Sevilla 2-0 Alaves

Ikusle hutsa izan da

Alavesek bigarren neurketa galdu du jarraian, Sevillaren zelaian. Oso lehia eskasa jokatu du, eta Europako postuetatik at da orain

Pacheco eta Laguardia burumakur, Sarabiak gola sartu eta gero. JULIO MUÑOZ / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Roque Mesak (41. min.). 2-0: Sarabiak (80 min.). Epailea. Martinez Munuera. Txartel horiak: Sevillako Navasi, Eskuderori eta Mesari, eta Alaveseko Waksori, Pinari, Bastoni eta Ximori. Bestelakoak. 33.212 ikusle Sanchez Pizjuanen.

Sevillaren zelaian suzko proba izan zuen atzo Alavesek, eta ez zuen gainditu. Atletico Madrilen aurka 0-4 galdu ostean, Sanchez Pizjuanen suspertzea zegokion Arabako taldeari, Europan jokatzeko ametsari bizi-bizirik eusteko. Bada, ez zuen inongo meriturik egin Gasteizera punturen batekin itzultzeko, eta guztiz merezita gailendu zitzaion Sevilla. Ondorioz, Europako postuetatik kanpo gelditu da. Bi puntu eskasera ditu, baina asko hobetu beharko du bertara itzultzeko.

Azken neurketan baino sendoago jardun zuten arabarrek; ordea, sormen arazo larriak izan zituzten, eta ez zuten ia jokaldi aipagarririk sortu. Kontraerasoak ez zituzten ohi bezala baliatu, ezta geldikako jokaldiak ere. Hartara, ikusle izatera mugatu ziren. Jaurtiketa bakarra egin zuten atera: Callerik behartuta egindako jaurtiketa bat, area barruan oso berandu erreakzionatu ostean (34. min). Erasoko emari horrekin, ezinezkoa da Sevillaren mailako talde bat artegatzea.

Etxekoak oso eroso aritu ziren defentsan, eta erasoan, arabarren atzeko lerroa pixkanaka higatuz joan ziren. Hasieran, kosta egin zitzaien barrutik jokoa sortzea, eta eskuinetik eginiko erdiraketekin saiatu ziren. Ordea, beste martxa bat sartu zuten lehen zatiaren amaieran, eta atsedenera heltzeko lau minuturen faltan jaso zuten saria. Sarabiak atzera jokatu zuen area barruan, odol hotzez, eta Mesak jaurtiketa geldiezin batekin gainditu zuen Pacheco.

Unerik mingarrienean jaso zuen gola Alavesek, eta aldageletatik bueltan, ez zuen kolpetik altxatzeko imintziorik ere egin. Pina eta Jony gasteiztarren jokoa bizitzen saiatu ziren, baina ez zen nahikoa izan. Inui desagertuta egon zen, eta aurrelariei ez zitzaien baloirik iritsi. Gauzak hala, 80. minutuan partida itxi zuen Sarabiak, buruz buru Pacheco aise gaindituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.