Ez dugu onartuko gure seme-alaben itxialdi berririk

Ander Berrojalbiz eta Maider Lopez
2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Agian larrialdi egoera bat beharrezkoa izan daiteke desobedientzia zibilari tokia aurkitzeko, ez soilik gure hizkuntza politikoan, baizik eta gure sistema politikoan ere. Larrialdi egoera bat egiazki hurbil dago herrialde bateko erakundeek modu egokian funtzionatzeari uzten diotenean eta autoritateak bere boterea galtzen duenean.

Hanna Arendt,'Desobedientzia zibila' (1971)

Joan den martxoaren 14an Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuen, gurasoei haurrak 24 orduz etxean giltzaperatzeko aginduz. 14 urtetik beherakoentzako itxialdia sei astez luzatu zen. Umeek etxean geratu behar zuten agintariek oinarrizkoak ez diren milaka langile beraien lanpostuetan mantentzen zituzten bitartean. Guzti hori, haurrak koronabirusaren «transmisio bektore» handiak zirela baieztatzen zuten suposizio eta zurrumurruen artean. Azkenik kalera irten ahal izan zirenean, ezin izan genuen familian irten. Haurrentzako parkeak itxita zeuden; parkimetroak martxan.

Italiakoa izan ezik, Europan ez zen egon haurrei hain neurri gogorrak ezarri zizkien gobernurik. Adibidez, Estatu frantsesak herritar orori ordubetez irteteko aukera eman zien, baita okerren zeuden eskualdeetan ere, Paris eta Grand Est kasu (bigarren itxialdi bati begira ere bermatu egin du aukera hori).

Martxoaren 24an argitaratutako artikulu baten, Gizarte Arloko Presidenteordetzako bozeramaile batek ondorengoa baieztatu zuen: «Esaterako, 4 urtetik beherako umeak gurasoetako batekin irtetea baimenduko bagenu, bi milioi pertsona leudeke kalean eta hori onartezina deritzogun arrisku egoera berri bat litzateke» (El País, 2020-03-24). Hile batzuk geroago,Sebastian Walshek, osasun publikoan aditua den Cambridge Unibertsitateko ikerlariak, «arriskuen» kudeaketa hau, herrialde bakoitzak «nola xahutu» erabaki behar duen «interakzio sozialen aurrekontu bat» bezala deskribatu zuen. Adibidez, «zati bat umeak eskolara bueltatzeko erabiltzen badugu, ezin izango dugu rock kontzertuetarako baliatu» (elDiario.es, 2020-06-06). Ematen du estatuko osasun sistemak urte luzez pairatutako pribatizazio eta murrizketek, gobernuaren erantzun berantiarrarekin batera, oso aurrekontu murritza utzi zutela. Horrela, oinarrizkoak ez diren langileak euren lanpostuetan mantentzeko eta hamar egunez ere gelditu ezin den sistema ekonomikoari eragindako kalteak minimizatzeko, haurren paseoetan ere aurreztu behar izan zen.

Espainiar erako konfinamendu hau, neurri baten behintzat, bi aldagai errazekin azal daiteke. 2017ko datuen arabera, Espainiak 297 ospitale ohe zeuzkan 100.000 biztanleko, titulartasun pribatuko oheak ere kontuan hartuz. 2008an kopuru hori 320koa zen, eta 2000. urtean 365ekoa. OME Osasunaren Mundu Erakundeak 800 eta 1.000 ohe artean izatea gomendatzen du, eta kopuru hori Alemaniak soilik betetzen du, 800 oherekin; Europako batezbestekoa 504an dago (El Salto, 2020-03-14). Hala ere, Eurostat-en 2017ko datuen arabera, espainiar estatuan 360 polizia daude 100.000 biztanleko, Europako batezbestekoa 326koa den bitartean; Alemaniak 299 ditu (Arainfo, 2020-03-27).

Gauzak horrela, nahiz eta haurren osteratxoetan aurreztu eta konfinamendua terrore informatiboz eta milaka isunekin ondu izan, martxoaren 30ean, erkidego asko kolapsotik gertu izanda, gobernuak oinarrizkoak ez diren jarduerak bertan behera utzi zituen apirilaren 9ra arte.

Haatik, dekretuaren edukia ezagutu bezain laster, kapitalismo industrialarekiko estatuaren sumisioaren defendatzaile sutsuak diren EAJk eta Eusko Jaurlaritzak, agintearen aurka irauli eta presioa egin zuten langileak beraien lanpostuetan mantentzeko zirrikitua aurkitu arte. Horrela, gure seme-alabak etxean gelditzera behartuta zeuden bitartean, Q gure bizilaguna egunero joan zen lanera, armak fabrikatu eta esportatzera dedikatzen den enpresa batera (Saudi Arabia, epidemian zehar Yemen bonbardatzeari utzi ez dion herrialdea, euren ohiko bezeroetako bat da).

Alarma egoera kendu ondoren, ekainean gobernu zentralak erkidego autonomoei transferitu zien epidemiaren kudeaketa. Azken hauetan gehienak, maskara kalean une oro erabiltzea bezalako neurri arbitrarioak elkarri kutsatzeaz gain, osasungintza eta batez ere lehen mailako arreta indartzean (Pedro Sanchezen kabinetearen isiltasun agian konplize edo agian interesatuarekin), zuhurkeriatan ibili ziren, eta gizartea jo zuten erruduntzat. Azken finean, herritarrak erruduntzat jotzen badituzu, ez dizkiozu gizarteari kontuak zertan eman.

Udazkenean sartuta, ospitaleetako okupazioaren gorakadaren aurrean, urriaren 25ean gobernuak alarma egoera berri bat ezarri zuen, oraingo honetan atribuzio batzuk autonomia gobernuen eskuetan utziz. Asteazkenean, 28an, El Correo-ren azaleko titularrak ondorengoa zioen: «Eusko Jaurlaritzak berriz etxe konfinamenduak aginduko ditu hartu berri diren neurriek huts egiten badute». Hurrengo egunean, Larrialdietako Koordinatzaile Fernando Simonek hau baieztatu zuen: «Gero eta neurri gutxiago dauzkagu hartzeko konfinamenduaren aurretik». Ez batak ez besteak ez dute argitzen zein konfinamendu mota edo graduri buruz ari diren.

Neurriak neurri, gogoratu beharra dago soberan frogatua dagoela koronobirusak umeengan duen eragin eskasa, baita erabat baztertuta dagoela «transmisio bektore» arriskutsuak direla ere. Gainera, jakina da kalean kutsatzearen arriskua baxua dela. Horregatik, haurrak berriz etxean erabat giltzapetzeak ez duela inolako justifikaziorik deritzogu. Gobernu zentral eta autonomikoek, udal eta mugimendu sozialekin batera (entzun eta isil, baiezko borobil), pertsona, familia eta elkarbizitza unitate orok egunero kalera irteteko duten aukera bermatu behar dute. Bestela, kontzientzia-objekzio, intsumisio eta, agian, desobedientzia zibilaren garaietan sartuko gara berriz.

Kalean ikusiko dugu elkar.

OHARRA: Artikulua ikusgai dago https://haurrenitxialdirikez.wordpress. com webgunean, eta dagoeneko 170 atxikimendu eta gehiago ere jaso ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.