begona del teso
ANALISIA

Aurpegi anitzeko Deabrua Berlinen dantzan

2017ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Esan, esan daiteke aurtengo Berlinalen amodiozko istorio batek irabazi duela epaimahaiaren estima handiena. Eta ez ginateke gezurretan ari baina egia da Teströl és lélekröl /On Body and Soul ez dela ohiko amodiozko ipuina ere. Heriotzak setiaturik, hiltegi batean egiten dute lan maitale zorion eskaseko horiek. Egia esan behar badugu, Deabrua, Etsaia libre eta ehizan ibili da Berlinen.

Alemaniako Zaldun-inaute egunean bukatu zen 2017ko Berlinale. Poliziak eta Armadak gogor babesturiko kale eta kalexkatan zehar. Cleopatra pare bat ikusi genuen. Antzinako soldadu pila. Pailazo beldurgarri anitz eta karroza bihurturiko kamioiak. Baina guk Deabruaren, Etsaiaren, Gaitzaren itzala, kiratsa sumatzen genuen oraindik zeluloideak harturiko zerupean.

Deabruaren presentzia, bai. Hasiera-hasieratik. Milena Canonero jantzi sortzaile paregabeari eman zioten aurtengo Ohorezko Hartza. Merezia baitu. Berak sortutakoak dira gure ariman zein begietan zein erraietan aspaldi daramatzagun irudi ikoniko franko. La naranja mecánica, Barry Lyndon, Aita jauna III, Wes Andersonen berdinik, igualik ez duten The Life Aquatic with Steve Zissou edota Grand Hotel Budapest. Garaikurra jaso zuen zeremoniarako Milenak Kubricken The Shining jar zezaten eskatu zuen. Eta horra hor, boteprontoan, Overlook hotelean sartu ginela, Gaitza, Gaitza benetakoa aurrean genuela Berlinale Palast dotorean. Handik metro gutxira, Philarmonie orkestra miresgarriaren egoitzan, LigetirenLe Grand Macabre-k sorgintzen zuen leporaino beteriko aretoa.

Deabrua. Benetakoa eta gizakiok sorturiko besteak. Amnesty Internationalek eskainitako saria Everardo Garcia mexikarrak lortu zuen La libertad del Diablo filmagatik. Hemen ez dago otoi egingo zeniokeen jaungoikorik. Hemen ez dago irteerarik, salbaziorik. Hemen, denak, biktimak eta borreroak Gaitzaren seme-alabak, sikarioak edo esklaboak gara. Hemen hitzek eta isiluneek, espazioak eta soinuak, kaputxek, ezpainek, eskuek egiten dute sendatuko ez zaizun mina.

Deabrua Berlinen. Generation K Plus sailean (nerabeentzako zinemaldi prestua) gazteek zilarrezko hartza eman zioten Rafael Kapilinskiren Butterfly Kisses lan garratzari. Bertan, Londresko etxe babestuetan bizi diren neska-mutilok hurbilean dantzan dabiltzan mamu anitzei egiten diote… aurre? Harrera? Gonbita akaso? Dena zuri-beltz anker batean filmatua.

Gaitza bai. Gaitza berdaderoa. Edo guk sortutako hainbat eta hainbat klase handiko imitazioak. Generation K Pluseko beste sari harrigarria: Ceux qui font les révoluions à moitié n´ont fait que se creuser un tombeau non, izenburuak dioen bezala, aztertzeko gaia zera da: noraino joan gaitezkeen, joan behar dugun, joaterik dugun Iraultzaren izenean?

Gaitza. Barruan daramaguna. Barrutik mintzatzen zaiguna. Film laburren artean, Claire Randall australiarrak irabazi zuen. Wolfe du izena haren lanak. Gazte batek buruan zein hezurretan entzuten dituen ahotsen berri ematen digu kameratik begirada sekula ez apartatuz.

Gaitza. Etsaia. Geure-geurea. Arerio eta kide. Gaitza. Gaurko, biharko, aspaldikoa. Little Odessa eta We Own the Night egiazko artelanen egilea den James Grayek The Lost City of Z-en Lope de Aguirrek eta Fritzcarraldok partekatu zuten eldarnio, sukar bera erakusten digu: ezezagunaren bila joateko irrika gaindiezina. Ezinezkoa menpe izateko desio eutsiezina. Deabruaren mila aurpegi ezagutzen ez dutenek ez zuten pelikula onartu. Guk bai, ordea.

Deabrua aise eta suelto Berlinen. Ez bakarrik Brasilgo aspaldiko iraultzaren berri etena ematen digun Marcelo Gomesen Joaquim aldrebestuan, baizik eta Oscarretarako izendatua den eta Panorama sailean ikusleriak saritua izan zen I Am Not Your Negro lan bikainean. Omenaldi gazi-gozoa egiten dio bertan James Baldwini Haitiko Kultur Ministroa izan zen Raoul Peck zinemagile onets eta amorratuak. Berlinale Talents izeneko behin-behieneko unibertsitatean urtero biltzen diren zinema ikasleei honako aholku hau eman zien: «Zabiltzate kontuz. Zuek, gazteak, kontsumitzaile primerakoak zarete eta konpainia, enpresa guztiek ederki dakite hori. Zabiltzate erne, egiten duzuen irudirik txikiena ere zama izango da zuentzat. Inor inoiz akordatuko baita zuetaz behin zuek egun ahazturiko fotograma horrek mindu, alaitu, haserretu edo dudarazi zuelako».

Askotan zaila da oso Ankerra Atseginatik bereiztea. Jendeak txaloka eta malko gozoz jaso zuen Chavela-n, Deabruaren izaera poliedrikoaren berri zehatza izan genuen. Ai, zein maitale desiragarria, hain delizios eskaintzen dizun tekila, lapurtzen dizun musua! Ai, zein altua pagatu beharreko prezioa! Ai, zein ederra Heriotzak dakarren atsedena!

Deabrua ibili zen dantzan Berlinen eta Berlinalen. Eta ikusleak testigu, biktima, kide, konplize izan ziren/ginen hamar egunez. Dantzan jarraitu zuen igandean, inauterietako igande zoro zeluloidezko hartan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.