Ilusioaren sasoia estreinatu du

Realak lehen lan saioa egin du, 2.000 zaleren aurrean. Brais Mendez eta Cho Anoetan izan dira

Realak Anoetan egin zuen denboraldiaurreko lehen entrenamendua, atzo. Irudian, lan saioa hasi aurreko talde argazkia. REALA.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Realak segida eman nahi dio azken urteetako bolada onari, eta asmo horrekin ekin dio datorren sasoia prestatzeari. Txuri-urdinek atzo egin zuten lehendabiziko lan saioa, Anoetan. Imanol Alguacilen taldeak 2.000 zale ingururenbabesa jaso zuen estreinaldian.

Opor garaian dauden haurrak ziren haietako asko. Ilusioaren ispilu izan ziren, zer esanik ez futbolariak eta teknikariak haiekin argazkiak ateratzera gerturatu zirenean. Imanolek ia ordubete igaro zuen autografoak sinatzen.

Jokalari multzo handia batu zen estadioko soropilean. Guztira, 33 jokalarik atera zuten denboraldiaurreko ohiko argazkia; tartean, taldea indartzeko xedez ailegatu direnak: Brais Mendez, eta Mohammed-Ali Cho. Bi horien aldeko apustu irmoa egin du Roberto Olabek zuzentzen duen futbolaren antolaketa sailak; etorkizunera begira eginiko fitxaketak dira.

Harrobiko bederatzi jokalarik orain aste batzuk hasi zuten prestaketa aldia, eta haiek ere parte hartu zuten estreinako entrenamenduan. Batzuk ailegatu eta besteak joan, ordea. Aurki Reala utz dezakete Ion Guridik, Jon Bautistak, Modibo Sagnanek eta Joseba Zalduak, baina haiek ere taldearekin entrenatu ziren atzo, gaur-gaurkoz klubeko kide direnez gero. Entrenamenduaren zati bat egin ostean, multzo nagusia baino lehen joan ziren aldageletara.

Bakoitza bere erritmoan

Ander Barrenetxea eta Carlos Fernandez ere zelaian izan ziren. Biek min hartuta iragan zuten aurreko sasoia, eta aurten Imanolen esanetara ariko dira oker handirik ezean. Mikel Oiartzabalek, berriz, lan espezifikoa egin zuen, eta Martin Merquelanz makuluekin azaldu zen estadiora. Beren selekzioekin aritu ondoren, Alexander Isak aurrelaria eta Matthew Ryan atezaina ez ziren izan lan saioan.

Multzo nagusiaren lehen saioa arina izan zen; baloi jabetzako ariketak eta indar nahiz abiadura zirkuituak egin zituzten, oro har. Lehen harremanaren ostean, Reala ateak itxita entrenatuko da gaur eta bihar, eta atseden hartuko du igandean. Bihar zortzi jokatuko du lehen lagunartekoa, Okzitaniako Tolosaren aurka. Zubietan jokatuko dute, zaleen artean ilusio handia piztu duen denboraldi hau abiatu baino hilabete eskas lehenago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.