Osasuna 2-0 Levante

Aldartea hobetu zaio

Osasunak irabazi egin dio Levanteri Sadarren, eta eten egin du bolada txarra. Chimy' Avilak min hartu du, eta lesio larria izan dezake

David Garcia, Borja Mayoral Levanteko aurrelariarekin lehian, atzo, Sadarren. JESUS DIGES / EFE.
Julen Etxeberria.
2020ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Ruben Garciak, penaltiz (81. min.). 2-0: Iñigo Perezek (83. min.). Epailea. Soto Grado. Txartel horiak: Osasunako David Garciari, Robert Ibañezi eta Brasanaci; eta Levanteko Campañari eta Vukcevici. Bestelakoak. 14.667 ikusle Sadarren.

Bost jardunaldi Espainiako Ligan irabazi gabe, lau neurketa etxean gailendu gabe, komeriak Espainiako Kopan Bigarren B Mailako talde bat kanporatzeko... Ez zegoen momenturik onenean Osasuna. Garaipen baten premian zegoen, ondo hasitako sasoia okertzen hasi ez zedin. Bada, iritsi da desiratutako garaipena. 2-0 irabazi zion atzo Levanteri Sadarren. Garaipena lortuta, bolada txarra eten du Iruñeko taldeak, eta lasaitua hartu. Sailkapenean ere gora egin du, eta hamargarren postuan da, 28 punturekin. Hamabi puntura ditu jaitsiera postuak.

Garaipen gozoa da, baina badu ere gazitik.Chimy Avilak ezker belauna bihurritu zuen, eta zelaia utzi behar izan zuen 55. minutuan. Ikusteko dago lesio larria duen edo ez, baina ez du itxura batere onik. Kolpe handia litzateke Osasunarentzat bere jokalari onenarik gabe geratzea.

«Beldurra» ematen duen talde bat ikusi nahi zuen Jagoba Arrasatek Sadarren, eta entrenatzaileak eskatutakoa betez, indartsu hasi zen Osasuna, eta estu hartu zuen Levante. Saria jasotzear izan zen zazpigarren minutuan, baina Roberto Torresen jaurtiketak langa jo zuen. Baina berehala apaldu zen hasierako oldarkortasun hori, eta indarrak orekatu ziren.

Gaizki hasi zen bigarren zatia. Avilaren lesioarekin. Parekotasuna zen nagusi. Detaile batek erabakiko zuen partida, eta hala izan zen. Lehenbizi, VAR-ak Campañak Brasanaci egindako penaltia ikusi zuen, eta Ruben Garciak 1-0koa egin zuen; eta bi minutu geroago, Iñigo Perezek bigarren gola sartu zuen, eta Levanteri azkena eman zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.