KRITIKA. Donostiako 81. Musika Hamabostaldia

Zailean aise

2020ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun

Gerhard laukotea

Zikloa: Musika Garaikidea. Musikariak: Lluis Castan eta Judit Bardolet (biolinak), Miquel Jorda (biola), Jesus Miralles (biolontxeloa). Egitaraua: R. Gerharden Harientzako 1. eta 2. laukoteak eta G. Loidiren Harientzako 5. laukotea. Lekua: Donostiako San Telmo museoa. Eguna: Abuztuak 17.

Gerhard laukotearekin izan genuen Musika Garaikideari eskaintzen zaion zikloaren bigarren zita. Duela hamar urte sortua, taldeak Roberto Gerhard konpositorearen abizena darama, musika katalanaren pertsona esanguratsu bezain ahaztuarena. Haren heriotzaren 50. urteurrena betetzen den honetan, berak idatzitako harientzako bi laukoteak taularatu zituzten katalanek.

Roberto Gerhardek I. Albeniz, M. Falla eta E. Granadosen irakasle izan zen Felipe Pedrellekin egin zituen konposizio ikasketak lehenik, eta Granados bera izan zuen pianoko irakasle. Gerora, eta 1928. urtera arte, Arnold Schoenbergen ikasle ere izan zen. Espainian dodekafonismoa eta serialismoa lantzen lehenetarikoa izan zen, musikaren arloan atzerapen sakona bizitzen zuen lurraldean abangoardien hizkuntza desberdinak hedatuz. Sistemek eta soinuek liluratu egiten zuten. Bere Harientzako 1. laukotea 1955ean bukatu zuen, jada Cambridgen erbesteratua. Lau mugimenduen egitura klasikoari jarraituz, Allegro assai lehen mugimenduak tonalitate sotiletik serialismora eramaten gaitu pixkanaka; gainerakoek bizitasun eta dramatismo handiko ibilbidea egiten dute. Gai nagusirik agertzen ez den arren, ehundura aberatsak zabaldu ziren taldekideen jardunean.

Programa irekitzen zuen Harientzako 2. laukotea 1961-1962 bitartean idatzi zuen. Lehenengo laukotea baino egitura libreagoa eta konplexuagoa dauka: teknika sendoa eskatzen duten zazpi mugimendu motz eta trinkoz osatuta, dodekafonismoan murgilduta. Intentsitate handiko ziztadak, biolontxeloan ostinatoak eta efektu handiko arku-kolpe anitzek zeharkatzen dute obra. Gerhard Laukoteak tempoak luzatu zituen orokorrean, eta sonoritatearen lanketa sakona erakutsi zuen une oro, zailtasun handiko pasarteak aise eta sen onez gidatuz.

Gerharden bi laukoteen artean, Gabriel Loidi donostiarraren Harientzako 5. laukotea entzun ahal izan zen, duela bi urtekoa. Unibertso higikorra proposatzen du Loidik, erritmoen eta gaien garapen eraginkorrak lantzen dituena. Garaiaren kidea baldin bada, asko dauka musikak esateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.