Eurokopa

Dena daukate eraikitzeko

2020ko Eurokopa urtebete geroago hasiko da, ostiralean, Erroman. 24 selekziok jokatuko dute, eta 11 herrialdetan izango da, lehenengo aldiz. Ikusleak batuko dira zelaietan, pandemia betean egonagatik ere. Faboritoen artean Frantzia nabarmentzen da. Debutariak: Finlandia eta Ipar Mazedonia.

Dena daukate eraikitzeko.
Aitor Manterola Garate.
2021eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Azken Eurokopa ez zen duela lau urte jokatu, nahiz eta aurten txapelketa baden. Berez lau urtetik behin izaten da, baina, pandemiaren eraginez, bosteko tartea izango du oraingoak aurrekoarekin: 2016kotik 2021ekora. Euro 2020 izena izango du, eta datorren ostiralean hasiko da, Erroman, A multzoko partida honekin: etxeko selekzioa eta Turkia (21:00). Uztailaren 11n bukatuko da, finalarekin. 50 partida jokatuko dituzte guztira; kontsolazio finalik ez dago.

PANDEMIA BETEAN

COVID-19ak aurrean eraman zuen iaz jokatu behar zen txapelketa, eta beste aldaketa batzuk ere eragin ditu pandemiak. Hamabi herrialdetan zen jokatzekoa hasieran: Italia, Azerbaijan, Hungaria, Errumania, Alemania, Danimarka, Herbehereak, Ingalaterra, Eskozia, Irlanda, Euskal Herria eta Errusia. Dublin Irlandako hiriburuan ez da partidarik izango azkenean, pandemiaren gainean UEFAk jarritako irizpideak eta betebeharrak ez dituelako bete ahal izan. Ez du beste inork ordezkatu. Bai, ordea, Euskal Herria. Bilbo zen aukeratua, baina ikusleak zelaietan sartzeko gutxieneko baldintzak ez daudela esan du Eusko Jaurlaritzak, eta UEFAk Espainiari eman dio aukera: Sevillako Cartuja estadioan jokatuko dira San Mamesen jokatu behar ziren partidak.

Pandemia betean dago Europa oraindik ere, eta hainbat herrialdetan ez dituzte kendu hari aurre egiteko neurriak. Zorrotzak dira oraindik toki askotan. Horrek eragin du, besteak beste, denboraldi honetan zalerik ez izatea kirol ekitaldietan ia inon, salbuespen ale bakan batzuetan izan ezik. Bada, Eurokopak iaz kendu zionaren ordaina eman nahi izan dio pandemiari, nolabait esatearren. «Oraingoan ez nauzu izorratuko», edo horrelako zerbait, eta Eurokopa hau izango da kirol munduan zale multzo handiak zuzeneko ikusle izango dituen lehendabiziko lehiaketetako bat. Saskibaloian, adibidez, Euroligan eta Errusian, joan ahal izan dira zaleak, baina ez Eurokopa honetan bezainbeste. Estadio guztietan ez da zale kopuru bera izango, dena den. Budapesteko Ferenc Puskas estadioan eta Londreseko Wembleyn, dena betetzea aurreikusita dago, baina besteetan, zati bat baino ez.

HERRIALDE ASKOTAN

Badu berrikuntza bat eta handia aurtengo Eurokopa honek: hainbat herrialdetan jokatuko da aurreneko aldiz. Inoiz ez da 11 tokitan izan orain arte. 2000koa Belgikan eta Herbehereetan jokatu zen; 2008koa, Austrian eta Suitzan; eta 2012koa, Polonian eta Ukrainan. Gainerako hamabiak herrialde bakarrean izan ziren.

24 SELEKZIO

Duela lau urteko txapelketan jokatu zuten lehendabiziko aldiz 24 selekziok. 1996tik 2012ra hamasei aritzen ziren, eta 1980tik 1992ra, zortzi. Aurreko aldi guztietan lauk bakarrik jokatzen zuten. Sei multzotan daude banatuta talde guztiak: bakoitzean lau. Multzoetan, denek denen aurka jokatuko dute, hiruna partida. Multzo bakoitzeko bi onenak pasatuko dira final-zortzirenetara, eta A, B edo C multzoetako hirugarrena, eta beste horrenbeste D, E edo F multzoko hirugarrenekin ere; baita A, D, E edo Fko onena ere, eta A, B, C edo Dkoa. Lehen faseko partiden ordutegia hau izango da: 15:00, 18:00 eta 21:00 (azken jardunaldian, 18:00etan eta 21:00etan).

Parte hartzaileen artean, palmares onena dutenak Alemania eta Espainia dira, hiruna titulurekin; Frantziak bi dauzka, eta bana Italiak, Sobiet Batasunak, Danimarkak, Herbehereek eta Txekoslovakiak.

Badira bi selekzio debutari 24ko multzoan: Finlandia eta Ipar Mazedonia. Hori ekartzen du selekzio kopura handitzeak, aukerak ugaritzen zaizkiela talde apalei. Hainbat urteren ostean txapelketan ariko direnak ere badaude: Eskoziak, esate baterako, 25 urte daramatza jokatu gabe, eta Herbehereek eta Danimarkak, bederatzi.

FABORITOAK

24ko multzoan, selekzio guztien maila ez da bera izango, jakina. Batzuk hobeak dira beste batzuen aldean, eta, ondorioz, txapelketa bezperatan, faboritoen zerrendan ez dira denak sartzen. Nahiz eta izendatze hori luzexka den oraingo honetan. Ez baita faborito argirik. Duela lau urteko txapeldunari zor zaio multzo horretan sartzeko eskubidea, eta Portugalek badu gaia txapelketa ona egiteko. 2016ko finalean sari handirik gabe geratu zena Frantzia izan zen, eta baliteke hura izatea faboritoen artean faboritoena. Taldearen oinarri sendoa orube ona izaten da izarrak nabarmentzeko, eta horixe da, hain zuzen ere, Frantzia —Munduko Kopako azkeneko irabazlea—. Gainera, azkeneko txapelketa handi horretan izan ez zeukan izar bat dauka orain: Karim Benzema.

Beste selekzio batzuek ere osatzen dute hautagaien multzoa, eta hor sartzekoak dira Belgika, Alemania, Ingalaterra, Italia eta Espainia. Badira talde onak ere gehiago; Herbehereak eta Kroazia, esaterako. Gainontzekoetako batek txapelketa irabaztea sekulako ezustea litzateke, eta kontu jakina da zer gertatzen den ezustekoekin honelako txapelketetan: iristen dira ia gailurreraino, baina tontorra ez dute zapaltzen. 2004ko Eurokopako Grezia izan daiteke salbuespena azken aldiak oroitzen hasita, baina oso kasu bakanak izan ohi dira.

HAINBAT IZAR

Izen handiak daude Europako futbolean, eta haietako asko ariko dira Eurokopa honetan. Batzuk aipatzen hasita, hemen zerrenda bat: Kylian Mbappe, Benzema eta Antoine Griezmann (Frantzia), Cristiano Ronaldo eta Bruno Fernandes (Portugal), Kevin De Bruyne eta Romelu Lukaku (Belgika), Christian Eriksen (Danimarka), Frenkie de Jong (Herbehereak), David Alaba (Austria), Oleksandr Zintxenko (Ukraina), Harry Kane (Ingalaterra), Luka Modric (Kroazia), Robert Lewandowski (Polonia) eta Josuha Kimmich (Alemania).

Gero, txapelketa guztietan gertatzen den bezala, izar horietako batzuk norberaren edota selekzioaren lan eskasaren lainoek estaliko dituzte. Eta, beste alderdi batetik, izar berriak ere sortuko dira, jokalari gazteak. Hautagai bat edo beste badago: Gianluigi Donnarumma (Italia), Eljif Elmas (Ipar Mazedonia), Nuno Mendes (Portugal), Phil Foden (Ingalaterra), Ryan Gravenberch (Herbehereak) edo Kai Havertz (Alemania).

Ohikoa den bezala, txapelketan egon behar luketenak baina egongo ez direnak ere badaude; adibidez, ez dira ariko Dominik Szoboszlai (Hungaria), Trent Alexander-Arnold (Ingalaterra), Virgil Van Dijk (Herbehereak) edota Zlatan Ibrahimovic (Suedia). Sailkatu ez direlako ez dira izango Erling Haaland (Norvegia) eta Jan Oblak (Eslovenia).

JOKALARIEN NEKEA

Izarrak izar, freskotasunik ez badute nekez egingo dute argirik, eta horixe da Eurokopa honen inguruan dagoen kezka nagusia, jokoari dagokionez: nekeak jota iritsi dira sasoi amaierara jokalari ia guztiak. Nekearen zamak bete-betean joko du ikusgarritasuna, ziurrenik. Bestela ere, aurreko aldietan, selekzioen arteko txapelketetan aspaldi galdu zen ikusgarritasuna —eta ez bakarrik nekearengatik—, eta oraingo honek ez du ematen egokiena berreskuratzeko. Lesioen arriskua ere handia izan daiteke, eta emaitzetan eragile garrantzitsua edota erabakigarria ere bihur daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.