Euskal Herriko Itzulia. Igor Arrieta. Kern Pharmako txirrindularia

«Jo eta su joanda ere, 30-40 ziklista sartzen zaizkit orain aurretik»

Euskal harrobiko onenetarikoa dela diote. Oparoa du etorkizuna. Lehen aldiz ari da profesionaletan, eta Itzulian ere bai horrenbestez, eta hasita dago gauzak erakusten Jose Luis Arrieta ziklista ohiaren eta zuzendariaren semea. Azkeneko etapan nahiko luke zerbait erakutsi.

LUIS ANGEL GOMEZ / SPRINTCYCLING.
Aitor Manterola Garate.
2022ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Amurrion herenegungo etapa amaitu eta gero, masajea hartzeko zain zegoen Igor Arrieta (Uharte-Arakil, Nafarroa, 2002). Orduan erantzun zituen BERRIAren galderak, telefonoz. Lehen aldiz ari da Euskal Herriko Itzulian lehiatzen, eta onartu du profesional berria izanik «sufritzea» tokatzen ari zaiola. Jo eta su joanda ere lehiakide asko sartzen zaizkiola kontatu du, «afizionatuetan ez bezala».

Espero ez zenuen zerbait aurkitzen ari zara Itzulian?

Ez. Azkarra eta gogorra izatea espero nuen, eta horrela izaten ari da. Oso bizi hasten dira etapak, eta igoerak ere ziztuan egiten dira.

Ondo ari zara gorputza bere onera ekartzen egun batetik bestera?

Oraingoz, nahiko ondo, baina egunik gogorrenak falta dira. Asteazkenekoa ere ez zen samurra izan, hala ere. Aldapak azkar igo genituen, eta saialdi trinkoak egin behar izan genituen maldan gorako bideetan.

Aita [Jose Luis Arrieta ziklista ohia eta zuzendaria] izan zenuen herenegun laguntzen, edaria ematen leku jakin batean.

Etortzen da ikustera, eta leku batzuetan jartzeko eskatzen diot edariekin. Berak ere eskaintzen du bere burua.

Aita ez da edozein. Maisua etxean duzu.

Bai. Gustatzen zaio lasterketak ikustea, eta aurretik ere aztertzen ditu. Errepideak ezagutzeko laguntza ona ematen dit. Aholkuak ematen dizkit, baina taldearenak ere kontuan hartu behar ditut.

Aita taldeko ziklista izan zen, taldeburuen laguntzaile fina, eta zu, berriz, irabazleago ez ote zaren.

Ez dakit [barrezka]. Gaztea naiz, eta auskalo hobea naizen edo ez.

Dakitenek esaten dute etorkizun oso ona daukazula.

Batek daki, baina saiatuko naiz ahal dudan guztia egiten, eta ikusiko da gero. Hankak lurrean dauzkat. 19 urte baino ez ditut, eta lasaitasunez hartu behar ditut gauzak. Jende askok animatzen nau, baina poliki ibili behar dut. Aitak segurtasuna ematen dit alde horretatik.

Nolako ziklista zara?

Igoeretan ondo moldatzen naiz, eta erlojupekoetan saiatzen naiz gauzak ondo egiten.

Ezaugarri horiek dira onenek dituztenak, ezta?

Zaila da onenen artean izatea, ezaugarriak edukita ere.

Galizian, lasterketa batean, gazte onena izan zara orain gutxi, eta norekin egongo podiumean, eta Alejandro Valverde beteranoarekin. Zure aita izana du zuzendari.

Ezagutzen nuen aitaren taldean egon zelako, eta egoten ginen taldeko autobusean.

Zerbait esan zizun?

Ondo noala.

Horrelako ziklista handi batek hori esatea zer da?

Ilusio handia egin zidan horrelako hitzak entzuteak.

Zu bezalako gazte batentzat zer da profesionaletara jauzi egin eta ziklista beteranoekin batera lehiatzea?

Gogorra lehenik eta behin, kalitate handia dutenez sufritzea tokatzen zaidalako. Gero, ilusioa eragiten dit.

Nork harritu zaitu Itzuli honetan oraingoz?

Gehien, Evenepoelek eta Roglicek. Alaphilippe ostadar maillotarekin ikusteak ere zirrara eragiten dit.

Orain gutxi arte haiei begira zinen errepideetan, eta orain elkarrekin lehiatzen ari zarete. Izan duzu tentaziorik on horiei zerbait eskatzeko?

Ez zait burutik pasatu, baina gero beti argazkiak begiratzen ditut, ea baten batean nire idoloak eta ni azaltzen garen.

Esaten duzu ez zarela inoiz konformatzen.

Gaztea izanda beti nahi izaten da ahalik eta gehien. Ondo ari naizela jabetzen naiz.

Afizionatuetatik profesionaletara dagoen alde handiena erritmoa da?

Bai. Orain, jo eta su joanda ere, aurretik 30 edo 40 ziklista sartzen zaizkit. Afizionatuetan, aldiz, ez.

Biharko etapa duzu buruan?

Bai, zergatik ez lan polita egin? Azkenean, egunero nekatuz goaz, eta ea nola ematen diodan buelta. Horrelako egun gogorrak ez ditut izan orain arte.

Ametsen bat?

Lehen garaipena lortzea.

Edozein lekutan?

Berdin zait.

Lasterketetara beti eramaten duzun zerbait badago, beti bera, lehiarako gauzez gain?

Pijama bat.

Zer egiten duzu hoteletan zereginik ez duzunean?

Lasai egon, atseden hartzen. Jan ere egiten dut.

Irakurri, jolasteko tramankuluetan-eta ibili ez?

Ordenagailuan gustatzen zait eguneko etapaz idatzi dena irakurtzea, eta hurrengo eguneko etapa nolakoa izango den begiratzea. Ona da besteek zer esaten duten jakitea, guk barrutik ez dugulako dena ikusten. Alda daitezke bi ikuspegiak.

Pena galanta Ibon Ruiz taldekidearena, bigarren etapa irabaztear egon baitzen.

Lasterketan ez nuen jakin etapa nola zihoan, belarriko entzungailua ez zebilelako. Galdetu nion norbaiti nola zihoan, baina ez nekien aurrena Ibon zihoanik. Gero ikusi nuen, eta pena handia eman zidan. Eskuan izan genuen etapa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.