ATHLETIC 1 LEVANTE 2

Raul beti dago prest

Erdilari nafarrak sartutako bi golei esker hartu du mendean Athleticek Levante. Zuri-gorriek Europarako lehian jarraitzen dute

Raul Garcia, atzo, Levanteri sartutako bigarren gola ospatzen. MANUEL LORENZO / EFE.
haritz gallastegi
2020ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Raul Garciak (4. min). 0-2: Rau Garciak (45. min). 1-2: Bardhik (71. min).Epailea. Alberola Rojas. Txartel horia Athleticeko Iñigo Martinezi. Bestelakoak. Zalerik ez Camilo Cano futbol zelaian, koronabirusagatik.

Athleticentzat ez dago partida errazik. Puntuak eskuratzeko lan handia egin behar du. Baina, era berean, inoiz amore ematen ez duen talde bat da, lehiakorra oso. Raul Garciak islatzen du ondoena egun zer den Athletic. Ez da ikusgarri jokatzen duen talde bat. Zelai erditik aurrera argitasun handirik ere ez dauka. Baina Athletici irabazi egin behar zaio. Aurkariek euren momentua aprobetxatzen ez badute, ordaindu egiten dute. Atzo ere hala izan zen. Zuri-gorriek 1-2 irabazi zuten Levanteren zelaian, Raul Garciaren bi goli esker, eta bete-betean dira Europan jokatzeko lehian.

Nafarrak hartu du Aritz Adurizen lekukoa zelaian, arlo guztietan. Jada hamabost gol sartu ditu denboraldi honetan. Haren kirol ibilbideko kopururik handiena da. Atzo bi aukera izan zituen, eta bietan asmatu zituen. Lehen errematea neurketa hasi berritan egin zuen. Oskar de Marcosek eskuin hegaletik egindako erdiraketa zetorkion bezala errematatu zuen, eskuinez, penalti puntu ingurutik. Aitor Fernandezek ezin izan zuen ezer egin, nafarraren jaurtiketa indartsua izan zelako oso: 0-1.

Gol horrek konfiantza eta lasaitasuna eman zion taldeari. Aurretik jarri ondoren, baloiaren jabetza Levanteri eman, eta zain egon ziren zuri-gorriak. Ez zuten sufritu, baina bigarrena sartzeko aukerarik ere ez zuten sortu. Beroak eraginda, erritmo gutxiko lehia izan zen. Baina atsedenaldira iritsi aurretik bigarren kolpea eman zioten bizkaitarrek Levanteri. De Marcosen eta Raul Garciaren arteko elkar ulertzea erabakigarria izan zen beste behin. Arabarrak abantailarekin errematatutako pasea eman zion, eta nafarrak bi aurkariren artetik aurrera egin zuen: Aitor Fernandezen aurrean baloia patxada handiz loratu, eta bigarren gola sartu zuen (44. min).

Baina Athletici kostatu egiten zaio partidak ixtea. Zuri-gorriak ez dira kapaz sufritu gabe partidak irabazteko. Atzo ere hala izan zen. Levantek aurrera egitea erabaki zuen, eta Athletic atzean sartu zen. Levanteri kosta egiten zitzaion aukerak sortzea, baina etengabe arrisku eremuetan zebilen. Hala, lehia amaitzeko 20 minutu falta zirenean, Iñigo Martinezek ez zuen ondo egin jokoz kanpoko jokaldia. Mayoral ondoko marrara iritsi zen, eta handik golek pasea eman zion area txikian zain zegoen Bardhiri. Gol horrek urduritasuna eragin zuen zuri-gorrien artean. Baina, hala ere, Athleticek ez zuen aparteko lanik izan abantailari eusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.