Eskubideen gainean eta azpian

2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun

Amets Arzallusen aburu oso baten pasarte batzuk dituzu jarraian. Bortizkeriaren eta eskubideen inguruan ari da bertsolaria. Prentsan eta sare sozialetan dabil gogoeta, bideoz egina; Biriatuko plazan pilotan ari da hendaiarra:

«Ez zait oso justu iruditzen bortizkeriaren kritikaren ardura osoa gurea bezalako herrien ahoetan uztea. (...) Bortizkeriaren historia okerraren zama guztia herri txikien bizkar gainean uztea zapalkuntza-hasiera moduko bat da, umiliazioa da, eta kasik beste biolentzia ekintza bat. (...) Bakea benetakoa izango bada, ezin da hitz huts bat, ezta errendizio huts bat, eskubidez kargatuta etorri behar da».

Bat nator Arzallusekin. Nik ere hala nahi nuke, alta bada, «bakea benetakoa izango bada, eskubidez kargatuta etorri behar da» lerroaren harian erreflexio bat egin nahi dut.

Testuingurua:

Iraila ez da samurra izan euskal preso politikoen askapen bidean, aurreko beste hamaika irailetan gisan. Ipar Euskal Herrian ezaguna da auzia: Parisko Apelazio Auzitegiak, Fiskaltza Antiterroristaren eskaerari men eginez, Frederic Haranburu Xistor, Jakes Esnal eta Ion Paroten baldintzapeko askatasunaren erabakiaren aurka emandako epaia. Zigorrak zigor, Frantziako Estatuak 30 urteko espetxea ez ezik, bizi osorako kondena ezarri die euskal herritar horiei. Euskal preso politikoen egoeraren adibide bat da.

Testua:

1. 0. Ipar Euskal Herrian Bake Bidea da presoen askapen bidea lantzen duena. Ezin ukan bere jarduna eta emana.

Haatik, hitzak hitz, komenigarria iruditzen zait kontzeptuetan erreparatzea. Bake bideaz ari gara. Bakea gerra baten ondoren aldarrikatzen da. Hemen, alde batek ez du hori aitortzen edota onartzen. Kasuon, bi gutxienez: Frantziako eta Espainiako estatuek diotenez, haiek ez dira gerran izan.

Beraz, alde batekoek nekez urratuko dute bake bidea, ez bakea ezarriko, beste aldekoak bakean bizi badira.

1. Euskal gatazkaren inguruan kontzeptu gisa ongi adierazia, kontzeptu oker historiko bat nagusitu zen aspaldian, trantsizioa deitutako garaian. Gerra kontzeptua, atzerago jo gabe, Espainiako 1936ko Gerra Zibiletik heldu zen. Orduko gudariak eta frankismoaren diktadura amaitu bitartean (ETAko kideak) borrokatu zutenak, gudariak bezala ekarriak izan ziren, aurrekoekin parekatuta. Atzo eta gaurko gudariak leloak bere funtsari eutsi zion, eta gaur egun ere, bake bidean ari diren askoren buruan gudariaren izaera kontzeptua ez da aldatu.

2. «Gerran izan garenez gero, bakea zor zaigu», diote batzuek, hor nonbait. Baina estatuak ez dira gerran izan, eta euren etsaiek beraiek dioten «gerra» galdu dute. Eta bakea ez ezik, lortzeko borrokatu ziren herri-eskubideak ere ez dizkiote aitortuko. Hau da, gatazka politiko hau ebazteko unean, badaude irabazleak eta galtzaileak. Beraz, gatazka bizirik eta indarrean dago —bestelako indar-harremanetan egun— eta etorkizunean gatazka armatua eta bortitza errepikatzeko proportzioak handiak dira. Etorkizunik etorkizun, berau nola gerta betiere.

«Bakea benetakoa izango bada, eskubidez kargatuta etorri behar da». (Amets Arzallus)

2.0. Giza historian bakea ez da «benetakoa» egundo izan, eta ez da izanen, alde batekoen eskubideak betetzen ez diren bitartean. Alegia, herri horren eskubideak onartuak izanen dira edo ez dira izanen. Burujabe izateko eskubidea, hots.

2.1. Herrien eta pertsonen eskubideak Nazio Batuen Erakundean (NBE) idatzita egon arren, ez dira lortzen lege dekretuz, ez gaur egungo demokraziaren arau. Munduko demokrazien konstituzioetan dauden eskubideak norbanakoei nahiz herriei dagozkienak ez dira inoiz ez inola ere bete, ez betetzen, ez beteko. Herrien eta pertsonen eskubideak borrokaren ondorioz erdiesten dira, eta betetzen dira «arerioaren eskubideak zapaltzen dituen aldeak bere pribilegioak eta boterea galtzeko zorian dagoenean». Orduan baino ez.

«Gerra» irabazita ere eskubideak betetzea nekeza bada, «gerra» galdu duen alde ahularentzat, ezinezkoa.

3. 0. Gure historia berriko adibide batzuk, eskubideen lorpenak ilustratze aldera.

1970ean, Burgosko prozesuan edota auzian, Espainiako Estatuak sei heriotza zigor ezarri zizkien ETAko sei kideri. Hala ere, herri, estatu, Europa eta mundu osoan izan ziren mobilizazioei esker, bertan behera utzi behar izan zituen erregimen frankistak.

1975ean, berriz, Estatu berak ETA erakunde armatuko Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi kideak, FRAP erakunde armatuko Xosé Humberto Baena, José Luis Sánchez Bravo eta Ramón García Sanz fusilatu zituzten, gerra-kontseiluan epaitu ondoren. Mobilizazioak eta elkartasun ekitaldiak erraldoiak izan ziren orduan ere bai. Hala ere, haien eskubideak ez ziren errespetatu.

Eskubiderik eskubide, zergatik lehenean zigorrak ez ziren bete eta bai bigarrenean? Irakurketa asko egin daitezke, nirean hauxe nagusitzen da:

Lehenean, diktadura gordinean, eskubideen aldarrikatzaileen aldean ez zegoen pitzadurarik.

Bigarrenean, erregimena gain behera zihoan, «demokraziarako trantsizioa» zetorren, eta eskubideen aldarrikatzaileen interesak —alderdi politikoenak, sindikatuenak, nazioarteko eragileenak, besteak beste...— aldatu ziren.

Lehen kasuan ez bezala, bigarrenean Diktadurak ez zuen jada zer galdurik. Bereak egina zuen edo egiteko zorian zegoen.

Azken adibide bat, giza eskubideen haizutasunaz eta egokitasunaz:

Demokraziarako trantsizioa delakoa iragan, eta ETAk «gerra»-n segitu zuen. Ez da egia ETAk inoiz ez duela bataila bat irabazi (berdin zait garaipena, erreflexioa behar dut), Lemoizko zentral nuklearraren aferan ETAk lorpen politiko bat erdietsi zuen. Beste kontu bat da, Mugimendu antinuklearra zenak ETAren jarduerarekiko zuen jarrera eta lorpen politiko hura lortzeko moldeaz eta egokitasunaz pentsatzen zuena.

Alegia, Espainiako Estatuak —orduko demokraziaren parametroetan arabera—, indar korrelazioaren ondorioz galtzeko gehiago zuelako irabazteko baino, amore eman zuen, eta aldarrikatzen zen eskubidea bete zuen. Hots, zentrala ixtea. Bortxa edota jarduera armatua tartekoa izanda ere.

Herrien eta pertsonen jatorrizko eskubideak naturalak izan arren, eskubideak ez dira betetzen modu naturalean. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala falazia da, sofisma hutsa.

Bortxazko jarduera naturala ote denetz, beste molde bateko erreflexioa da. Bego oraingoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.