IRITZIA

Emakumeen futbolaren garaipena

Eneritz Haro Alba
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
«Horregatik, gustatuko litzaidake maiatzaren 12-13ko asteburuan jokatu behar duten Reala-Athletic derbia Anoetan izatea, eta ahalik eta jende gehiena joatea. Partida berezia izango da, derbia delako eta Realak Kopan sartzea izan dezakeelako jokoan». Duela aste batzuk hori idatzi nuen, eta, azkenean, herenegun egia bihurtu da.

Realzale gisa asko pozten nau partida Anoetan jokatu izanak, nire taldea ez delako atzean geratzen beste talde batzuen aldean. Ez nuen espero hainbeste jende joatea partida ikustera (21.500 ikusle). Batzuek esaten zuten eserleku asko hutsik geratuko zirela, eta horrek itxura txarra emango zuela.

Nolanahi ere, garrantzitsuena ez zen zenbat eserleku geratuko ziren hutsik, baizik eta zenbat betetzen ziren. Beti izango ziren gehiago Zubietako mila ikusleak baino.

«Nik uste dut jendeak jakiten badu Realak emakumeen futbol taldea daukala eta jendeak jakiten badu gizonak bezain onak direla jende asko joango dela partida bat ikustera». Hori ere idatzi nuen gutunean, eta, azkenean, gizonezkoen Reala-Leganes partidara baino jende gehiago joan da herenegun Anoetara (partida horretara 19.900 ikusle joan ziren).

Partidan, Athleticek 1-4 irabazi du, baina Realzaleok partida osoan animatu dugu, eta, gainera, Reala Koparako sailkatu da, nahiz eta galdu. Giroa bikaina izan da. Partida horretan ez du Athleticek bakarrik irabazi, emakumeen futbolak irabazi du. Eskerrik asko Anoetara joan zareten guztioi!

Eta orain, zer? Aintzane Encinasek esan zuen bezala, orain arte neskek amestu zezaketen bakarra Realean jokatzea zen, baina hemendik aurrera Realarekin Anoetan jokatzea ere amestu dezakete. Ez dakit hemendik aurrera partida guztiak Anoetan jokatuko diren, baina noizbehinka Anoetan jokatzea espero dut. Eta, horrez gain, espero dut Realak emakumeen aldeko erabakiak hartzen jarraitzea, eta gutun gehiago idatzi behar ez izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.