babestuko ditu autonomismoaren gurasoak, ez gehiago.

Samara Velte -

2014ko urriak 8
CUPek Kataluniako Legebiltzarrean dauzkan hiru diputatuetako bat da Isabel Vallet (Benicull de Xuquer, Valentzia, 1980). Ordezkaritza parlamentario txikiena izanagatik ere, lotura estua du prozesu independentista bultzatu duen herri mugimendu zabalarekin. Gogor egin dio CiUren gobernuari, herritarrei emandako hitza bete dezan. Azaroaren 9aren atarian atzera egiten badu «oso garesti» atera dakiokeela ohartarazi du Valletek: «Horretarako gaude gu, azaroaren 9an bozkatuko dugula ziurtatzeko».

Herenegun, CiUk esan zuen datorren astean erabakiko dutela zer egin azaroaren 9ko kontsultarekin. Orain, ezetz. Nola uler daiteke hau guztia? Espero zenuten halako adierazpenik?

CiUk bere kabuz erabakiko zuela? [barre egiten du]. Uste dut irakurketa interesatu bat egin dela kanpotik, hainbat eragilek eta hedabidek bultzatuta. Aurreko asteko argazki hark ez zuen denerako batasuna erakusten: gu hemen gaude, eta hala egongo gara galdeketa bermatzeko eman behar diren pauso guztietan, baina hortik aurrera, ez. Beraz, bai, alde batetik harritu gaitu CiUk egun bat aipatu izana, aurreko astean ez baikenuen egun zehatzei buruz hitz egin; baina, beste alde batetik, ez zaigu hain bitxia egin. Finean, gobernuak gutxi-asko nahi duena egin dezake, baita bozak aurreratu nahi baditu ere.

Zein neurritan ikusten duzu gobernua prozesuarekin konprometituta?

Baietz diote, kontsulta egin behar dela; orain arteko bileretan, ez dute atzera egiteko asmorik adierazi. Dena den, gure ustez, bide legalista hori neurri batean okerra da, batez ere kontuan izanda nori ari garen aurre egiten. Espainia estatu antidemokratikoa da erabat, legezkotasunak nahieran sortzen dituena, eta bistakoa da haren botere judizialaren eta betearazlearen arteko menpekotasuna. Zalantza handiak ditugu bide legalista horrek, amaieran, ezer berma dezakeen. Horregatik diogu beharrezkoa dela desobedientzia instituzionala azaroaren 9ra heltzeko.

Zergatik eusten dio CiUk legezkotasunaren argudioari?

Hasieratik ibili dira koordenada lauso horietan. «Galdeketak legea beteko du», esaten zuten, eta guk ziurtzat geneukan Kataluniako legeaz ari zirela; Kontsulta Legeaz, alegia. Baina gobernuan daudenak liberalismoaren eta ordenaren alderdiak dira, eta horren arabera jokatzen dute. Beti kritikatu izan dugu haien planteamendua: aurpegiratzen genien independentzia nahi zutela, ezer ez zedin aldatu. Guk nazio askapenerako prozesu bat proposatzen dugu, eta horrek, hain zuzen ere, Espainiako Estatuarekiko haustura eskatzen du, guztia alda dadin eta gauza askoz gehiagori buruz erabaki ahal izan dezagun.

Eta azkenean atzera egiten badu?

Herriaren agindua argia da, eta CiUren programa politikoak ere bazekarren galdeketa egiteko promesa. Bi konpromiso horiek derrigor bete behar ditu; ardura hori dauka, eta hura zalantzan jartzen badu, kaleak, mobilizazioek, antolatutako herritarrek eta garaia heldu dela sinesten duten guztiek presio egin beharko diote, ez dezan tentazioa izan atzera egiteko edo beste akordio konstituzional bat negoziatzeko.

Galdeketa egingo ez balitz, babestuko zenukete CiUk egin lezakeen proposamen alternatiborik?

Gainerako alderdiekin sinatu genuen akordioa galdeketa egiteko zen. Ez gaitzatela beste edozein agertokitan bilatu: ez aurreratutako hauteskundeak babesteko, ez eta beste edozein itun babesteko ere. Hor ez gaituzte topatuko. Urriaren 15a iristen bada eta gobernuak esaten badu ez dela galdeketarik egongo, guk ez dugu beste egoerarik babestuko, herriaren agindua argia delako. Eta ez da oraingo kontua: aspalditik dator. Legezko bide guztiak agortu ditugu jada. Ohartzen gara aurrean daukaguna Espainiako Estatua dela, eta espero izatekoa da haren jarrera; horregatik da beharrezkoa desobedientzia instituzionala, herriaren agindua betetzeko.

Badirudi inork ez duela ozen hitz egin nahi hauteskundeak aurreratzeaz, baina zenbateko aukera ikusten duzu hori gertatzeko?

Egia esanda, ez dakigu. Ostiraleko bileran baztertuta geratu zen, printzipioz, kontsultaren ordez bozetara deitzeko aukera. Nolanahi ere, haiek aurreratzea presidentearen esku dago, eta edozein unetan egin dezake; ez dakit gainerako alderdiei lehenago jakinarazi behar dien edo ez.

CUPi zer iruditzen zaio aukera hori?

Nondik begiratzen zaion. Argi dago azaroaren 9an ez dela ezer amaituko: gure proiektu politikoak jarraituko du, ikuspegi nazionaletik zein sozialetik. Azaroaren 9an bozketa egiten bada, hurrengo egunean derrigor deitu beharko da hauteskundeetara, bozketaren emaitza kudeatuko duen gobernu bat nahi baldin badugu. Gobernu horrek ezarri beharko ditu herrialde honetarako proiektu politiko berriaren oinarriak. Eta, gainera, gizarte katalanak gauza askori buruz erabaki nahi du: eredu sozioekonomikoa kapitalista izatea nahi duen, Europako Batasunaren barruan jarraitu nahi duen, bankuek pribatuak izan behar duten...

Edozein modutan, bozak, beraz.

Azaroaren 9ko galdeketaren emaitza independentziaren aldekoa bada —eta hala izatea espero dugu—, ez dugu uste oraingo gobernuak kudeatuko duenik hortik aurrerakoa. Alde batetik, koalizioan independentista ez den alderdi bat dagoelako; eta, bestetik, zaila iruditzen zaigulako autonomismoa adostu eta garatu duten horiexek orain gai izatea egoera independentista bat maneiatzeko. Bozketaren ostean, prozesu zabalago bat hasi beharko da.

Eta hor ohiko desadostasunak azaleratuko dira.

Batasuna, helburu bakar batetik harago ulertuta, ez da sekula egon. CiU alderdi neoliberal bat da, eta ERCk gobernu egonkortasunerako ituna sinatu du harekin. Akordio horren bidez, guretzat gorrotagarriak diren hainbat neurri babestu ditu, besteak beste, murrizketak eta atzerapausoak eskubide sozialetan. Horrenbestez, batasuna baino gehiago, helburu partekatu bat dago gure artean: azaroaren 9an galdeketa egitea. Eskatu izan zaigun lekuan egon gara, baina gure planteamendu politikoa ez da sekula izango CiUk edo ERCk dutena. Galdeketa gauzatzeko egin behar den guztia egiteko prest gaude, baina hortik aurrera ez dago inolako batasunik.

Prozesu honen ondorioz, jendea ezkerreko mugimenduetara gerturatzen ari dela sumatzen duzu?

Baietz uste dut. Jende gehiena informatuta dago, eta badakite masen mobilizazioek baldintzatu dutela agenda politikoa. Kontzientzia independentista ere hazi da, guk independentzia ulertzen dugun moduan: alegia, independentziak bitarteko bat izan behar duela beste guztia aldatzeko. Prozesu honekin, jendeak ikusi du nola jokatzen duen Espainiako Estatuak: erabat geldi, gor eta zaharkituta geratu da bere etorkizun politikoa erabaki nahi duen gehiengo zabalaren aurrean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna