Noiz sortua: 2019-03-24 00:30:00

LEKU-LEKUTAN

Agur eta ohore

Urtzi Urrutikoetxea -

2019ko martxoak 24
Amaitu da kalifa herria. Bost urteko amets genozidarenak egin du. Aurrerantzean, egiazkoa izango da kazetariok «Estatu Islamikoa taldea» deitu duguna, azken hitz horrek —taldea- legitimazioa kentzen ziolakoan; egiazko estatu bat zela ukatzeko itsatsitako hitza zen, baina proiektu islamofaxistak artean estatu baten ezaugarri ugari zituen; zergak jasotzea, adibidez. Estatuak azken lurraldea galdu zuen atzo; orain, taldea gelditzen da, milaka militanterekin eta urteotako trebakuntza psikopata horrekin —areago, izan zenaren lilura eta mitoa gelditzen zaie, egunotan Baghuzetik irten diren borrokalari garaitu baina ez damutuen ahoetan entzun dugunez—.

Egitasmo genozida klerikala ezkerreko militante armatuek garaitu dute. Ameriketako Estatu Batuen babesarekin, zalantzarik ez, baina neska-mutil kurduen ausardiari eta sakrifizioari esker. Belaunaldi oso baten ekinaldi eskuzabalak ekarri du daex-en porrota. Mugimendu politiko indartsu eta inteligente bat dauka atzean, Ekialde Hurbileko liztor-habian joko diplomatikoa ahalik eta ondoen negoziatu duen buruzagitza bat. Lehendabizi, gazteen oldarra geldiarazteko, erregimen ustel baten aurka milaka arabiar protestan irten zirenean: Siriako kurduek ordura arte errepresio gogorra jasan bazuten ere, esperientziak zioen arabiarren arteko gatazka zela. Askok kritikaturiko hirugarren bide bat hartu zuten, Baxar al-Assad Siriako presidentearen aurka, baina oposizio islamistatik urrun, eta, erregimena lurralde kurduetatik erretiratu zenean, euren herrien defentsarako miliziak (YPG) sortzen asmatu zuten. Moskun izan zuten bulego ofizial bakarra, Genevako negoziazioetan Washingtonek Siriako oposizioak eta Turkiak agindutako betoa ezartzen zien artean.

Duela bost urte Mesopotamia erdia jihadisten kontrolpean gelditu zenean, Mosulgo konkista, yezidien genozidioa eta Kobaneko setioa gertatu zirenean, militante ezkertiar haiek bakarrik izan ziren aurre egiteko gai. Ordurako abian zeukaten hiru kantoien sistema, behetik gorako demokrazia erradikal bat praktikan, erlijio, hizkuntza eta komunitate guztiekiko begirunez eta ahalduntzean, bereziki emakumeen ahalduntzean oinarritua. Horrek guztiak, bistan da, ez zuen ez Moskuren ez Washingtonen —are gutxiago Teheranen— begirada erakarri, egitasmo politiko hori garatzen zuten kurduek hura defendatzeko erakutsitako ausardiak baizik.

Parentesi bat eginda: 2009an, BERRIArako elkarrizketa bat egin nuen Abdullah Ocalan Kurdistango Langileen Alderdiaren buruzagi espetxeratuaren abokatuarekin, Istanbulen. Elkarrizketa hura amaituta, eta solasean genbiltzala, Euskal Herrirako zer nahi nukeen galdetu zidan, eta xalo-xalo erantzun nion Europan gure errepublika txikia nahi nuela, auzo-estatuen pare, eta haiekiko harreman onean. Pentsakor gelditu zen; tea prestatzera joan zen sukaldera, eta handik gutxira etorri zitzaidan oker nenbilela esaten, nazio-estatua gainditu beharreko egitura zela, eta abar. Ondo ezagutzen nuen erretorika hura, mugimendu kurduko militanteek sarritan aipatzen baitzituzten liderrak azken aldian zerabiltzan ideia haiek, nahiz eta konfiantza hartutakoan askok onartzen zuen 1980ko eta 1990eko hamarkadetako ideietan sinesten zutela oraindik, Kurdistan independente batean. Aitortzen dut ideologia berri hura, 2009an entzunda, naif samarra iruditzen zitzaidala, Eskandinavia edo Berlingo Komuna libertario batean probatzeko egokia agian, baina ez Ekialde Hurbileko anabasan praktikan jartzeko.

Handik urte gutxira, Sirian jarri zuten praktikan, aurre eginda I. Mundu Gerrako marra kolonialei eta nazionalismo arabiarrari zein turkiarrari eta integrismorik hiltzaileenari; inork ordaindu beharko ez lukeen prezioa ordainduta, besteok dena eman behar ez dezagun. Taha Khalil idazlea dut gogoan egunotan. Azadiya Welat egunkari kurduko kazetari baten bidez etxean hartu ninduen Qamislon, Rojavako hiririk handienean, Turkiako Nusaybindik sartzea hain erraza zen sasoian. Uztaileko beroari etxeko freskuran egin genion aurre, eta gero azoka eta armeniarren eliza bisitatu genituen. Koadro bat eta liburu bat eman zizkidan opari Palmirako autobusa hartu nuenean. Handik gutxira hil zuten Taharen alaba gaztea, jihadistek Qamisloko administrazio kurduan jarritako bonba-auto batez. Facebooken jarri du egunotan alabaren argazkia, berriz ere.

«Sirian, kurduen iraultza besterik ez da egon», zioen Salih Muslim buruzagi kurduak asteon Karlos Zurutuzak Gara egunkarian egindako elkarrizketan. Hari ere semea hil zioten jihadisten aurka borrokan. Milaka gazte horiek gogora ekar ditzagun gaur, oraindik etxera itzuli ez diren milaka neska eta ume yezidiekin bat. Europako auzuneetako zabor miserableena joan zen kalifa herriaren perbertsio sexualak deituta. Haiei ihesi zetozenei ateak itxi dizkie Europak. Ez Mesopotamia ez Europa ez dira gehiago lehen zirenak izango. Aitortzeko ordua da lehenbizi. Gero, dena eman dutenen proiektua bizitzeko bermea behar da, Ankarako mehatxuak geldiarazteko aurrean eta Damasko/Teheranen tentazio etnozidei presio egiteko.

Kalifa herria bukatu da

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna