Eibar 3-0 Espanyol

Lasaitzeko garaipena

Eibarrek amaiera eman dio sei partidako lehorteari, eta aise menderatu du Espanyol Ipuruan, ohiko joko onari golak gehituz
Eibarreko Sergi Enrich atzo Ipuruan izan zen lehen gola sartzen.
Eibarreko Sergi Enrich atzo Ipuruan izan zen lehen gola sartzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Aitor Manterola -

2019ko urtarrilak 22
Golak. 1-0: Enrichek (24. min.). 2-0: De Blasisek (52. min.). 3-0: Charlesek (83. min.). Epailea. Martinez Munuera. Txartel horiak: Eibarreko Jordan eta Enrichi; eta Espanyoleko Victor, Didac, Iglesias, Granero eta Baptistaori.

Bukatu da Eibarren lehortea, eta sei partida irabazi gabe egon ondoren, garaipena lortu zuen atzo Espanyolen aurka, Ipuruan. Lasaitasun handia ere irabazi zuen, sailkapenean gora egin duelako: hamaikagarrena da, eta bost puntura utzi du jaitsiera.

Hala ere, ez zion ohi bezain indartsu ekin partidari, eta pixkanaka joan zen motorra berotzen. Hegaletatik pare bat erdiraketa arriskutsu bakarrik egin zituen aurreneko zortzi minutuetan. Berehala sortu zuen aukera garbia, hala ere. Kikeren jaurtiketa, ezkerrez egina, ez zen txarra izan, baina Diego Lopezek bikain urrundu zuen baloia kornerrera.

Etxekoak ziren baloiaren jabe, eta Espanyol zain zegoen lapurtu eta kontraerasoan ateratzeko. Horixe egin zuen 17. minutuan, eta Baptistao Riesgoren aurreraino heldu zen, baina kanpora egin zuen jaurtiketa. Hogeigarren minutuan, Enrichek egin zuen gauza bera, eta handik hiru minutura sekulako aukera galdu zuen alferrik aurrelariak, Naldo atzelariaren huts larria baliatuz Diego Lopezekin buruz buruko jokatu zuenean; atezainak urrundu zion baloia kornerrera. Aurrelariaren gol falta hizpide den garaiotan, marmarra handitzeko aukerari ez zion minutua ere eman kataluniarrak, hurrengo jokaldian sarera bota zuelako baloia, lehengo kornerraren bigarren jokaldia ondo amaituz. Lasaitasun handia eman zion horrek taldeari, baina ez zegoen lo hartzerik, Espanyolek erraz antzean zapaltzen zuelako etxekoen area saiatu izan zen gutxitan.

Bigarren zatian, oso eroso

Espanyol beste itxura batekin zelairatu zen bigarren zatian, baloia edukitzeko asmoz, eta Baptistaok aukera ona izan zuen 48. minutuan, baina atzelariek urrundu zioten jaurtiketa kornerrera. Azkar kendu zizkion jolaserako gogoak Eibarrek, ordea. De Blasisek bigarrena egin zuen 52. minutuan —lehenengoa du Eibarrekin—.

Ordutik aurrera, Eibarrek leku gehiago izan zuen aurkariaren zelaian ibiltzeko. Gainera, aurkaria ito egin zuen bere zelaian, eta erabat mendean izan zuen partida. Hori ez da berrikuntza Ipuruan sasoi honetan; berria izan zen jokoari emaitza gehitzea. Charlesek biribildu zuena, hirugarren golarekin, amaieran.