Athletic 1-0 Girona

Argia gertuago dago orain

Athleticek partida handia egin du, eta 92. minutuan jaso du merezitako saria Adurizek penaltiz sarturiko golarekin. Iraizozek partida ikusgarria egin du taldekide ohien aurka
Iñaki Williams Athleticeko jokalaria lurretik altxatzen, aukera bat huts egin ondoren, atzoko partidan.
Iñaki Williams Athleticeko jokalaria lurretik altxatzen, aukera bat huts egin ondoren, atzoko partidan. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko abenduak 11
Golak. 1-0: Adurizek (pen. 92. min.). Epailea. Prieto Iglesias. Txartel horiak: Athleticeko Beñat, Capa eta Nuñezi; eta Gironako Juanperi. Bestelakoak. 34.060 ikusle San Mamesen.

Putzuan dago Athletic. Putzuan hasi zuen jardunaldia, eta putzuan jarraitzen du. Argiak, baina, askoz gertuago dagoela dirudi Adurizek atzoko partidako azken minutuan sarturiko penaltiaren ondoren. Sailkapenari begira, jaitsiera postuetatik irten da; eta, jokoari erreparatuta, itxaropen bultzada jaso du. Gaizka Garitanok aurrenekoz zuzendu zuen taldea ligan, eta jokalariek itxura ona eman zuten. Haren sistema ez da Berizzorena bezain ausarta, baina Athletic ez dago lore jokoetarako. Sendo aritu zen atzean, eta oldarkor erasoan. Hegaletatik sartuta erremate asko egin zituen atera, baina Gorka Iraizozekin egin zuen talka. Athleticeko atezain ohiak partida ikusgarria egin zuen. Atera zihoazen zazpi jaurtiketa gelditu zituen, baina Adurizen maisulan penaltia gehiegi izan zen bere inspirazioarentzat.

San Mamesek ondo ulertu zuen egun berezia zela. Taldeak premia zuen, eta harmailak eltze bat izan ziren. Giro beroa estadioaren kanpo aldean ere suma zitekeen, baita astelehen gauez joaniko zale kopuruan. Berotasun horrek jokalariak kutsatu zituen, eta modu ikusgarrian ekin zioten partidari. Goian presionatu eta hozka eginez, hiru aukera garbi izan zituzten lehen ordu laurdenean. Minutu bikainak izan ziren, baina zuri-gorriek ez zituzten aukera horiek baliatu, hiruretan Iraizozek meritu handiko geldiketak egin zituelako. Aurrenekoan Williamsen asmoa zapuztu zuen, eta hurrengo bietan Adurizenak. Hamabost minutu eta Athleticek lehen gola merezi zuen, baina futbolean merezi izatea ez da aski.

Gironak bere zelaian egin zituen lehen hogei minutuak, baina irten zen aurrenekoan susto handia eman zuen. Kontraeraso batean Nuñez labaindu egin zen, eta Stuanik ondo baliatu zuen Porturen erdiraketa gola sartzeko. Aurrelariak, baina, eskua baliatu zuen kontrolean, eta VARak justizia egin zuen. Epailearen erabakia gola bailitzan ospatu zuen San Mamesek. Lazeria gorriaren gauzak dira. Sustoak Athletic lotu zuen hogei minutuz, baina zatiaren azken txanpan beste bi golpe jotzeko kuraia atera zuen. Bigarrenean (41. min.), Iraizozek, berriz ere, modu ikusgarrian gelditu zuen Cordobaren jaurtiketa.

Lehen zatiko azken txanpako inertziari eutsi zion Athleticek bigarrenaren hasieran. Partidaren zama hartu zuen bere gain. Ondo jokatu zuen, Gironari arnasa hartzen utzi gabe. Aurkariek ia ez zuten jokorik sortu. Capak eta Cordobak sakontasuna eman zioten jokoari hegaletatik eta arriskua sortu zuen. Gehiago zen, eta errematatzea lortu zuen, baina Iraizozekin egin zuen topo berriz. Aukera argiena Adurizek izan zuen (73. min), baina bere burukada zutoinera joan zen, atezainak hatz puntekin ukitu ondoren. San Mamesek ezin zuen sinetsi.

Atal onena falta zen baina, Aduriz agertu behar zen. 92.minutuan, Ramalhok zalantzazko penaltia egin zion Muniaini, eta Adurizek ez zuen huts egin. Aurrelariak erdi-erditik eta leun bota zuen. Odol oso hotza behar da horrela jaurtitzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna