Huesca 0-4 Athletic

Erraz egin du aurrera

Joanekoan gertatu legez, Athletic oso nagusi izan da Huescaren aurka. Gaizka Garitanorekin joko zuzenagoa egin du taldeak

Aduriz, baloia kontrolatzen ahalegintzen, parean Insua duela. JAVIER BLASCO / EFE.
haritz gallastegi
2018ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Adurizek (37. min). 0-2: Adurizek (59. min). 0-3: Williamsek (81. min). 0-4: Williamsek (92. min). Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak: Huescako Mustori eta Avilari. Bestelakoak. 5.561 ikusle Alcoraz futbol zelaian.

Ezinezkoa da entrenatzaile berriarekin lan saio bakarra eginda jokatzen duen talde baten gaineko analisi sakona egitea. Gainera, ia erabakita dagoen kanporaketa bateko itzuliko partida bada, komenigarria da taldeak proposatutakoa zein zelaian egindakoa zuhurtziaz aztertzea. Hala ere, nahikoa da Eduardo Berizzoren proposamenak eta Gaizka Garitanorenak ez dutela antzik esateko. Athleticen jarraitzaileek ez dute denbora batean buruz buruko zaintzarik ikusiko. Ez eta zelai erdian baloia alde batetik bestera mugituz aurkariaren atzealdean zuloak aurkitzen ahaleginduko den taldea ere. Athletic berria zuzenagoa da. Lerro guztiak bata bestetik ahalik eta gertuen jarrita lortzen den sendotasunetik abiatuta aurkaria menperatzen saiatu den talde bat izan da.

Hala, joaneko partidako emaitza berberarekin menperatu zuen Athleticek Huesca Alcorazen, erraz, eta Espainiako Kopako final-zortzirenetan da. Arlo guztietan nagusitu zitzaion aurkariari. Baina, joanekoan ez bezala, aukera gutxiago eman zion aurkariari.

Itxaron egin beharko da Garitanoren gustuko hamaikakoa zein den jakiteko. Atzo, Muniain, San Jose, Williams eta De Marcos aulkian utzi zituen, baina litekeena da horietako askok lekua izatea Ligako hamaikakoan. Jokatu zutenek argi zuten agindua: arriskurik ez hartzea. Yuri izan zen zuri-gorririk onena lehen zatian. Sakontasuna eman zion taldeari ezker hegaletik. Baina gola IƱigo Martinezen pase luze eta zehatz batek eragin zuen. Adurizek aurrea hartu zion bere zaintzaileari, eta bikain loratu zuen Wernerren aurrean. Akabo kanporaketa. Bigarren zatian Adurizek berak handitu zuen aldea. Aurrelariak, jokoz kanpo zegoelakoan, indar gabe jaurti zuen Wernerren hanka azpitik, Dani Garciaren jaurtiketa txar baten aldaratzea baliatuz. Williamsek hartu zuen Adurizen lekukoa azken ordu erdian. Eta hark ere beste bi gol sartu zituen. Aurrena, ate aurrean bakarrik, Susaetaren eta Raul Garciaren arteko jokaldi eder bat baliatuz. Eta, bigarrena, Etxeitak atezainari egindako pase txar bat aprobetxatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.