Isiletik isilera, itzalpetik itzalera

Amaia Leunda Agirrezabala
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Gizarte zerbitzuetan egiten dut lan, udal batean. Beti iruditu izan zait gizartearen itzalpean dagoela gure jarduna; banakako zein familiei zuzendutako arreta eta zerbitzuak kudeatzen ditugun arren, gure egitekoa isilpean, itzalpean burutzen dela, bizitzaren bide nagusiari paralelo, eta gehienetan, gure lan jardunaren ezagutza falta dagoela.

Gure helburua pertsonen ongizateari eta gizarte beharrei erantzutea da. Bazterkeria, indarkeria, babesgabetasuna, ezgaitasuna, mendekotasun edota behar ekonomiko egoeran dauden pertsonengandik eta familiengandik hurbil lan egiten dugu, haien beharrei ahalik eta ondoen erantzuteko. Ohikotasunez, gure zerbitzuetara hurbildu beharra izan ez dutenentzat, ezezagunak gara. Itzalpean lan egitera ohituta gaude.

Egunotan, Gizarte Laneko ikasle garaiko bi ikasgai nagusi dakartzat gogora: Lehena, beharrak baliabideak baino gehiago zirela beti, eta azken horien kudeaketa egokiak, pertsona eta prozesu aldakorrei erantzun behar zietela, eta ez alderantziz. Bigarrena, gizakiak bizirik irauteko harremanak behar dituela, bestearekin harremanean egiten dela gizaki, eta gizarte sarea eta kohesioa horretarako ezinbesteko direla.

COVID-19ak hainbat etxetan jada zeuden egoerak areagotu ditu, eta berriak sortu. Aldi berean, agerian utzi ditu gizartearen alde krudel (bazterkeria, bakardadea...), eta baita onenak ere (familia sarea, auzolana, gizarte kohesioa, elkarlaguntza...).

Egoera honetan, hasieratik, gizarte zerbitzuen sistema osatzen dugun administrazio maila ezberdinak eta gizarte entitateak, elkarlanean, dugun onena eskaintzen ari gara, udal txikienetik handienera, behar egoeran aurkitzen direnei erantzuteko. Egun batetik bestera, frontoiak aterpe bihurtu dira, etxebizitzak eta hainbat espazio egokitu dira behar dutenei babesa eskaintzeko; eguneko zentroetako langileak, etxeeetan arreta eman ahal izateko langile eta erresidentzietako langile moduan berrantolatu dira; gizarte entitate eta boluntarioen zerbitzu eta sare oso bat egituratu da... Esprint azkarra jo dugu, eta egunerokotasunari aurre egiten eta antolatzen ari gara etenik gabe, dauden zerbitzuak eta programak berrantolatzen, egokitzen eta berriak sortzen.

Nire txaloak isiletik isilera, udal txikienetik handienera, sare honetan lanean diharduten gizarte zerbitzuetako eta gizarte entitateetako lankide guztientzat dira; dituzten baliabide guztiekin egoerak eskatzen duen neurriko erantzuna ematen ari baitira; zaurgarritasun egoeran zeuden eta geratu diren pertsonen eta familien ondoan, komunikazioan eta elkarlanean. Bereziki aipatu udaletako oinarrizko gizarte zerbitzuetako langileak, gizarte zerbitzuen sistema osorako sarbide direnak; beraien errefortzua ezinbestekoa izango da krisialdi honek dakarrenari erantzun ahal izateko. Eta nola ez, gizarte zerbitzuen sarean elkarlanean lan egiten duten hainbat entitate eta enpresatako lankideak ere, etxez etxeko auxiliarrak, familia hezitzaileak, programa ezberdinetako psikologoak, eta, aitzitik, gizarte alojamendu ezberdinetako eta erresidentzietako langile guztiak.

Egoera honek aukera emango digu guztioi probetxuzko ikasketa eta ondorioak ateratzeko, eta hainbat zerbitzuren arreta ereduan aurrerapausoak emateko.

Konfinamendu egoera amaituko da noizbait, eta gizarte zerbitzuen ateek zabalik jarraituko dute, lehen zaurgarri zeuden egoerekin lanean jarraitzeko, eta sortutako berriei ahalik eta ondoen erantzuteko.

Profesionaltasunez, bokazioz, eta umiltasunez. Pertsona gure jardunaren erdigunean jarrita.

Isiletik isilera, itzalpetik itzalpera.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.