Elx 2-2 Osasuna

Erdizka gelditu da

Osasuna suspertu egin da Elxen zelaian, baina puntu bakarra lortu du. Kale egin du bi areetan. Iñigo kaleratu egin dute luzapenean

Jonathan Calleri buruz erremate bat egiten atzoko partidan. RAMON / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Ruben Garciak (10. min.). 1-1: Fidelek (46. min.). 1-2: Brasanacek (64. min.). 2-2: Carrillok (78. min.). Epailea. De Burgos Bengoetxea. Txartel horia Elxeko Carrilllori. Txartel gorria Osasunako Iñigo Perezi (horiak 73. min. eta 92. min.). Bestelakoak. Martinez Valero zelaian ikuslerik ez pandemiarengatik.

Osasunak bi helburu zituen atzo Elxen zelaian: bere burua berriro aurkitzea eta garaipena lortzea. Bada, erdizka gelditu zen. Itxura aldetik, azkenaldiko lehiarik onena jokatu zuen, galdutako nortasuna eta energia berreskuratuta. Aurkaria baino gehiago izan zen ia une oro, eta merituak soberan egin zituen garaipena erdiesteko. Haatik, larrutik ordaindu zituen bi areatan egindako hutsak. Puntu bat sartu zuen patrikan, baina bi galdu izanaren sentipenarekin itzuli zen Iruñera. Berdinketa ez da nahikoa zulotik ateratzeko, ezta egindako lan ona saritzeko ere.

Bi taldeek hautsi egin zuten espero zen gidoia, eta abaila batean ekin zioten partidari. Elxek lehen minutua betetzerako izan zuen lehen aukera; Morenteri gora joan zitzaion jaurtiketa area barruan. Azken partidetako mamuak gainera etorri zitzaizkion Osasunari. Alabaina, berehala uxatu zituen, presio aurreratuaren bidez. Baloia azpitik ateratzen tematu zen Elx, eta gorritxoek beren onerako baliatu zuten hori. Aspaldiko amaraunik trinkoena osatu zuten Calleriren eta bost erdilariren bidez, eta erabat katigatu zuten aurkaria. Eta behin baloia lapurtuta, zuzen eta zorrotz egin zuten eraso.

Horren adibide izan zen Osasunak izan zuen lehen aukera, bigarren minutuan: Rubenek jabetza berreskuratu, Iñigo Perezek jokaldia dotore bideratu, eta Brasanacek erdira jaurti zuen. Zehatzagoa izan zen Ruben, lurretik izan bazen ere, Callerik ezerezetik sortutako jokaldia arrakastaz bukatzeko. 10. minutua zen, eta Jagoba Arrasateren taldeak aurrea hartu zuen markagailuan. Lehen zatian, beste bi aukera paregabe izan zituen errenta handitzeko: 23. minutuan, burukada langara joan zitzaion Unairi, eta aldaratzean oker jaurti zuen David Garciak, dena alde izan arren. Torresek ere sartu beharreko aukera izan zuen 41. minutuan, baina gehiegi gurutzatu zuen baloia.

Bigunegi area barruan

Osasunak gehiegi barkatu zuen gauza onerako, eta atsedenetik itzuli eta berehala ordaindu, erdiraketa batean: Rigonik arean baloia ukitu, eta bigarren zutoinean bakarrik agertu zen Fidel, banakoa egiteko. Nafarren minuturik txarrenak izan ziren, baina suspertu egin zituen Oierren agerpenak. 61. minutuan, Torresek kale egin zuen berriro ate aurrean; ez, ordea, Brasanacek, lau minutu geroago. Kontraerasoan zital zebiltzan Arrasaterenak.

Area barruan, ostera, hauskorregi aritu ziren, eta 78. minutuan berdinketa oparitu zioten Elxi: erdiraketa bat indarge eta erdi-erdira urrundu zuen Iñigo Perezek, eta Carrillok binakoa egin. Txantrearrak ez zuen bukaera batere samurra izan, luzapenean bigarren txartel horia atera baitzion epaileak. Lanak erdizka egin izanaren sentipenarekin gelditu zen Osasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.