OSASUNA 1 BETIS 3

Etxean uso segitzen du

Osasunak Betisen aurka galdu du Sadarren. Etxean jokatutako lau partidetan, bi puntu baino ez dituzte eskuratu gorritxoek

Chimy Avila, etsita, aukera bat huts egin eta gero, atzo, Sadarren. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Golak.0-1: Kike Hermosok (21. min.). 1-1: Kike Garciak (39. min.). 1-2; Juanmik (81. min.). 1-3: Willian Josek (93. min.).

Etxean lehendabiziko garaipena lortu ezinda jarraitzen du Osasunak. Lau partidatan bi berdinketa eta bi porrot, hori da balantzea. Lehenengo bi partidak hutsean amaitu ziren, baina ondorengo bietan zazpi gol sartu dizkiote. Gehiegi, gauza onerako. Aldiz, Sadarretik kanpo jokatu dituen bi neurketak irabazi egin ditu. Kalean otso ari da, etxean uso.

Partida irekia espero zuen Jagoba Arrasatek, eta baita asmatu ere. Alavesen aurka garaipena lortu zuen hamaikako bera atera zuen, baina Mendizorrotzan izan zuen atzealdeko sendotasuna eta azken metroetako zehaztasuna falta izan zitzaion etxeko taldeari. Kontraerasoetan zuzen eta azkar jokatuta irabazi zuen neurketa Manuel Pellegriniren taldeak.

Ondo ekin zion lehiari Osasunak. Presioa goian eginez eta baloiak azken metroetan lapurtuz, Betis bere area inguruan setiatu zuen. Gorritxoen erritmo itogarri horri aurre egiteko, baloi jabetza luzeak baliatuta, partida lokartu zuen Sevillako taldeak (Espainia). Halako batean, 21. minutuan, falta jaurtiketa bat motzean aterata, bisitariek lo harrapatu zituzten etxekoak; azpitik egindako erdiraketa ez zuen David Garciak nahi bezala urrundu, eta Kike Hermoso debutariak aldaratzea aprobetxatu zuen baloia sarera bidaltzeko: 0-1.

Kontraerasoan beste gol bat sartzeko bi aukera on ere izan zituen Betisek, baina barkatu egin zuen. Osasunak, ez. Taldeko jokaldi on batean, Torresek Claudio Bravoren aurrean bakarrik utzi zuen Kike Garcia, eta aurrelari espainiarrak ez zuen huts egin: jaurtiketa dotore batekin gainditu zuen txiletarra, neurketako 38. minutuan.

Bigarren zatiaren hasieran, lehengo lepotik burua: Osasuna nagusi, eta bigarren gola egiteko zorian. Gutxi falta izan zitzaien Kike Garciari eta Darko Brasanaci gorritxoak aurreratzeko. Betisek ere izan zuen berea, Guido Rodriguezen oinetan. Hortik aurrera, partida erabat hautsi zen. Bigarren golaren bila gora egin zuen nabarmen Osasunak, eta Betisek arrisku handia sortzen zuen kontraerasoetan. Gorritxoen bigarrena gertuago zegoela zirudienean iritsi zen espainiarren gola: Guardadok luze jokatu zuen Montoyarekin, eta haren erdiraketa buruz errematatu zuen Juanmik, sarera. Hasieran, marrazainak baliorik gabe utzi zuen jokaldia, baina, azkenerako, gola balekoa zela erabaki zuten epaileek. Ahalegindu ziren etxekoak neurketa berdintzen, baina etxetik kanpo hobeto ari dira. Luzapenean, Willian Josek biribildu zuen Betisen garaipena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.