Moralesek hirugarren agintaldia eskura du gaur Boliviako bozetan

Azken inkesten arabera, Evo Moralesek botoen %57 lor ditzake, eta, hala, ez luke bigarren itzulira joan behar.

Boliviako ekonomia industrializatuko duela agindu du presidenteak
Moralesen MAS alderdiaren jarraitzaileak presidentearen mitin batean, joan den asteazkenean, El Alton, Bolivian.
Moralesen MAS alderdiaren jarraitzaileak presidentearen mitin batean, joan den asteazkenean, El Alton, Bolivian. MARTIN ALIPAZ / EFE

Jon Fernandez -

2014ko urriak 12
Bost hautagai daude, baina, azken inkesten arabera, Evo Moralesek zailtasun handi barik irabazi ditzake gaurko hauteskundeak. Bigarren itzulirik ez luke beharko, gainera. Parlamentua eta presidentea aukeratuko dituzte gaur Bolivian, eta inkestek %57-%59ko babesa iragartzen diote gaur egungo presidenteari. Oso urrutitik jarraitzen dio bigarren hautagaiak, Samuel Doria Medina enpresari kontserbadoreak, %13-%18ko babesarekin. Hirugarren agintaldia eskura du Moralesek. 2020ra arte jarraitu nahi du presidentetzan, eta kanpainan egindako promesa nagusia ekonomikoa izan da: Bolivia lehengaien ekonomiatik ekonomia industrialera eramango duela agindu du.

Hain zuzen ere, aldaketa ekonomiko eta sozialak izan dira Moralesen bederatzi urteko agintaldiko garaipen nagusiak. Muturreko pobrezia %28tik %18ra jaistea lortu du eta NDFk eta Munduko Bankuak ere aitortu dizkiote lorpen ekonomikoak: iaz %6,5eko hazkundea izan zuen. Datu on horien atzean, batez ere azken bi legealdietako sektore gakoen nazionalizazio prozesuak daude. Boliviako aberastasun naturalen inguruko sektore ekonomiko nagusiak gobernuaren esku daude. Gas esportazioek, esaterako, sekulako pisua dute ekonomian: esportazioen %57 izan ziren iaz.

Gasaren salmentarekin lortutako diruarekin finantzatzen ditu, neurri handi batean, industrializazio planak eta pobreziaren kontrakoak. Moralesek milioika euroko inbertsio publikoak egin ditu gas naturala industrializatzeko eta petrokimikaren industrian sartzeko. Energia nuklearra garatzen hasteko programa bat ere iragarri du presidenteak.

Moralesen bi agintaldietako onura ekonomiko eta sozialek ez eze, Hagan Txileren kontrako salaketa jartzeak ere babes handia eman dio herritarren artean: XIX. mendean bi herrialdeen arteko gerra batean Ozeano Barera zeukan aterabide naturala galdu zuen Boliviak, eta hura erreklamatzen du orain presidenteak.

Baina Moralesen aroak baditu ahultasunak ere, eta horiek eragina izan dezakete hautesleen aukeraketan. Hamar miloi laguneko herrialdea da Bolivia, eta 850.000 ume ari dira lanean. Moralesen gobernuak «arautu» egin zuen adingabeen lana, baina ez zuen debekatu. Langile autonomo izateko gutxieneko adina 10 urte dira, eta kontratatua izatekoa 14. Morales esplotazioaren kontra agertu izan da, baina adingabeek lan egitearen alde, «kontzientzia soziala» sortzen duela argudiatuta.

Gainerako hautagaiak

Genero indarkeria da beste alde ilunetako bat —indarkeria matxista handiena duen Latinoamerikako herrialdea da, NBEren arabera—. Aurten 70 emakumetik gora hil dituzte, eta Justiziak dozena bat hiltzaile baino ez ditu zigortu. La Pazeko gobernuak indarkeria matxistaren kontrako lege gogor bat onartu zuen iaz, baina ezinezkoa izan da martxan jartzea, sistema judizialak huts asko dituelako. Hain zuzen ere, Justizian du konpondu beharreko beste arazo bat Boliviak: 2012an ustelkeria sare baten kasua azaleratu zen.

Moralesen aurkari politikoen artean Doria Medina kontserbadorea da indartsuena, inkestan Moralesengandik 40 puntura badago ere. Boliviako pertsonarik aberatsenetakoa da. 2005eko eta 2009ko bozetan hirugarren geratu zen; orain bigarren doa inkestetan.

Hirugarren hautagaia Jorge Quiroga eskuindarra da, 2001ean urtebetez Boliviako presidente izana. 2005eko bozetan Moralesekin lehiatu zen, eta bigarren geratu zen, botoen %28,59rekin. Orain %8ko babesa baino ez diote iragartzen inkestek.

Laugarren hautagaia Juan del Granado progresista da, Juan Sin Miedo —Juan Beldurrik Gabea—. La Pazeko alkate izan zen 1999tik 2010era. Oso aukera gutxi ditu, inkestek %3,4ko babesa ematen baitiote. Azkenik, Fernando Vargas Boliviako Alderdi Berdeko hautagaia dago. Moralesen kontrako kritika gehien sortu zuten indigenen martxen buruetako bat da Vargas —erreserba natural batetik igarotzen zen errepide baten eraikuntza geratzeko egin zituzten martxa jendetsuak—, baina botoen %0,8 lortuko ditu inkesten arabera.

Gaur, sei milioi boliviar daude derrigortuta botoa ematera. Izan ere, 2010ean Hauteskunde Legea aldatu zuten, urtebete lehenagoko konstituzio aldaketara moldatzeko. Hamazortzi urtetik gorako herritarrak hauteskundeetan parte hartzera behartuta daude. Soilik 70 urtetik gorakoek eta bozketaren egunean atzerrian daudenek dute ez bozkatzeko aukera —halere, beste 33 herrialdetan bizi diren boliviarrek ere izango dute bozkatzeko aukera—. Bozkatzen ez dutenek hurrengo hiru hilabeteetan ezingo dute izapide administratiborik egin erakunde publikoetan boto ziurtagiririk ez badaukate.

Hauteskunde Legearen arabera, hauteskunde egunaren aurreko bi egunetan eta biharamunean debekatuta dago edari alkoholdunak saltzea eta kontsumitzea, eta baita aurreko hiru egunetan kanpaina egitea ere. Oposizioak isiltasun arau hori apurtzea egotzi dio Moralesi, herenegun ekitaldi publiko batean parte hartu zuelako. Gobernuaren arabera, ordea, presidenteak ez du debekurik gobernu ekitaldietan parte hartzeko eta ez du legerik hautsi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna