HUESCA 0 ATHLETIC 4

Erraz egin du aurrera

Joanekoan gertatu legez, Athletic oso nagusi izan da Huescaren aurka. Gaizka Garitanorekin joko zuzenagoa egin du taldeak
Aduriz, baloia kontrolatzen ahalegintzen, parean Insua duela.
Aduriz, baloia kontrolatzen ahalegintzen, parean Insua duela. JAVIER BLASCO / EFE

Haritz Gallastegi -

2018ko abenduak 7
Golak. 0-1: Adurizek (37. min). 0-2: Adurizek (59. min). 0-3: Williamsek (81. min). 0-4: Williamsek (92. min). Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak: Huescako Mustori eta Avilari. Bestelakoak. 5.561 ikusle Alcoraz futbol zelaian.

Ezinezkoa da entrenatzaile berriarekin lan saio bakarra eginda jokatzen duen talde baten gaineko analisi sakona egitea. Gainera, ia erabakita dagoen kanporaketa bateko itzuliko partida bada, komenigarria da taldeak proposatutakoa zein zelaian egindakoa zuhurtziaz aztertzea. Hala ere, nahikoa da Eduardo Berizzoren proposamenak eta Gaizka Garitanorenak ez dutela antzik esateko. Athleticen jarraitzaileek ez dute denbora batean buruz buruko zaintzarik ikusiko. Ez eta zelai erdian baloia alde batetik bestera mugituz aurkariaren atzealdean zuloak aurkitzen ahaleginduko den taldea ere. Athletic berria zuzenagoa da. Lerro guztiak bata bestetik ahalik eta gertuen jarrita lortzen den sendotasunetik abiatuta aurkaria menperatzen saiatu den talde bat izan da.

Hala, joaneko partidako emaitza berberarekin menperatu zuen Athleticek Huesca Alcorazen, erraz, eta Espainiako Kopako final-zortzirenetan da. Arlo guztietan nagusitu zitzaion aurkariari. Baina, joanekoan ez bezala, aukera gutxiago eman zion aurkariari.

Itxaron egin beharko da Garitanoren gustuko hamaikakoa zein den jakiteko. Atzo, Muniain, San Jose, Williams eta De Marcos aulkian utzi zituen, baina litekeena da horietako askok lekua izatea Ligako hamaikakoan. Jokatu zutenek argi zuten agindua: arriskurik ez hartzea. Yuri izan zen zuri-gorririk onena lehen zatian. Sakontasuna eman zion taldeari ezker hegaletik. Baina gola Iñigo Martinezen pase luze eta zehatz batek eragin zuen. Adurizek aurrea hartu zion bere zaintzaileari, eta bikain loratu zuen Wernerren aurrean. Akabo kanporaketa. Bigarren zatian Adurizek berak handitu zuen aldea. Aurrelariak, jokoz kanpo zegoelakoan, indar gabe jaurti zuen Wernerren hanka azpitik, Dani Garciaren jaurtiketa txar baten aldaratzea baliatuz. Williamsek hartu zuen Adurizen lekukoa azken ordu erdian. Eta hark ere beste bi gol sartu zituen. Aurrena, ate aurrean bakarrik, Susaetaren eta Raul Garciaren arteko jokaldi eder bat baliatuz. Eta, bigarrena, Etxeitak atezainari egindako pase txar bat aprobetxatuz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna