EIBAR 0 LEGANES 0

Ez du lortu nahi zuena

Eibarrek hutsean berdindu du Leganesen aurka. Gipuzkoarrek aukera garbirik ez dute sortu, eta puntu bakarra poltsikoratu dute

Ruben Perez eta De Blasis hegalaren gainean, lehian, atzo Ipuruan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Epailea. Prieto Iglesias. Txartel horiak: Eibarreko Diop, Correa eta Charles; eta Leganeseko Bustintza, Siovas eta Cuellarri.

Partida atariko prentsaurrekoan Jose Luis Mendilibar eta Javier Agirre bat zetozen Eibar eta Leganesen arteko norgehiagokak hutsean amaitzeko aukera zuela. Biek puntuen beharra zuten, eta irabaztea garesti zegoen. Aurreikuspena bete egin zen. Joko gutxiko partida izan zen, bi aldeetan aukera garbirik sortu gabekoa. Eibar aurkariaren arean ez zen bat ere fin ibili, eta saria ere halakoxea izan zuen. Hutsean berdindu zuen Leganesen aurka, eta, Mallorcak Levanteri irabazita, gipuzkoarrek orain mailaz jaisteko postuak lau puntura dituzte.

Jose Luis Mendilibarrek sei aldaketa egin zituen, aurreko neurketako hamaikakoarekin alderatuta, eta hasierako minutuetan, Eibarko jokalariek zuten freskotasun hori igarri egin zen zelaian. Gipuzkoarrek baloia azkarrago mugitzen zuten alde batetik bestera, baita abagune gehiago sortu ere. Aipagarriena Kike Garciak eduki zuena: Rober Correak ezker hegaletik erdiraketa egin eta aurrelariak buruz ondo errematatu bazuen ere, ez zion nahi besteko indarrik eman baloiari, eta Ivan Cuellar Leganeseko atezainak arazorik gabe gelditu zuen. Lehen hogei minutuan Mendilibarren jokalariek lau korner izan zituzten alde, baina ez zieten etekinik atera, bisitariak erne baitzeuden.

Leganesi gehiago kosta zitzaion partidan sartzea, baina ura edateko etenaren ostean, Agirreren mutilek zelaian pauso bat aurrera eman, eta aukera garbienak haiek sortu zituzten. 25. minutuan Aitor Ruibalek area kanpotik egindako jaurtiketa indartsua Marko Dmitrovicek kornerrera desbideratu zuen; eta handik ordu laurdenera, berriz, Unai Bustintzak ezkerretik faltaz egindako erdiraketa pozoitsu batean ez zuen behar bezala errematatu.

Txinpartarik gabe hasi zen bigarren zatia. Bi taldeek lanak zituzten aurkariaren zelaira hurbiltzeko, eta nabaria zen ez zutela arriskatzeko asmorik. Jokoak ere abiadura handirik ez zeukan. Horrez gain, Eibarrek baloia behetik mugitu beharrean, goitik jokatzeko hautua egin zuen, baina Leganesen harresia eraisteko modurik ez zegoen, bosteko defentsa lerroa baitzeukan jarria Agirrek.

Norabide argirik ez

Partidari beste norabide bat emateko asmoz, Mendilibarrek hiru aldaketa egin zituen. Inui, Charles, eta Cristoforo zelairatu zituen Pedro Leon, Enrich eta Correaren ordez. Zaldibarkoak (Gipuzkoa) jokoari sakontasuna eta abiadura eman nahi zizkion, baita arriskua sortu ere. Aurkariaren zelaian urrats bat aurrera egitea lortu zuen, baina amaierako jokaldietan zehaztapenik gabe gelditzen ziren, Legenesen mesederako.

Partida amaitzeko hamabost minutu falta zirela, Quique atera zen partida erabakitzeko gogoz. Area txikian izan zuen aukera, baina hutsala izan zen. Azkenerako, Eibarrek puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuen. Lau puntura dituzte orain jaisteko postuak. Ezin du lo hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.