Perfumerias 60-56 IDK Euskotren

Gertu izan du ezustea

IDK Euskotrenek galdu egin du Perfumerias Avenidaren aurka Espainiako Kopako final-laurdenetan. Partida handia egin du

Colibaly eta Cox bi baten aurkakoa egiten Hofen aurka, atzoko partidan. IDK EUSKOTREN.
Aitor Manterola Garate.
2022ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Markagailua. 9-11; 29-24 (atsedenaldia);46-41; 60-56.

IDK Euskotreni gutxi falta izan zitzaion atzo galanta egiteko Espainiako Kopan. Kaleratu egin zuen Perfumerias Avenida faborito handiak (60-56), baina azkenera arte finalerdietarako sailkatzeko aukerekin egon zen Azu Muguruzaren taldea. 25 segundo falta zirela, hiru behera zen, eta baloiaren jabe, baina ez zuen saskiratu.

Ligako bigarrena eta bosgarrena izan ziren aurrez aurre, eta horrela ikusita ematen du alde handirik ez duela egon behar bien artean. Baina badago. Nahieran osa dezake taldea Salamancako taldeak (Espainia), dirua duelako. Hainbesteko pagotxarik ez du Euskal Herrikoak, eta zazpi garaipen gehiago dituzte haiek hemengoen aldean, eta bi partida gutxiago jokatuta. Horrek guztiak faborito egiten zuen Perfumerias, nahiz eta IDK-k ere izan zezakeen zeresana, partida bakarrera edozer gerta daitekeelako. Horixe du bereizgarri Kopak, eta ia-ia bete zen Valentziako (Herrialde Katalanak) partidan.

IDK-k bi gauza egin behar zituen ondo ezustea eman ahal izateko, eta bi horien ondorioa izango zen hirugarrena: defentsako lanean zorrotz aritu, eta erasoan luze jokatu, espainiarrei kontraerasoan jokatzeko aukerak mozteko. Hori guztia egiteko gai izan zen, eta, ondorioz, irabazteko aukerekin heldu zen azkenera. Horrelakoetan, gauza txikiek erabakitzen dute, eta ondo azaldu zuen noren aldera joan ziren Maria España IDK-ko jokalariak: «Saskiratze erraz batzuetan kale egin dugu». Epaileen lanak ere haien aldera egin zuen erabaki batzuetan, eta hori ere kalterako azkenean. Zama.

Berdintasuna ondo azaltzen du datu honek: talde bakoitzak bi laurden irabazi zituen. Perfumeriasek bigarrena eta hirugarrena, eta IDK-k beste biak. Atsedenaldira, Salamancakoak joan ziren aurretik (29-24), eta alderik handiena zortzi puntukoa izan zuten, hirugarren zatia amaitzeko minutu eta erdia falta zenean (44-36). Gipuzkoarrak aurretik ere izan ziren, ordea. Lehenengo saskiratzea Kahleah Copperrek sartu bazuen ere Perfumeriasentzat, hortik bigarren laurdeneko erdira arte, IDK-k agindu zuen. Datua da, taldearen lan onaren erakusgarri.

Cox, partidako onena

Akabera arte iraun zuen jardun on horrek. 1.16 minutu falta zirenean, bat behera zen Muguruzaren taldea, adibidez. Hirura igo zuen aldea Isabella Alariek 55 segundo geratzen zirenean, eta hurrengo erasoan, IDK-k baloia galdu zuen. Mariam Coulibaly bakarrik zen saskipean, baina ez zitzaion baloia iritsi. Espainiarrek ere ez zuten asmatu gero. Ezta euskal herritarrek ere segituan. Leo Rodriguezek puntu bat sartu zuen gero jaurtiketa libre bidez, eta bigarrena huts egin bazuen ere, errebotea Copperrek hartu zuen, eta falta egin zion IDK-k zazpi segundo geratzen zirenean. Bi jaurtiketa libreak sartu zituen estatubatuarrak (60-56), eta Coulibalyk azkar erantzun bazion ere biko batekin, azken lau segundoetan ez zen ezer gertatu. Markagailuak ez du gezurrik esaten (60-56). Ezta partida akaberako aurpegiek ere IDK-koen artean: pozik egindako partida puskarekin, baina minduta. Ez baita egunero lortzen Europako txapeldunordearen aurka oso ondo jokatzea eta estu hartzea.

Partidako saskiratzailerik onena Lauren Cox estatubatuarra izan zen. IDK-ko hegal-pibotak 19 puntu sartu zituen. Zortzi errebote harrapatzeko gai ere izan zen. Perfumeriasen onena Copper izan zen, 10 punturekin eta zazpi erreboterekin. Jokalari baloratuena Cox izan zen, 31rekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.